Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Iker Zabala
Urdaibaiko entrenatzailea

«Liga eta Kontxa urte berean lortzea oso gogorra da; ahala eskatzen du eta sakrifizio handia»

Bigarren urtea egin du Iker Zabalak (Bermeo, 1979) Urdaibain, eta bigarrenez jarraian, Kontxako Bandera eta Eusko Label Liga irabazi ditu. Hemezortzi banderetatik hamar astindu dituzte; iaz, aldiz, bost. Denboraldiaren balorazioa 9,5ekoa da, «perfekzioa» ez delako existitzen, haren ustez.

Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzailea, Mundakan
Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzailea, Mundakan (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Mundakan bizi da Iker Zabala, Bermeoko zurrunbilotik aldenduta. Horrela nahiago du. Lasaiago bizi da Mundakan, eta han elkartu da NAIZekin. Sekulako sasoia osatu du Urdaibaik, Eusko Label Liga eta Kontxako Bandera bigarrenez jarraian irabazita. Aurten iaz baino bost bandera gehiago astindu dituzte. Guztira, hamar. Urdaibain jarraitzeko asmoa duela adierazi du, baina oraindik dena airean dagoela. «Ea taldea nola geratzen den». Irabazle petoa da Zabala, talderik onena nahi du, eta bizkarrezurra mantendu, Gorka Aranberriren gidaritzapean.

Zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Balorazioa oso ona da. Txapelketa guztiak irabazi ditugu, liga irabazi dugu, Kontxa, eta gero, azkenean, Bermeoko Ikurrina ere irabazi dugu. Guk gehiago ezin dugu eskatu. Balantzea 10etik 9,5 da.

Zer behar du 10era iristeko?

Kirolean, eta uste dut bizitzan bestela ere, 10a ez dela existitzen. Ezer perfekturik bizitzan ez dago, eta horregatik ez dut ematen 10ekoa.

Ligako hirugarren estropadatik 11.era zazpi bandera irabazi dituzue. Iaz kosta egin zitzaizuen martxa hartzea.

Bai, hala da. Iaz etorri nintzen lehen aldiz Bermeora, sekulako arraunlariak zeuden, baina mekanismo hori barneratzeko denbora behar da. Horregatik iaz hasieran kili-kolo ibili ginen, eta urte amaieran, oso ondo ibili ginen eta dena irabazi genuen. Aurten diferentea izan da; talde indartsuagoa zen, bigarren urtea arraunean, eta askoz hobeto aritu gara. Aurten hasi eta buka oso ondo ibili gara. Eta alderantziz, uste dut aurkariak pixka bat makaldu egin direla. Horregatik irabazi ditu aurten Urdaibaik horrenbeste bandera.

Hondarribia zen garaitu beharreko aurkaria, baina Zierbena ere sartu da lehia horretan.

Guretzat hasieratik aurkaririk gogorrena Hondarribia izan da. Zergatik? Historikoki bera izan delako gure areriorik indartsuena. Zer gertatu da? Zierbenak bi pauso aurrera eman dituela, sasoia oso indartsu amaitu duela, eta amaieran Zierbena izan da Hondarribia baino aurkari zuzenagoa. Hala ere, badakigu Hondarribiak datorren urterako taldea indartu egin nahi duela, Zierbenak ere bai. Eta ea gu nola geratzen garen. Uste dut Kantauriko arraunlari onenak Urdaibaik dituela.

Askotan sentsazioa izan da nahierara irabazi duzuela.

Bai, izan daiteke. Multzo aldetik, gure taldea besteak baino indartsuagoa izan da eta, bigarren urtea izanik, arraunean askoz hobeto ibili gara. Egon dira estropada batzuk erdi jolasean ibili garenak; nahiz eta bukaeran oso erraz joan, hasiera batean ez gindoazen tope-topera. Horrek esan nahi du aurkariak baino indartsuagoak izan garela eta momentu puntualetan jolastu egin dugula. Sufritu ere egin dugu.

«Kontxa irabazi edo ez, arrapalatik igotzea sekulakoa da. Buelta bat eman behar zaio»

Zarauzko bi estropaden ostean ligan koltxoi handia zenuten. Ondarroan, baina, zazpigarren egin, eta hurrengo egunean, Getarian, bandera lortu zenuten. Kontxari begira ari zineten?

Bai, orain esan daiteke. Arraunean ez dago sekreturik. Kontxa eta liga urte berean irabaztea oso gogorra da, horrek fisikoki sekulako ahala eskatzen du, eta sakrifizioa urte osoan. Hor balak galtzen zoaz. Sekulako taldea eduki dut, eta Kontxa baino hamabost egun arinago hor ibili nintzen apur bat jolasten, beste mutil batzuei estropadak emanez, eta horregatik agian errendimendua jaitsi egin genuen, baina helburua zen Kontxara ondo heltzea, eta emaitzak hor daude. Oso ondo heldu ginen, eta uste dut bigarren jardunaldian gure errendimendua inoizko onena izan zela.

Kontxako lehen estropadan salatu zenuen hutsuneak zeudela. Zein hutsune ikusi zenituen? Ondarroak jaso zituen bereak ohar batean.

Uste dut Ondarroak badituela arrazoiak kexa horiek salatzeko, eta salatu ditu. Nik ere uretan, lehen jardunaldia jokatu eta gero, salatu nituen: ez da normala GPSak momentu horretan huts egitea. Baina gerta daiteke, aparatuek-eta huts egiten baitute. Nik espero nuen behintzat, estropada aurretik, abisatzea, eta hor dago gakoa. Hori abisatuta egon balitz, gutxiago haserretuko nintzatekeen. Denak gara pertsonak, hanka sar dezakegu, eta uste dut aurten Kontxako antolatzaileek badakitela hanka sartu dutela, baina gogoan hartu dutela eta datorren urtean ez dutela hutsik egingo.

Arrapalarena ere eztabaidagai izan zen. Zuek arrapalatik igo zineten. Tolosaldeak, ordea, lehen estropada irabazi, eta ez zen bertatik igo.

Kontxak arraunlarientzat zerbait berezia badu, irabazi edo ez, arrapalatik igotzea da; sekulakoa baita. Hor daude zale guztiak eta momentu oso polita izaten da. Zer gertatzen da? Urte batzuetatik hona neskak ere jokatzen dutela leku berean, traineru asko gaudela, eta denontzat ez dagoela lekurik. Batzuk joaten gara arrapalara, beste batzuk malgukitik... Beste buelta bat eman beharko zaio. Ez da erraza mutilek edo neskek beste ordutegi batean edo beste egun batean jokatzea, hori ezinezkoa da. Baina egia da ontzi asko gaudela eta portua nahiko txikia dela.

Kontxaren ondoren, Bermeoko Ikurrina lortuta, ligako txapeldunak izan zineten. Nola bizitu zenuen?

Kontxa irabazi eta gero, helburuetako bat izan da. 2016tik ez genuen irabazten Bermeoko bandera, eta begira Urdaibaik zenbat ikurrin irabazi dituen. Horrek esan nahi du norbere etxean irabaztea ez dela erraza. Aurten oso berezia izan da goiz-goizetik sekulako giroa egon delako, beste klubetako zaleak Bermeon egon dira, gainera Bermeoko jaietan... Arratsaldean, estropada irabazi eta gero, Bermeoko portua beteta ikusi dugu, eta horrek, ez dizut esango Kontxak bezainbesteko garrantzia duenik, baina niretzat pertsonalki, bai.

Santurtziko zapia zeneraman soinean Portugaleten. Egun gazi-gozoa izan zen?

Ez hainbeste. Niretzat egun gozoa izan zen. Baina egia da Santurtzin lagun asko ditudala traineru barruan, nirekin egondako arraunlari asko daudela, eta momentu gogor batean detaile txiki bat egin nahi izan dut. Niri ez zait ezer kostatzen zapi bat jartzea lepo gainean. Orain momentu gogorrak datoz Santurtzirentzat, eta orain eman behar dute pauso bat “Sotera”-ko zaleek trainerua ez jaisteko. Bermeon badakite beste “Sotera”-ko zale bat dagoela, eta ahal dudan guztian lagunduko dudala.

Esan zenuen aurten «Gorkarik onena» ikusi zenuela. Zein da Gorka Aranberririk onena?

Bada, aurten ikusi duguna. Baina nik Gorkarik onena ikusi dut egunero-egunero, entrenamendu guztietan ikusi dut oso lider, eta normala da. Berak ere urte batzuk ditu, badaki sekulako garrantzia duela talde barruan, eta liderraren rola hartu du. Arraunlariek ere onartu dute bera dela liderra. Ni entrenatzailea izango naiz, segur aski momentu txarrenetan nik eman beharko dut abisua, baina uste dut egungo liderra Gorka dela.

Hurrengo urtean Urdaibaiko popan ikusiko dugu?

Gustatuko litzaidake Gorka ikustea, bera delako patroirik onena. Arraunlariek ere badakite nor den patroirik onena, eta niretzat Gorka gurekin ez egotea huts handia litzateke.

«Klubetan gazterik ez dago [...] Harrobikoak derrigortuta sartzen baditugu ontzietan, talde asko egongo dira ezingo dutenak araudia bete»

Zuk jarraituko duzu?

Asmoa jarraitzea da, baina oraindik apur bat airean dago dena. Klubak nahi du nik segitzea, nik ere nahi dut, baina ikusi nahi dut taldea nola geratzen den. Segitzeko, arrazoiak behar dira, eta horien bila nabil azkeneko asteetan.

Arraunlari onenak nahi dituzu.

Zalantzarik gabe, eta ez nik bakarrik. Pentsatzen dut beste entrenatzaileek ere arraunlari onenak nahi dituztela, baina zortez azkeneko urteetan Urdaibain oso arraunlari onak egon dira.

Urdaibai asko kritikatu da duen filosofiagatik. Zuk esan zenuen harrobiaren kontuan hausnarketa bat egin behar zela. Zein da zurea?

Hemen hausnarketa oso sakona egin behar da. Ikusten da arraunlarien adina goraka doala, eta hemen ez dator gazterik, eta hor hausnartu behar dugu denon artean zergatik ez datorren jende gaztea atzetik. Guk araudia bete behar dugu, orain arte bete dugu, eta fitxaketak egin ditugu. Guk eta klub guztiak ere. Klub batzuk esan dute harrobia erabiltzen dutela, baina askotan gezurra da. Eurek ere fitxatzen dute. Zer gertatzen da? Azkeneko urteetan Urdaibaik gauza asko irabazi dituela, eta horri apur bat balioa kentzeko horrelako aitzakiak erabiltzen dira.

Gaiaren inguruko nire hausnarketa oso argia da. Jende gaztea sartu behar dugu traineruan, hori jada araudian jarri behar da. Baina hasten bagara esaten klubetako gazteak sartu behar ditugula... Klubetan gazterik ez dago; ez hemen eta ez leku askotan. Orduan, harrobikoak sartzen baditugu derrigortuta traineruetan, egongo dira traineru mordo batzuk ezingo dutela araudia bete eta pikuetara joango direla. Horregatik diot hausnarketa sakon bat egin behar dela, eta estatistikak atera. Orain arinkeriaz sartzen badugu horrelako araudi bat, gertatu daiteke trainerurik ezin dela uretaratu eta hori oso tristea izango litzateke.