Dokumentalgintzak aurrekontu murritzagoa eskatzen du eta horrek animatuta ekiten diote bideari emakumezko zinemagile ugarik. Diru gutxiago behar da, baliabide urriagoekin atera daitezke aurrera proiektuak. Horrek autonomia handiagoa ere ematen die, era berean. Noski, tartean badira bidea sorkuntza bulkadak horrela bultzatuta aukeratzen dutenak ere.
Kitty Green lehen kasuaren adibide da. «Ez zenuten irudikatu ere egingo zenbat kosta zitzaigun ‘The assistant’ filmaren finantzaketa lortzea!», esan zuen.
«Hamaika urterako banekien filmak egin nahi nituela», kontatu zuen. «Ikasketak egin ondoren, ordea, inork ez zuen nahi nik filmatzea. Horrexegatik hartu nuen dokumentalen bidea», aitortu zuen. ‘Casting Jon Benet’ (2017), ‘The Face of Ukraine: Casting Oksana Baiul’ (2015) eta ‘Ukraine Is Not a Brothel’ (2013) dira emaitza. Elkarrizketak, Pentsamendua eta Eztabaida atalean, Tabakaleran, eskainitako solasaldian egin zuen aitorpena.
Bere bigarren film luzea ‘The Royal Hotel’ Urrezko Maskorra irabazteko lehian da. Dokumentalak ez ezik, AEBn telebistan ere egin behar izan du lana bere balioa frogatzeko. «Sistema nahasia da AEBkoa. Telebistako saioak zuzentzea onartu behar duzu gero zineman film laburrak egin ahal izateko. Bi kapitulu zuzendu nituen eta asko ikasi nuen. Sekulako lantaldea zeukaten! Une batez Ferrari baten giltzak eskuan izatea bezala da», gogoratu zuen.
Beti azalpenak eman beharra
Emakumeen zailtasunen beste adibide bat eman zuen. «Oso neketsua da inora proiektu berria aurkeztera heldu eta zineman dudan ibilbidearen berri eman behar izatea, gizonezkoei ez zaie hori gertatzen. Narruzko jaka soinean duen gizona irisi eta denek dakite zuzendaria dela», adierazi zuen.
Bere bi lan luzeetan antzeko egoera planteatu du. «Euren lanpostuetan aurkeztu ditut emakumeak. Ez da gauza handirik gertatzen, emakumeak bizi eta lan egiten duten espazioak dira. Ez daude eroso, estuasuna sentitzen dute, baina ez dakite esan ala ez. Zein dira arauak? Eta batzuetan gauzak kontroletik kanpo geratzen dira», zioen.
Ikuspegi feminista aldatzeko presiorik izan duen galdetuta, hauxe kontatu zuen: «Oso ezaguna den aktore batek esan zidan ‘The Royal Hotel’ filmean parte hartuko zuela bukaeran gizonezkoak garaile baziren. Eta ez da hori kontua».
Idaztea du gustukoena sorkuntza prozesutik. «Filma bisualizatzea. Baita alor teknikoa ere, mapping-a, kameren mugimendua... oso interesgarria egiten zait».
‘The Assistant’ filmak Harvey Weinsteinen kasua du inspirazio iturri. «Baina beste edozein izan zatekeen, asko daude bera bezalakoak. New Yorkeko enpresa batek kontratatzen du eta ohartzen da jazarri egiten duen gizon batentzat ari dela lanean», esan zuen.
Botere postuetara ezin iritsi
«Nire asmoa ez zen Weinsteni buruz hitz egitea, lan arloan emate den ustelkeria eta jazarpenari buruz baizik. Emakume asko elkarrizketatu nituen era horretako lanpostuetan ari direnak. Zerk eragozten du eskailera mailan gora egin dezaten? Jokatzen duten rolean, aurrera egin eta botere postuetara iritsi ezinik daude».
«Inprobisatzea gustatuko litzaidake, baina denbora gutxi esdena bakoitzarentzat, ez didate horretarako aukerarik ematen. Orain hirugarren filmerako negoziaketatan ari naiz eta horixe eskatzen diet, denbora gehiago filmatzeko».
Zinemagintzan bere bidea egin nahi duenei gomendioa luzatu zien. «Ekin dokumentalak edo film laburrak egiteari. Kamera –sakelakoa izan daiteke– eta zu, beste inor ez... islatu nahi duzun istorioa pasioz bizitzen baduzu eta zure burua egin dezakezula konbentzitzen baduzu aurrera egingo duzu».
Ez da AEBra joateaz damu. «Zorteko naiz, amestu nuena egiten ari naiz. Nik neuk idazten ditut gidoiak eta ez naiz inoren menpeko. Zabor asko da Hollywoodeko gidoien artean, ideia originalagoak bilatu behar dira».