San Frantziskon jaio eta hazi zen Noah Pritzker zinema zuzendaria, familia «progresista» batean. «Gurekin irekiak izan nahi zuten, sexu-praktika osasuntsuez hitz egiten ziguten... deserosotasun horiek guztiak alde batera utzi genituen», ekarri du gogora ‘Ex-husbands’, Sail Ofizialean lehiatzen den filmaren aurkezpenean.
Bere gurasoen banantzean oinarrituta idatzi zuen filmeko gidoia eta, izenburuak iradokitzen duen gisa, euren emazteengandik banandu diren hiru gizon ditu protagonista filmak; horien sentipen eta bizipenen bidez familietan banantzeek sortzen dituzten tentsio eta gogoetak aztertu nahi izan ditu zuzendari estatubatuarrak. «Bikoteek eta familiek izaten duten bilakaerari buruz hitz egin nahi nuen, baita seme-alabekin gertatzen denaz ere», zehaztu du.
Peter da filmeko protagonista. Bere gurasoek 65 urte elkarrekin igaro ostean harremana bertan behera uztea erabaki zuten, eta antzeko egoeran dago orain bera, 35 urteren ostean emazteak utzi egin baitu. Egoera berean dauden hiru gizonen bizipen eta emozioak harilkatuz osatu du komedia kutsua duen filma Pitzker-ek, eta «maskulinitate berriak» ere hartu nahi izan ditu gogoan.
«Nondik zatozen garrantzitsua da. Badaude garaipen uneak, aita izatea adibidez, dena dago iraganeko motxila horretan eta maila emozionalean gauza asko askatzen dituzu aurrera egin ahal izateko. Maskulinitate forma asko ageri dira filme honetan, aita-semeen arteko harremanean...», azaldu du zuzendariak aurkezpenean.
Sekuentzia jakin bat izan du hizpide, non James Nortonen pertsonaia (Nick) ageri den negarrez, emazteak harremanaren etetea baieztatzen dionean. Nortonek gogora ekarri du 40 aldiz filmatu zutela eszena hura: «Nick-entzat bere bikotea bere bizitzaren parte garrantzitsu bat da eta batetik bestera alderrai dabil bikoteak alde egiten duenean. Bizitzan dituzun espektatibak huts egiten dute askotan. Agur esan behar dionean negarrez ageri da, 40 aldiz filmatu genuen eszena hura eta Noah-k hautatu duen hartuneak erakusten du zein sotila den film hau».
Zahartzaroa ere bada filmeko gai nagusietako bat: «Peter banandu egiten da, bere semeak independenteak dira eta bizitza eta nortasun berria eraiki behar ditu. Bakarrik gelditu da», azaldu du zuzendariak, eta horri nola aurre egiten dion ere aztertu nahi izan du filmean.
Aurkezpenean, AEBetako antzezle eta gidoilarien greba ere izan dute hizpide. «Gure antzezleak hemen daude film txiki independentea delako», argudiatu du zuzendariak, eta balioan jarri du grebaren amaierak «mundu guztiak lanera itzuli ahal izatea» ekarriko lukeela, «hori baita denok nahi duguna». Iritzi berekoa da Griffin Dunne antzezlea ere: «Lortu dugula eskatzen duguna, hori esan nahiko luke greba amaitzeak. Gogorra izaten ari da, batez ere antzezle gazteentzat, telesail batetik bestera dabiltzanentzat, baina baita teknikarientzat... arlo guztientzat», nabarmendu du.