Ion Salgado

Bederatzi urte arteko zigorrak eskatu ditu fiskalak, gaur epaituko diren Leioako istiluengatik

Asteazken honetan hasiko da Bilbon Leioako bosten aurkako epaiketa. Duela zazpi urte eta bost hilabete atxilotu zituen Ertzaintzak EHUko campusean egindako mobilizazio batean. Fiskaltzak 9 urteko eskaera luzatu du bi auzipetuen aurka.

Leioan 2016ko apirilaren 26an egindako manifestazioaren argazkia.
Leioan 2016ko apirilaren 26an egindako manifestazioaren argazkia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

2016ko apirilaren 26an Ertzaintzak bost gazte atxilotu zituen Leioako campusean, Ikasle Abertzaleak taldeak antolatutako protesta batean. Asteazken honetan, handik zazpi urte eta bost hilabete igaro ondoren, hasiko da Bilbon atxilotuen aurkako epaiketa.

Segurtasun enpresak 39 urte eta erdiko espetxe zigorrak eskatzen ditu guztira: bi gazteen aurka hamazazpi urteko zigorra eskatzen du, bina beste biren aurka eta azkenengoari urte eta erdi. Fiskaltzak bederatzi urte eta erdiko bi zigor eskatzen ditu, bina urte beste biren aurka eta azkenengoari urte eta erdi. Gainera 45.000 euro inguru eskatzen dituzte.

«Leioako bostek» gogor kritikatu zuten uztailean «astakeria» honek aurrera egin izana, eta EHUren aurka ere jo zuten: «Unibertsitate publiko batek izan beharko lukeen askatasun politikoen bermea errotik mozten dute. Eta 2016tik hona, egoera ez da hobetu, ikasle mugimenduak salatzen jarraitzen du gaur egun ere EHUren autoritarismoa».

Mezu berdina errepikatu zen joan den asteburuan Baionan, Lizarran, Altsasun, Iruñean eta Portugaleten izandako mobilizazioetan. Manifestazioetan adierazi zutenez, 2016ko mobilizazio hura «bere izaera politikoagatik erreprimitu zuten, helburua ikasle mugimenduaren aurka zeraman bide errepresiboa salatzea eta geldiaraztea zelako».

«Beraien bizkarrean dituzte 45.000 euro eta 40 urteko espetxe-zigor eskaerak, baina ez daude bakarrik. Ikasle mugimenduak jasaten zuen arazo kolektibo baten aurka manifestatzeagatik dira epaituak», gaineratu zuten. Asteazken honetan, 9.00etan, Bilboko Albiako lorategietan elkarretaratzea izango dela gogoratu dute, epaitegien aurrean hain zuzen ere.

«Modu kolektiboan erantzutea»

Auzipetuek mobilizazioaren garrantzia nabarmendu dute, «epaiketara begira indar zein iritzi sozial zabala dagoela erakusteko, epaiketa injustutzat jotzen duena. Eta bestetik, gure kasutik haratago, orokorrean, edozein errepresio kasuri begira garrantzitsua iruditzen zaigu saretzen joatea, elkartasuna antolatzen joatea eta edozein kolperen aurrean modu kolektiboan erantzutea».

Hala adierazi dute Ander Mazkiaranek eta Olast Arrizibitak ‘Argia’ri eskainitako elkarrizketa batean. Epaiketari begira, urduri daudela aitortu dute, «zigor-eskaerak altuak direla jakinda». «Hala ere, urte asko pasa arren, Leioako boston artean harreman ona izaten jarraitzen dugu eta horrek laguntzen du kasua hobeto eramaten», gaineratu dute.

Haien ustez, Fiskaltzaren eskaerak «xantaia gisa funtzionatzen du gero ’xumeagoak’ edo ‘tartekoak’ diruditen zigorrak onar ditzazun. Jendea ere lasaiago geratzen da, ‘hainbesterako izan ez dela’ edo ‘zigor proportzionala’ dela pentsatuta».

Zentzu honetan, iragarri dute ez dutela halako jokoan sartuko «prozesu judizialari berari zilegitasuna ematen ariko ginatekeelako». «Zigorrak txikiagoak balira ere, izaera politikoa ikusten diogu epaiketa honi. Edozein zigor, handia zein txikia izan, ez dugu onartzen. Militantzia politikoaren zilegitasuna defendatu behar dela uste dugu, inolako baldintzarik gabe», diote.