NAIZ

Greba eta mobilizazioak deitu dituzte EAEko anbulantzietako langileek datozen asteetarako

Garraio sanitarioko langileen baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea, plantillen erosteko ahalmenari eustea eta itundutakoa betetzeko bermea eskatzen dute EAEko anbulantzietako langileek.

EAEko anbulantzietako langileek greba deitu dute urriaren 9, 10 eta 11rako.
EAEko anbulantzietako langileek greba deitu dute urriaren 9, 10 eta 11rako. (Gorka RUBIO | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako anbulantzietako langileek mobilizazioak eta greba egunak deitu dituzte datozen asteetarako. Garraio sanitarioko langileen baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea, plantillen erosteko ahalmenari eustea eta itundutakoa betetzeko bermea eskatzen dute, ELA, LSB-USO, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek jakinarazi dutenez.

«Negoziaio mahaiaren 25 bilera izan dira eta, eta hitzarmen autonomiko berria sinatzeko urte eta erdi baino gehiago igaro da», adierazi dute sindikatuek. Nabarmendu dutenez, «denbora horretan guztian, anbulantzien patronalak etengabe blokeatu du negoziazio autonomikoa, ez die erantzun alderdi sozialak planteatutako aldarrikapenei, eta hitzarmenaren negoziazioarekin zerikusirik ez duten sabotaje ekintzak baliatu ditu negoziazioa blokeatzeko».

Era berean, enpresari finantzaketa «%30 handitu» zaiola baieztatu dute. Horren aurrean, «langileek gehiago eta okerrago lan egin behar dutela hilaren amaierara iritsi ahal izateko» salatu dute.

«Enpresek, lehiaketa publikoen finantzaketa ez ezik, lehiaketa pribatuen finantzaketa ere jasotzen dute (futbol partidak, jaiak, kontzertuak, etab.). Horietan, lehiaketa horietan zerbitzua emateko baldintza agiriei atxikitako plantillak legez kanpoko praktika gisa erabiltzen dituzte, hitzarmenak 18. artikuluan adierazten duenez, aparteko orduak langile baten eta beste baten arteko txanda aldaketetarako erabiliko dira», gehitu dute sindikatuek.

Horren aurrean, elkarretaratzea deitu dute irailaren 29rako, 09:30ean, Lan Harremanen Kontseiluan eta urriaren 5ean, 10:30ean, Gasteizko Parlamentuaren atarian. Era berean, egun osoko grebak deitu dituzte urriaren 9, 10 eta 11rako.