NAIZ

Sanchezen inbestidurarako «aurrerapenak» aipatu ditu EH Bilduk, ez ordea EAJk

Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean aipatu duenez, «ez gara hutsetik abiatzen» Pedro Sanchezen inbestidurari begira. Aitor Estebanek (EAJ), ordea, ez du hauteskundeen errepikapena baztertzen. Hau guztia Feijooren hautagaitzaren bozketaren bezperan.

Mertxe Aizpurua, EH Bilduren gainerako diputatuekin batera asteartean Kongresuan
Mertxe Aizpurua, EH Bilduren gainerako diputatuekin batera asteartean Kongresuan (Javier SORIANO | AFP)

Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioak «porrot» egingo du ostiral honetan, ustekaberik ezean, eta horregatik begirada guztiak Pedro Sanchez presidente egiteko negoziaketetara berbideratzen hasiak dirak. Gaur zenbait hedabidetan argiratau denaren arabera, Moncloako oraingo mandatariaren asmoa urrian bertan karguan berretsita izatea eta horri begira urrats ugari emana du, nahiz dena isilpean gordeko den fase honetan.

Informazio horiek mahai gainean direla, Mertxe Aizpuruak, EH Bilduren bozeramaileak Madrilgo Kongresuan, Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean aipatu duenez, zenbait gauza «aurreratuta daudela» ulertzeko zantzuak egon badaude. Ez du besterik argitu, «hitz gutxi eta lan asko» baita EH Bilduren erizpidea prozesu honetan.

Elkarrizketa berean, Pedro Sanchez presidente izateko «ez gara hutsetik abiatu», aipatu du, inolako zehaztapenik eman gabe.  Datorren legegintzaldian eztabaida nazionala «behingoz» irekitzeko «bada garaia» aldarrikatu du, gaiari heltzen ez bazaio «zintzilik jarraituko» duela deitoratuz. «Aurrean dugun aukera bat da, inoiz ez bezala parez pare irekitzen zaiguna», nabarmendu du.

Bestalde, Aitor Estebanek, EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak, ez du baztertu hauteskunde orokor berriak egitea, Herri Irratian emandako elkarrizketa batean esan duenez, baina uste du Pedro Sanchezek «erraza izango ez den» inbestidura bat egiten saiatuko dela, eta urriaren lehenengo bi asteak «nahiko argigarriak» izango direla iragarri du.

Gainera, Alberto Nuñez Feijook inbestiduran izandako jarrera «oldarkorra» kritikatu du, «PPren barruan eta Vox-i begira bere lidergoa indartu nahi izan duelako», eta bide horretan «ez du lagunik» egin. EAJri bereziki eraso zion PPko hautagaiak, eta haserre bizia eragin du hori jeltzaleen artean, Daniel Galvalizik idatzitako kronika honetan jasotzen denez.

Inbestidura-saio horri buruz, honakoa gaineratu du Estebanek: «Argi zegoen ezin izango genuela negoziatu eta gero akordio batera iritsi. Hasieratik genekien. Ikuspuntu horretatik, ez da beharrezkoa izan eta klima okerragoa ere sortu du».

PPren gaitzespenak EAJri

Bi alderdi hauen arteko giro ona ozpindu egin dela nabaria da astearte eta asteazkeneko Kongresuko saioen ostean. PPren idazkari nagusiak, Cuca Gamarrak, EAJri leporatu dio Feijooren inbestidura ez babestea. Adierazi duenez, «jakina da EAJ ez dela alderdi aurrerakoia» eta ondorioz ulertezin egiten zaio PSOEk eta Sumarrek osatutako gobernuaren alde egiteko aukera.

Feijooren alderdiak ohartarazi duenez, «ez da albiste ona» EH Bildu «Euskadiko erreferentzia politiko gisa kokatzea» eta EAJ «ez da negozio ona egiten ari» bere bilakera honekin. PPrengana hurbiltzen emaitza hobeak lortuko zituela uste du.

Ostiralean izango da Feijooren inbestiduraren bigarren bozketa, eta gehiengo sinple bat beharko luke izendatuta izateko, baina ustekaberik ez bada asteazkeneko emaitza errepikatuko da berriz: 172 boz alde eta 178 aurka. Horrekin guztiz alboratua geratuko litzateke bere hautagaitza eta Pedro Sanchezenari bide emango zitzaion. Borboiko Felipek atxekimendu nahikorik izan gabe proposatu zuen PPko liderra eta horri jarraikiz gauza bera egin beharko luke PSOEkoarekin.