Iraitz Mateo

Euskara, putzu sakonetik pantaila handira: Zinemaldiko filmen herena, euskaraz

Euskararen presentzia oraindik ez da gaztelaniaren parekoa Donostiako Zinemaldian, desoreka nabarmena dago bi hizkuntzen artean, baina aurtengoan urrats bat aurrera egin du euskarak eta Sail Ofizialeko film guztiak euskarazko azpidatziekin eskaintzen ari dira.

Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz plataformako eleduna eta Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduraduna.
Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz plataformako eleduna eta Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduraduna. (NAIZ)

Kursaalaren kanpoaldeak urtero eszenografia bera duela ematen du Donostiako Zinemaldian. Aurtengoan, baina, kubo barrura sartu eta argiak itzali orduko sumatu daiteke aldaketa bat: Sail Ofizialeko film guztietan euskarazko azpidatziak daude. Guztira, filmen %32 inguru ikusi ahalko da euskaraz.

Donostiako Bagera Elkarteak hamarkadak daramatza Zinemaldian euskararen presentzia urria salatu eta euskarazko eskaintza handitzeko aldarria egiten. Aldaketa etorri da Zinemaldiko 71. edizioan, ez da kasualitatea eta Ruth Perez de Anucita Zinemaldiko komunikazio arduradunak azaldu du zein izan den giltzarria: Zinemaldiaren euskara plana.

Pasa den urteko Zinemaldiaren irekiera galaren egunean protesta bat antolatu zuen Pantailak Euskaraz plataformak, «euskarak zuen presentzia txikia, %10a baino txikiagoa» salatzeko, hala kontatu du Alex Aginagalde eledunak. Protesta ez zen Donostiako Zinemaldiaren aurkako zerbait; Aginagaldek dionez ikus-entzunekoetan euskarak bizi duen egoera kaxkarra eta euskaldunek bizitako diskriminazioa salatzeko egin zuten, «boom mediatikoa» baliatuz, Euskal Herrian ospatzen den ikus-entzunezkoen jaialdirik jendetsuena dela kontuan hartuta.

Izan zituzten bilerak Zinemaldiko arduradunekin, eta kezka partekatzen zuten guztiek, nolabait euskararen presentzia handiagoa bultzatu behar zela uste zuten. Azkenean, Zinemaldiak euskara plana onartu izana eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzea izan da Sail Ofizialeko film guztiak euskaraz azpidaztea ahalbidetu duena.

Orain artean jauzi hori zergatik ez den eman galdetuta, Perez de Anuncitak argi azaldu du arrazoia: «Aspaldiko eskaria zen, baina ekonomikoki eta teknikoki ez zen batere erraza». Batetik, alor ekonomikoa legoke, kasu honetan, Foru Aldundiak egindako ekarpenarekin konpondu dutena, eta alor teknikoari dagokionez, zinemagileei ere konpromisoa eskatu behar zitzaien: «Jon Muñozek egiten ditu azpidatziak, eta berari proposatu genion Sail Ofizialekoak egitea. Baldintza bat jarri zigun berak: irailaren 1erako izan behar genituen film guztiak».  Zinemagileekin hitz egin ondoren, guztiak konpondu zirela kontatu du arduradunak.

«Aspaldiko eskaria zen, baina ekonomikoki eta teknikoki ez zen batere erraza»


Borondatea eta baliabideak

Balorazio positiboa egiten du Pantailak Euskarazeko ordezkariak: «Borondatea baldin badago eta baliabideak horretara bideratzen badira, posible da aurrerapausoak egitea. Baina gure ustez oraindik asko dago egiteko».

Zinemaldiko arduradunari ere ilusioa sumatzen zaio emandako urratsagatik: «Uste dut nazioarteko prentsa inkontzienteagoa dela, eta uste dut garrantzitsua zela Zinemaldiarentzat nazioarteko kritikariei, kazetariei eta zinema industriari ikusaraztea euskara toki nagusi batean dagoela, azpitituluen bidez eta Sail Ofizialean, Kursaalen».

Ikusarazi bai, baina egin ere egin behar izaten da, gazi-gozoa baita errealitatea; izan ere, filmen hizkuntza erabilerari erreparatuta herena euskaraz ikusteko aukera dago aurtengoan, baina emanaldiei begiratuz gero, bestelakoa da errealitatea. 601 emanaldi egingo dira guztira, eta horietatik euskararen presentzia 116tan besterik ez da izango; %19,5ean beraz.

Aginagaldek gogoratu du iaz %8 eta %10 bitartean izan zela euskara emanaldietan: «Aurrerapauso bat da, baina oraindik ere bi hizkuntza ofizial daude hemen, eta bi hizkuntza horien arteko berdintasuna bermatzeko, guztia eskaini beharko litzateke euskaraz, gaztelaniaz den bezala».

Euskarak gaztelaniaren presentzia bera izan dezan, ordea, oraindik bidea dago urratzeke eta espazioa hartzeke; eta hori erabaki politikoek soilik egin dezakete posible. Aginagaldek ulertzen du etengabean hiru hizkuntzetako azpidatziak izatea akaso ez dela «erosoena», baina proposamen ezberdinak luzatu zizkieten Zinemaldiko arduradunei. Esate baterako, film guztiek gutxienez pase bat izatea euskarazko azpidatziekin, eta beste pase batzuk gainontzeko hizkuntzekin. Zinemaldiko komunikazio arduradunak ere aitortzen du film bakarrean hiru azpititulu izateak sortu duela kritikarik; baina berak ohitura kontua dela dio, eta nabarmentzen du kritika positiboak gailendu direla; «bertako hedabideek eta euskal komunitateak oso pozik hartu du berria».

«Aurrerapauso bat da, baina oraindik ere bi hizkuntza ofizial daude hemen eta bi hizkuntza horien arteko berdintasuna bermatzeko guztia eskaini beharko litzateke euskaraz»

Urrats txiki baina garrantzitsuak

Zalantzak sor ditzake aipatutako euskara planak momentuz sail bakarreko aldaketak barnebiltzeak, baina egun dituzten baliabideekin ez dago gehiago egiterik arduradunen arabera. Horregatik erabaki zuten Sail Ofizialean egitea apustu, «oihartzun handiena» duen saila delako, eta baita «foku gehien» duena ere. «Aurrekontuak eta denborak uzten digunaren baitan joango gara beste film batzuk azpidazten, baina zaila da 210 film baino gehiago garaiz azpidaztea», argudiatu du Perez de Anucitak, eta oraindik egiteke asko dutela jakin arren, «mugarri eder gisa» geratuko dela aurtengo aldaketa defendatu du.

Aginagalderen aburuz, egokia da Sail Ofizialarekin hastea, eta batez ere garrantzia ematen die erreferentzialtasun handia duen ekitaldi batek zabal ditzakeen aukerei: «Azkenean horrelako erreferentzialtasuna duen ekitaldi batek euskararen aldeko pausoak ematen baditu, euskaldunon eskubideak bermatzeko pausoak ematen baditu, errazagoa izango da gainontzeko erakunde, eragile eta beste zinemaldi txikiek edo telebistek urratsak ematea».

Pantaila handian, beraz, aldaketa nabarmena izango da aurtengoan, beranduegi etorria askoren ustetan, baina aldi berean garaiz. Beste gidoi bateko kontua izango da filmen herena euskaraz izatea, kuboaren edota bere inguruabarretan dabiltzanen euskararen erabilera herenera noiz iritsiko den.