NAIZ

Olatz Arrizabalagari uda motza egin zaio eta bigarren txapela jantzi du 24 ordutan

Logroñoko finalerdiari uko egin bazion ere, Amaia Aldaik eskuetako arazoekin amaitu du eta erraztasun handiak eman dizkiete gernikarrari eta behetik gora nabarmen egin dun Leire Galeano antzuolarrari (22-12).

Olatz Arrizabalaga sasoi ederrean heldu da uda amaiera honetara.
Olatz Arrizabalaga sasoi ederrean heldu da uda amaiera honetara. (Iñigo URIZ/FOKU)

Asteburu ezin oparoagoa borobildu du gaur Hondarribian Olatz Arrizabalagak eta Logroñon San Mateotako txapela jantzi eta 24 ordutara udaren ardatz izan den Udako Master Laboral Kutxa ere poltsikoratu du, Leire Galeano serio batek lagunduta, Amaia Aldai eta Uxue Osesi 22-12 gailenduta.

Giro ederrean, harmailetan 500 lagun zirela, eman zaio amaiera Hondarribian emoziotan eta partidetan horren emankorra izan den sasoi honi eta azken asteetan pilatutako nekeek eragina izan dute Jostaldiko jaialdian. Emakumeen esku pilotak sekulako garapena izan du Emakume Master Cup zirkuitua martxan jarri zenetik, lehen horren urriak ziren plazak asko biderkatu dira eta, etengabeko hobekuntza horretan, erronka orain eskaera horiei guztiei behar bezala erantzutea da hurrengo erronka.

Ez dirudi halako arazorik duenik Olatz Arrizabalagak eta gaurkoan ere bera izan da partidako protagonista nagusia. Egia da aukeran tanto gehitxo galdu dituela, baina egin ere gernikarrak egin ditu gehien eta berak hautsi du partida, behetik gora egin duen Leire Galeanok lagunduta. Bi atzelari oso gazterekin, urduritasuna nabaria izan da lehen minutuetan eta bi aldeetan kale gehitxo izan dira. Partida hasiera ez da distiratsua izan, baina gutxienez emozioa handia izan da sei berdinketa ere eman direlarik, azkena bederatzina.

Hortxe hautsi dute finala urdinek 9-0eko partzial batekin. Logroñoko finalerdia jokatzeari uko egin zion Amaia Aldaik eskuin eskua behar bezala ez zuelako eta gaurko ondo egoteko, baina partidak aurrera egin ahala mina agertu zaio eta ez du bere maila ematerik izan. Pilotari oldarkorra da Dimakoa, baina gaurkoan beldurrez bezala aritu da, erasora pasa ezinik, eta ezin izan dio bere atzelariari behar bezalako segurtasunik eskaini. Urdinetan berriz, hasierako bi hutsak gaindituta, Leire Galeanok oso partida serioa egin du eta egindako uda zoragarriaren saria jaso du Antzuolako atzelari ezkerrak.

Hirugarren posturako lehian, Etxegarai-Gaminde Garai-Capellanen gainetik pasa dira (18-3). Kasu honetan, bezperan Logroñon erorita, Andrea Capellanek eskuin eskumuturrean mina hartuta jokatu du eta berehala nabaritu zaio ez zegoela partidak eskatzen zuen mailan jokatzeko moduan eta erraztasun handiak eman dituzte errioxarrak eta gasteiztarrak.