NAIZ

XXI. mendeko urterik beroena eta lehorrena izan zen 2022a Gipuzkoan

Gipuzkoako puntu ugaritan tenperatura maximo historikoak erregistratu ziren 2022an, eta urtean zehar %20 eguzki ordu gehiago izan ziren. Lurralde osoko prezipitazio metatutak 1981-2010 aldian baino %20 gutxiago izan ziren.

Zarautzko hondartza.
Zarautzko hondartza. (Jon URBE | FOKU)

Klima aldaketak Gipuzkoan duen inpaktuari eta eragiten duen kalteberatasunari buruzko txostena aurkeztu dute Jose Ignacio Asensiok Gipuzkoako Iraunkortasuneko diputatuak eta David Zabala Naturklimako zuzendariak ostegun honetan.

Txostenak bi bloke nagusi ditu. Lehen blokean klimaren oinarrizko aldagaietako mundu mailako eta Gipuzkoako aldaketen jarraipena egiten da, etengabe neurtzen diren 85 adierazleren baitan. Bigarren blokea, aldiz, xehetasunez aztertzen ditu klima aldaketak lurraldeko ur masetan (ibaiak, urtegiak eta akuiferoak) eta ur baliabideetan dituen ondorioak.

Tenperaturak gora urtaro guztietan

Txostenaren arabera, 2022 XXI. mendeko urterik beroena izan zen Gipuzkoan, eta urteko batez besteko tenperatura 14,5 °C izanik lurraldeko estazio meteorologikoetan, gutxi gorabehera erreferentziako aldian (1981-2010) erregistratutako batez besteko tenperatura baino 1 °C handiagoa. Ziurrenik, izango zen, eta estazio ugaritan maximo historikoak erregistratu ziren.

Urtaro guztietan igo ziren tenperaturak. Negua, eta bereziki, abendua, oso beroa izan zen, 20 ºC-ren gaineko erregistroak izan zirelarik. Udaberria oso beroa izan zen, eta maiatza nabarmendu zen lehenengoz 30 ºc-tik gorako tenperaturak erregistratu zirelako lurraldeko estazio askotan.

Udan tenperatura altuak etengabeak izan ziren eta muturreko beroko hainbat gertaera izan ziren. Gehieneko tenperatura absolutua izan zen 42,88 ºCkoa izan zen, Arrasateko estazioan neurtua. Era berean, intsolazioa ohiko balioak baino nabarmen handiagoa izan zen, guztira %20 eguzki ordu inguru gehiagorekin.

Udazkena ere oso beroa izan zen lurralde guztian. Urria izan zen bereziki nabarmena, lurralde guztian 4 ºC baino gehiagoko batez besteko anomaliarekin, eta edozein hilabetetan inoiz ikusitako anomaliarik handiena izan zen.

Gau tropikal gehiago

Eguneko batez besteko, gehieneko eta gutxieneko tenperaturak handitzeaz gain, gau tropikalak eta egun beroak ere geroz eta gehiago izaten dira. Gau tropikalei dagokienez, 2022an, errekorra gainditu zen, batez ere kostako herrietan; Hondarribian, adibidez, 29 gau tropikal izan ziren.

Egun beroei dagokienez, lurralde guztian gorako joera nabarmena dela ohartazi du Naturklimako txostenak. 2022an, 32 ºC baino gehiagoko egunen kopurua oso altua izan zen estazio meteorologiko guztietan, 20 egun batez beste, baina 25 egun baino gehiagotan gainditu zen tenperatura hori Alegia edo Añarbeko estazioetan, eta 30 egun baino gehiagotan Arrasaten edo Estandan.

Azken hamarkada erreferentziako aldia baino zertxobait hezeagoa izan den arren, 2022ak joera positibo hori urratu du, 1981-2010 erreferentziako aldian baino %20 inguru gutxiago prezipitazio izan baitira. Goierri izan zen lurraldeko zonalderik lehorrena.

Bizkaiko Golkoan itsasoaren maila igotzeari dagokionez, 0,99 eta 3,7 cm arteko igoera tasa du 90eko hamarkadatik hona. «Argi geratzen da itsasoaren mailaren igoera azkartzen ari dela azken hiru hamarkadetan, XX. mendeko batez besteko igoeraren aldean», dio txostenak.

Ur baliabideak

Ibai, urtegi eta akuiferoen egoeraren analisi historikoak adierazten du hobekuntza nabarmena dela 90eko hamarkadaren amaieratik, hiriko eta industriako hondakin urak arazteko teknologiak sartzeari esker.

Lurralderako eskuragarri dauden proiekzioek aurreikusten dute uraren tenperaturak gora egingo duela eta, epe luzera, tenperaturek gora egiten jarraitzen badute eta lehorte aldiak intentsifikatzen badira, ibai, urtegi eta akuiferoetako uraren tenperaturaren gorakadak aldaketak eragin litzakeela faunarik zaurgarrienaren biologian, bereziki lurraldearen barnealdeko ibaiadarren goiko zatietan.

Uretan disolbatutako oxigenoak adierazten du arriskua baxua dela epe laburrean, baina espero da gora egitea XXI. mendeak aurrera egin ahala.

Ur baliabideen erabilgarritasunari eta ur gezarako sarbideari dagokienez, proiekzioek adierazten dute batez beste Gipuzkoan ur baliabideak murriztuko direla %2,5 epe laburrean (2011-2040) eta %30 epe luzean (2071-2100), isurien arabera.

Batez besteko egoera klimatologikoetan, afekzio arriskua txikia da. Hala ere, lehorte luzeak gertatzen badira, eskuragarritasunaren eta eskaeraren artean desorekak izan daitezke.

«Osasunerako funtsezkoa izateaz gain, ekosistemetarako ezinbesteko baliabidea da eta sistema soziekonomiko gehienetarako ondasun estrategikoa. Ezinbestekoa da epe ertainean eta luzean izango ditugun ur baliabideen argazki argia izatea, eta, aldi berean, beharrezkoak diren neurriak ezartzea ur geza izan dezagun modu iraunkorrean», adierazi du Asensiok.