Indarkeria eta futbola, katutxoa basapiztia bilakatzen denean

Udako ikastaroen barnean, futbolean ematen den indarkeria aztertu zuten hainbat adituk joan den astean Miramar Jauregian. Arazoaren erradiografia oso zehatza egin zuten eta soluzio magikorik ez aurkitu arren, zenbait gako garrantzitsu mahaigaineratu zituzten.

Zenit talde errusiarreko jarraitzaileak Anoetan.
Zenit talde errusiarreko jarraitzaileak Anoetan. (Jon URBE | FOKU)

Irailaren 13an egin zen Donostiako Miramar Jauregian “Indarkeria futbolean: arrazoiak, diagnostikoa eta aurre egiteko aukerak” udako ikastaroa. Egitarau mardularen barruan, goizeko saioan erakundeen ikuspegia landu zen batez ere, arazoaren errealitatea deskribatu eta legediaren aldetik hurbilpen bat eginez. Arratsaldeko saioan, ordea, kirol arloan egunero lan egiten duten pertsonen mahai-ingurua antolatu zuten, eta bertan izan zen GAUR8. Parte hartzaileak Ainhoa Ibarburu, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko presidentea eta jokalari ohia; Tati Garmendia, Bera Bera eskubaloi taldeko arduraduna eta jokalari ohia; Jon Ander Ulazia, Eibarko kontseilaria, eta Aitor Gorostegi Bigarren Mailako epailea izan ziren, Juanjo Lusa kirol kazetariak gidatuta.

Beren profilak horretarako aukera ematen zuenez, perspektiba futboletik harago ere zabaldu zuten hizlariek, baina sarrera moduan egokiak dira Jon Ander Ulazia kontseilariaren hitzak, berriki Eibarko zenbait jarraitzailek Amaia Gorostiza presidentea iraindu ondoren. «Indarkeria frustrazio kate baten ostean ematen den erreakzioa da. Eibarren bizi izan ditugun indarkeria pasarteak azken urteotan kirol helburuak lortu ez izanak sortutako frustrazioaren emaitza dira. Gordina da, baina hori da errealitatea. Eta indarkeria hori amaitzeko ardura dugu guk klub bezala, baina baita futboleko beste eragile guztiek ere: federazioak eta abar. Finean, futbol profesionalean gertatzen dena beheko mailetan islatzen da, goian ikusten dutena egiten dute gure haurrek. Gure kasuan albiste izan da irain horiek Administrazio Kontseiluari zuzendu dizkiotelako, baina esango nuke irainak asteburuero maila guztietan jokatzen diren partida ia guztietan entzuten direla. Epaileari, aurkariari... Jendeak bere frustrazioak bideratzeko egiten du, eta hori errotik moztu beharra daukagu», adierazi zuen Ulaziak.

Futbolean ematen den indarkeria aipatu eta berehala agertu da erdigunean epailearen figura. Horregatik, interesgarria izan zen futbol profesionalean esperientzia duen epaile baten iritzia bere ahotik ezagutzea. «Futbolean denok jasotzen dugu. Beti adibide bera ipintzen dut. Ni Realeko bazkidea izan naiz urte luzez eta gogoan dut Anoetan bizi izandako gertaera bat. Reala galtzen ari zen eta denbora gutxi zeukan emaitza iraultzen saiatzeko. Une jakin batean baloiak jasotzen ibiltzen diren gaztetxo horietako bati baloiak irrist egin zion eskuetatik eta nire alboan zegoen gizon bat, partida hasi aurretik erabat zentzuduna zirudien pertsona bat, irainka hasi zitzaion gaztetxo hari, seguruenik Realeko beheko mailetako jokalaria izango zen gaztetxo hari. Putasemetik gora, sekulakoak. Beraz, futbolean inor ez da libratzen irainetatik. Baina egia da epaileak izan direla kulturalki, historikoki, irain gehien jaso dituztenak. Eta normalizatuena dagoena. Nik nire haragitan bizi izan dut, 12 urterekin hondartzan hasi nintzenetik eta goiko mailetara iritsi arte», onartu zuen gaur egun VAReko epaile lanetan ari den Aitor Gorostegi gipuzkoarrak.

Ezkerretik eskuinera, Aitor Gorostegi, Ainhoa Ibarburu, Juanjo Losa, Tati Garmendia eta Joan Ander Ulazia. Jon URBE | FOKU

Klubek ederki ezagutzen dituzte

Mahai-inguruan esandakoak entzunda, eta oro har jardunaldiak eman zuena ikusita, nahiko argi dago kirolean ematen den indarkeria bi testuingurutan banatu daitekeela. Alde batetik, kirol profesionalaren inguruko indarkeria legoke, jende masa handiei eta estadio handiei lotuago dagoena, eta bestetik, beheko mailetan ematen dena. Bi errealitateak oso lotuta daude, baina ezaugarri desberdinak dituzte kasu askotan.

«Kirol profesionala ikuskizun bat da, eta helburuak ongi pasatzea izan behar du. Klubok ardura handia daukagu partidaren inguruan gertatzen denaz. Nire taldeko zale batzuk beste afizio batekin borrokan egiteko gelditzen badira, nik uste dut guk horretan ardura puntu bat dugula. Gure adibidea (Eibar) jarriz, eta onartuz masa sozial txikia duen talde bat garela, guk badakigu ongi asko gure zaleen artean zein diren beste herri edo hiri batera joan, bertako zaleekin festa giroan ibili eta galdu ala irabazi aurkaria zoriontzeko gai direnak. Joan den astean pasatu zen Burgosen, adibidez. Eta era berean, badakigu zein diren indarkeria erabiltzeko gai izan daitezkeenak. Gaur egun Ligan sarrera bat erosten duzunean izena, abizenak eta NAN zenbakia jarri behar dituzu. Guk baldin badakigu zale horietakoren bat beste zelai batera doala, poliziari zerrenda bidaltzen diogu, horretaz abisatuz. ‘Nik ez dakit nor doan’, entzuten diezu zenbaiti. Ez, ez, zuk ederki dakizu nor doan. Gero liskarrak sortuko dira edo ez, hori ezin da aldez aurretik jakin, baina arrisku hori dagoela badakizu. Ez gara egiten dutenaren erantzule, baina badugu hiri horretara bidaiatu izanaren ardura. Indarkeria kasu larrien azken urteetako beherakada Ligak Segurtasun eta Indarkeriaren Aurkako Unitateen bidez hartutako erabakiei esker lortu da, batez ere aski ezaguna den Jimmyren hilketa gertatu zenetik», aipatu zuen Jon Ander Ulaziak futbol profesionalaren inguruko indarkeriaz galdetuta.

Ez futbolean bakarrik. Tati Garmendiak, adibidez, Montenegron duela urte batzuk izandako esperientzia txarra kontatu zuen. «Nik Valentzian jokatzen nuen eta Championseko partida bat jokatzera joan ginen. Publikoa oso ‘futboleroa’ zen; barkatuko didate kontzeptua futbolzaleek. Sektore oso bat zegoen bengalaz josita, gaur egun pentsaezina litzatekeena. Aulkian eserita geundela txistua botatzen ziguten. Eta hori sei edo zazpi golez galtzen joanda; ez dut pentsatu ere egin nahi zer gertatuko zen irabazi izan bagenu. Partida amaitu zenean korrika sartu behar izan genuen aldageletara».

Hala ere, «publiko futbolero» kontzeptua erabili izanak argi uzten du beste kirolekiko desberdintasuna. «Esango nuke eskubaloian ez dela horrenbeste gertatzen. Eta are gutxiago beheko mailetan. Kontuan izan behar da futbolak sekulako masa soziala mugitzen duela, eta uste dut kulturalki onartu egin direla onargarriak ez diren hainbat jokaera. Ez diot eskubaloian ez denik kasurik ematen, baina ez horrenbeste», defendatu zuen.

Ainhoa Ibarburuk esan zuenaren arabera, aldiz, saskibaloian beheko mailetan ematen dira jarrera desegokienak. «Saskibaloian ere gertatzen da, noski. Agian, orain arte, ez genituen bizi izan futbolean izandakoak bezain gertakari larriak, baina aurreko denboraldian, urrunago joan gabe, izan dira egoera oso tamalgarriak epaileekin, esaterako. Batez ere amateur mailan ematen dira egoera kezkagarrienak. Ezin ikusiak egoten dira alde guztietan, hasieran taldeak beren artean haserretzen dira, baina azkenean epaileak pairatzen du hori guztia».

Liskarrak Bilboko kaleetan, Athleticek eta Moskuko Spartakek 2018an jokatu zuten partidaren aurretik. Luis JAUREGIALTZO | FOKU

Zer ikusi, hura ikasi

Eta behin beheko mailetara iritsita, beste kontzeptu batzuk sartzen dira ekuazioan: gurasoak, hezkuntza, espektatibak... Hori bai, denak bat datoz eliteko kirolariek duten erantzukizuna aipatzean, gaztetxoek haien idolo eta erreferente diren kirolari horien jokabideak errepikatzen dituztelako. «Futbol profesionala ispilu bat da beheko mailentzat, ehuneko ehunean. Futbol profesionalean etengabe hitz erasokorrak entzun eta jarrera erasokorrak ikusten baditugu, hori beheko mailetan islatuko da ezinbestean», laburbildu zuen Aitor Gorostegik.

Horregatik, garrantzi handia eman zioten denek errendimendua bigarren mailan utzi eta kirola ikasketa prozesu moduan hartzeari. «Arazo handienetako bat da gurasoak seme-alaben emaitzetara begira daudela, eta ez dugula ulertzen askotan kirolak zer eman diezaiekeen gure seme-alabei emaitzatik harago. Bere bizitzarako zer errekurtso eskainiko dizkion talde-kirol bat egiteak. Ikasi daitezkeen balore horiek denak ahaztu egiten ditugu eta irabazi ala galdu horretan geratzen gara. Eta hori klub mailan ikusten da. Badaude kosta ahala kosta irabazi nahi dutenak, eta badira beste batzuk jokalariekin lanketa bat egin eta hainbat aspektutan, pertsona bezala, haztea bilatzen dutenak. Galdu ala irabazi, pozik egoteko arrazoi asko egon daitezke partida batean: jokalari bezala beste rol bat eman dizutelako, lehen egiteko gai ez zinen zerbait egitea lortu duzulako, esfortzuari esker B taldetik A taldera igotzea lortu duzulako... Ni kirolari profesionala izan naiz eta gaur egungo lanean ditudan egoera askori aurre egiteko erremintak kirol bizitza horretan ikasitakoak dira. Baina badirudi jendartea ez dagoela horretan», salatu zuen Ainhoa Ibarburuk.

Aitor Gotostegi bat etorri zen Ibarbururen hitzekin, eta batez ere kluben ardura nabarmendu zuen. «Kirol klubek ardura handia dute jokoaren espektatibak zehazterako garaian. Jokoaren espektatiba irabaztea bakarrik bada, ahalik eta emaitza onenak lortzea, tentsioz betetako inguruneak sortuko ditugu eta indarkeria ugaritu egingo da», adierazi zuen.

Eta Jon Ander Ulaziak indarkeria mota desberdinetara eraman dezakeen beste jokabide bat aipatu zuen: besteek egiten duten lanarekiko mespretxua. «Entzuten duzu guraso bat bere seme-alabari esanez ez dela ongi jokatzen ari. Agian entrenatzaileak esan diona egiten ari da. Agian esan dio asko ez igotzeko, edo asko ez jaisteko. Baina hori jakin gabe ausartzen naiz besteei zuzentzera. Futbol profesionalera igarota, jendeak askotan pentsatzen du jokalariek, entrenatzaileek, epaileek edo agintariek baino gehiago dakiela, eta erabakiak ez direla lan gogorraren emaitza, baizik eta edonolako burutapenak. Besteen lanaren deslegitimazio edo banalizazio hori, kontuan izan gabe horra heldu den profesionalak lan handia egin duela hori lortzeko. Epaileena da adibiderik argiena. Epaile batek, Lehen edo Bigarren Mailara heltzeko, beheko maila guztietatik igaro behar izan du. Pentsatzea, banalizazio horrekin, ‘nik hobeto egingo nuke’, ba horrek ere indarkeria sortzen du», adierazi zuen.

Osasunak urtero antolatu ohi duen eskolarteko futbol txapelketaren 2020ko finala. Jagoba MANTEROLA | FOKU

Irtenbidearen bila

Horrelako arazoen inguruan hausnartzen den bakoitzean gertatzen den moduan, errealitatea deskribatzea errazagoa izaten da irtenbideak proposatzea baino. Argi dago horrelako jokabideak ez direla egun batetik bestera desagertuko, baina aldatzen saiatzeko gako batzuk entzun ziren Miramar Jauregian. Interesgarrienak jokoari lotutakoak izan ziren. Aitor Gorostegiren hitzetan, futbola bereziki zalapartatsu egiten duen arrazoietako bat da joko-arauak oso interpretagarriak direla, eta hori amaitzeak lagunduko luke liskarrak murrizten. Tati Garmendiak eskubaloiaren adibidea jarri zuen.

«Eskubaloian, adibidez, joko geldoaren araua aldatzea erabaki zen. Lehen, epaileek, erasoan ari zen taldea denbora galtzen ari zela irudituz gero, besoa altxatzen zuten abisu moduan eta zehaztu gabeko denbora tarte bat igaro eta jaurtiketarik egon ezean joko geldoa adierazten zuten. Arau aldaketarekin, besoa altxatzen duten unetik erasoan ari den taldeak pase kopuru jakin bat dauka jaurtitzeko. Egia da besoa altxatu arteko denborak zehaztu gabe jarraitzen duela, baina gutxienez besoa altxatu ondorengoa ez da interpretagarria», azaldu zuen.

Eta denbora galtzeak amaitzeko arau bat ere badago eskubaloian, futbolean lagungarri izan litekeena. «Eskuarekin aurkariaren aurpegia jotzea bi minutuko kaleratzea izaten da, eta kaleratze horiek eragin nahian jokalari askok esajeratu egiten zuten kontaktua. Orain, hori mozteko, jokalari bat lurrean ustez minduta geratzen bada baina epaileak ez badu zigorrik adierazi, eta sendagile edo laguntzaileren bat kantxara sartzen bada, jokalari horrek pistatik kanpo egon behar du eta ezin du hiru erasoalditan jokatu. Itxurak egiten hasten bazara, badakizu zure taldea jokalari bat gutxiagorekin uzteko arriskua duzula, eta horrek asko murriztu du lurrean etzanda geratzen diren jokalarien kopurua».

Futbolean epaileari etengabe protestak egiteko dagoen ohitura mozteko, bestetik, saskibaloian aurki daiteke modua. «Saskibaloian epaileari errespetu falta txikiena eginez gero, teknika bat adierazten dizute. Futbolekoa zoramen hutsa da: talde osoa ikusten duzu epailearen inguruan eta hari oihuka. Txartelen bat aterako dute agian, baina ez da gauza bera. Azken Munduko Txapelketan, finalerdietan, Luca Doncic bezalako izar bat kaleratua izan zen epaileari modu txarrean zuzendu zitzaiolako eta bi teknika jaso zituelako. Futbolean bigarren txartela ateratzea asko kostatzen da; are gehiago, jokalaria ezaguna bada».

Dezente zailagoa da zelaitik kanpo dauden pertsonen jokaera aldatzeko neurriak aurkitzea. Eta hor zigorren afera irten zen nahitaez. Zigorrak dira jendeak bere jokabidea aldatzeko modu bakarra? Aitor Gorostegiren ustez, bai, eta puntukako karneta edo tabakoaren aurkako neurriak jarri zituen adibidetzat. Jon Ander Ulaziaren hitzetan, «jokabide desegokiek ondorioak izan behar dituzte», eta zenbait erabaki sinboliko aipatu zituen, La Romaredan irain arrazistak entzun ostean Samuel Eto’o kamerundarrak zelaia uztea erabaki zuenean bezala. «Ni orduan epaile aritzen nintzen, eta harrituta geratu nintzen. Baina ongi pentsatuta, agian epaileek ere horixe egin beharko lukete: irain bat entzutean zelaitik joan».

Gorostegiren ideiarekin amaituz, orain normaltzat ditugun jokabideak arraro izango diren unera heldu behar dugu nolabait. «Irits gaitezen denok ondorio honetara: futbolean gertatzen dena ez da normala. Ez da normala futbol zelaietan ematen den agresibitatea. Lehen normaltzat genituen eta orain halakotzat jotzen ez ditugun gauza asko daude. Ni aitarekin autobidean 200 km/h abiaduran joaten nintzen, sendagileak bere kontsultan zigarro bat erretzen artatzen zintuen... Orain ez zaio inori burutik pasatu ere egiten horrelakoak egitea. Nolabait iritsi behar dugu une batera non denok barneratuta daukagun ez dela normala futbol zelai batean irainka jardutea».

Ezkerretik eskuinera: Ane Urkiri, Jone Bastida, Alvaro Vicente eta Koldo Aldalur. Jon URBE | FOKU

KAZETARIEK EZ DUTE BEREN ARDURA EZKUTATZEN: PEDAGOGIA LANA BEHARREZKOA DA HEDABIDEETAN ERE

Futbolean ematen den indarkerian hedabideek duten ardura aztertzeko beste mahai-inguru bat ere izan zen Miramar Jauregian. “Komunikabideen papera, babesle edo arrisku sortzaile?” izenburupean, Ane Urkiri (GARA), Jone Bastida (Berria) eta Alvaro Vicente (DV) kirol kazetariek hartu zuten parte, Koldo Aldalur gidari zutela.

Urkirik argi onartu zuen komunikabideen ardura eta, denak berdinak ez diren arren, nahiago du beste aldera ez begiratu. «Hedabideok badugu jendartea hezteko ardura. Emakumezkoen kirolean ikusten da, adibidez, komunikabide batzuetan zer lexiko erabiltzen den. Eta badaude ikerketak erakusten dutenak hedabideen mezuek eragina izan dezaketela indarkeria sortzen. Kazetariok ‘zirku’ honen parte gara eta ezin dugu ardura hori ezkutatu. Espainiako saio batzuetako kazetariak ikusi besterik ez dago, zer hitz erabiltzen dituzten, beldurra ere ematen du askotan. Eta audientzia handiko telebista saio batean horrelako hizkera eta mezuak zabaltzen badira, jendeak zer ez du ikusiko zilegi estadio batean. Horretan ardura handia dugu komunikabideok».

Antzeko irakurketa egin zuen Jone Bastidak ere. «Albiste edo gai jakin bat lantzerako garaian hedabideek kontuan izan behar dute esaten duten horrek jendartean zer oihartzun duen. Uste dut gai batzuen inguruan pedagogia lan bat egitea tokatzen zaigula, eta indarkeria kasuetan zer esanik ez. Askotan gertatzen da kasu konkretu bati sekulako oihartzuna ematea baina gero denborarekin erabat ahaztea. Martxoaren 8an gertatzen da, adibidez. Egun horren inguruan emakumezkoen kirolaz pila bat hitz egin eta gero erabat ahazten da. Hausnarketa bat egin behar dugu zer eta nola kontatzen dugun erabakitzeko, eta kontuan izan horrek zer eragin izan dezakeen».

Urkirik gezitxo bat ere jaurti zion DVko Alvaro Vicenteri, zenbait egunkaritako «probintziakeria» mahai gainean jarrita eta horrek euskal zaleen artean harremanak gaiztotu ditzakeela ohartarazita. Vicentek ez du horrela ikusten, ordea. «Nik uste dut euskalduna harro dagoela bere herriaz, bere jendeaz, bere kulturaz... seguruenik andaluziarra bereaz egongo den bezalaxe. Nik uste dut, derbietako giroari dagokionez, beste leku batzuetan baino hobeto gaudela. Lehia sanoa dagoela esango nuke. Jendeak ulertzen duela futbol partida bat dela. Bakoitzak bere taldeak irabaztea nahi du noski, baina galtzen bada, ez da ezer pasatzen. Nik ‘probintziakeria’ gehiago ikusten dut gauza positibo bezala gauza negatibo bezala baino. Ez dut uste hemen beste leku batzuetako muturreko jarreretara iritsi garenik. Eta lehen jokalarien jokabidea kritikatu dudan bezala -zelaiko jokabide txarra haurrek imitatzen dutelako-, gai honetan jokalariak txalotu behar ditugu, eredu ona ematen dutelako».