NAIZ

Aurtengo Kutxabank Pala Liga berritasunez blai eta polemikaz jantzita dator

Txapelketa ostiral honetan hasi eta abenduaren 16ra bitartean jokatuko da Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bikoteak osatzeko irizpide aldaketak, bosgarren jokoak bost tanto baino ez izatea eta, horrez gain, pilotarien kamiseten pastel koloreak ez ditu oso gustora laga parte-hartzaileak.

Maldonado eta Ibai Perez, Kutxabank Pala Ligako iazko irabazleak.
Maldonado eta Ibai Perez, Kutxabank Pala Ligako iazko irabazleak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ostiral honetan, hilaren 29an hasiko da Kutxabank Pala Liga, eta abenduaren 16ra bitartean luzatuko da berau. Neurketa guztiak jokatuko diren Bilboko Bizkaia pilotalekuan izan da aurkezpen ekitaldia astearte honetan. Innpala enpresako bost bikote lehiatuko dira bertan: Ibarguren eta Gordon; Necol eta Alkorta; Maldonado eta Urrutia; Gaubeka eta Ibai Perez; Fusto eta Del Rio.

Bada, formalitateak formalitate, aldaketa eta berritasunez blai dator txapelketa berri hau eta berritasun horien ondorio izan den polemikaz ere jantzi da. Deserosotasuna pilotariengandik etorri da, zeinak ez dauden oso pozik nobedade hauen guztien aurrean.

Hasteko eta bat, bikoteak osatzeko moduaren aldaketa. Orain arte Kutxabank Pala Ligan parte hartu behar zuten bost bikoteak osatzeko ranking bati erreparatzen zitzaion, zeinean rankingeko aurreneko aurrelaria bosgarren atzelariarekin elkartzen zen, aurreneko atzelaria bosgarren aurrelariarekin, bigarrena laugarrenarekin... Beti ere berdintasuna mantentzeko intentzioz.

Alabaina, aurten ez da halakorik egin. Antza, ranking horri erreparatuz gero, iazko hiru bikote errepikatuko ziratekeen, eta beraz, Innpala enpresak tarteko bide bat hartu du. Rankinga errespetatu du Necol eta Alkorta zein Fusto eta Del Rioren kasuetan, bikote hauek biak iaztik ezberdinak zirelako bestela ere. Gainontzeko hiru bikoteak osatzeko, berriz azkenengo Kutxabank Ligatik honantz pilotari bakoitzak irabazitako neurketa kopurua hartu da aintzat. Noski, aldaketa horrek ez die batere graziarik egin zenbait pilotariri.

«Rankinga errespetatuko zela pentsatzen nuen, eta aldaketa honek harritu nau», onartu du Roman Maldonako aurrelari argentinarrak, Kutxabank Ligako irabazlea bera Ibai Perez lagun zuela.

«Ez dakit garaipen portzentaje horiek nondik atera dituzten», gaineratu du, bestalde, Iker Gordon atzelari bizkaitarrak.

Bost tanto baino ez

Bosgarren eta azken jokoan bost tanto baino ez dituela izango, horixe da berritasunen artean eztabaida bizienak piztu dituen beste bat. «Udan zehar proba egin dugu eta neurketa estuei emozio handiagoa emateko balio duela ikusi dugu. Azken baten, aurrez ordu eta erdi edo gehiago luzatu den partida baten ostean, hamar tantora luzatuz gero jokoa, neurketa luzetxoa ateratzen da», adierazi du Innpalaren izenean Josu Urkijo zuzendari teknikoak.

Nolanahi, pilotari guztiak ez daude oso pozik erabaki horrekin. «Azken seta loteria bihurtzen da», kexatu da Oier Alkorta atzelari azpeitiarra, esaterako. Iñaki Urrutia ere antzera mintzatu da. «Enpresaren erabakia da eta onartzea beste erremediorik ez dugu, baina niri ez zait gustatzen. Aurreneko bi tantoak galtzen badituzu, ez dago erreakzionatzeko tarterik; agian ikuslearentzat politagoa izan liteke, baina guretzat loteria bat bezalakoa da», adierazi du Armintzako atzelariak.

Horrez gain, Liga hau jokatzeko jokalariek erabiliko dituzten kamisetaren pastel tonuak ere azpimarragarriak izango dira, batez ere gorriaren ordez arrosa kolorea eramango dutelako pilotariek. «Tonu gazteagoak, indartsuak eta modernoak dira», iritzi dio Josu Urkijok.

Polemikak polemika, ostiral honetan jarriko da martxan Kutxabank Pala Liga. Txapelketako aurreneko norgehiagoka 19.00etatik aurrera hasiko da eta  Necol eta Alkorta Ibarguren eta Gordonen aurka ariko dira batetik, eta bestetik, Gaubeka eta Ibai Perezek Maldonado eta Urrutia izango dituzte aurrez aurre.