Donostiako Aquariumak ostegun honetan ohar bidez jakinarazi duenez, 2011ko abuztuaren 28an Zarauzko hondartzan hondoa jota geratu zen 15 metroko luzerako kaxalotearen hezurrak lurpetik ateratzen hasi ziren astelehenean.
Duela 12 urte, balea Hernaniko lurretan egindako zanga batean lurperatu zuten eta, etorkizunean errazago atera ahal izateko, hartxintxar geruza batez estali zuten.
Aurtengo abuztuaren 1ean, indusketa lan bat egin zen hezurrak nola ote zeuden jakiteko eta, egoera onean zeudela egiaztatu ondoren, aste honetarako antolatu zuten lurpetik ateratzeko prozesua. Donostiako Aquariumeko historialari Alex Larrode eta bere taldea ari dira lan horietan.
Hondeamakina baten laguntzaz, hezurrak banan-banan atera dituzte. Hezurren %80 inguru berreskuratu dituzte, haietako batzuk «oso egoera onean», «eta beste batzuk ez hainbeste». Material hau guztia Aquariumak Donostiako Intxaurrondo auzoan daukan pabilioira eramango dute orain.
Eskeletoa garbitu, zuritu eta zaharberritu egingo dute, etorkizunean erakutsi ahal izateko.
Berreskuratutako hezurrak kaxalote ale benjamin batenak dira, hortzak higatu gabe zituelako. Kaxaloteak bakarrik bizi ohi dira eta gure kostaldean oso ohikoak dira. 3.000 metroraino urperatzeko gai dira eta bi orduz egon daitezke gainazalera atera beharrik gabe.