Alaia Sierra

Nestor Basterretxearen artxiboa Artiumi eman dio familiak, «intimoena zein hutsalena»

Artiumi egindako dohaintzan aitaren obraren «intimoena zein hutsalena» biltzen da, Gorka Basterretxeak, Nestor Basterretxearen semeak, ziurtatu duenez. Lau urteko prozesuaren ostean, gutxienez 5.000 dokumentu museoaren funts dokumentalaren parte izatera pasa dira eta erabilgarri jarriko dituzte.

Elena Roseras, Artium Dokumentazio Zentroaren arduraduna, eta Gorka Basterretxea, Nestor Basterretxearen semea, aurkezpenean.
Elena Roseras, Artium Dokumentazio Zentroaren arduraduna, eta Gorka Basterretxea, Nestor Basterretxearen semea, aurkezpenean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizko Artium museoak Nestor Basterretxea artista bermeotarraren artxibo pertsonala jaso du bere familiarengandik. 5.000 dokumentu baino gehiago ditu artxibategi horrek, tartean,  Biok altzari modernoen diseinu-enpresaren inguruko objektuak, proiektu artistikoak, zirriborroak, idatziak, gutunak, gidoi zinematografikoak, prentsa-zatiak eta materialak.

Ostiral honetan eman dute dohaintzaren berri museoan bertan. Beatriz Herraez Artium museoaren zuzendariarekin, Elena Roseras Dokumentazio Zentroaren arduradunarekin eta Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusi eta Artium Fundazioaren presidentearekin batera, Gorka Basterretxea artistaren semeak hartu du hitza sendiaren izenean.

«Zalantza eta iluntasun garai baten ondoren» museora iritsi diren kutxetan Basterretxearen lan «intimoena zein hutsalena» jasotzen dela azaldu du Basterretxeak. «Bertan pausatuko diren beste begirada batzuentzat baliagarria izan dadin» Artiumek argitara aterako duena. «Bai hura (Nestor) eta bai gure burua hobeto ulertzeko» balioko duten elementuak direla ziur dago semea, «anabasa desegiten, egitura berriz hornitu duen taldeari esker».

Artistaren artxibo pertsonal osoa biltzen du Basterretxea-Irurzun familiak emandakoak, eta haren ibilbide artistiko eta sortzailearen aniztasunaren berri ematen duten askotariko materialak gordetzen ditu. Artistak eskuz idatzitako eta mekanografiatutako testuek, gidoi zinematografikoen proposamenek, erakusketen liburuxkek, korrespondentziak, hainbat proiekturi buruzko dokumentazioak, argazki ugarik eta 1950az geroztik Basterretxean gainean argitaratu diren prentsa-artikuluek osatzen dute ondarea.

Gorka Basterretxeak esandakoarekin ados, Beatriz Herraez Artium Museoaren zuzendariak aipatu du jasotako ondarea artista «poliedrikoa» ulertzeko ibaliagarria izango dela. Gainera, Basterretxearen dokumentazioaren eta obren arteko lotura egitea ahalbidetuko dio kontsultatzen edo ikusten duenari. Bere lanaren «zabaltasuna» azpimarratu du Herraezek, baita bere «konplexutasuna» eta «trinkotasuna» ere, ekintza sozialarekin zuen harremana bereziki gailenduz.

«Basterretxearen ondare dokumental honek ikuspegi paregabea ematen du artistaren bizitzari eta lanari buruz, baita beste artista eta kultur eragile batzuekin duen harremanari buruz ere, eta aukera ematen du erreferente gisa duen papera eta Euskal Herrian arte garaikidearen garapenean egiten duen ekarpena ulertzeko. Baina, horretaz gain, Basterretxea Artxiboko dokumentazioaren aniztasunak, interesak eta zabaltasunak beren obraren testuinguru historiko eta artistikoa hobeto ulertzen lagunduko du», laburbildu dute Arte Garaikidearen Museotik.

Hainbat diziplina artistiko

Nestor Basterretxearen aurpegi guzti horiek erakusten ditu bere etxetik Atriumera lekualdatu duten funtsak. Ikus-entzunezkoei dagokienez, ‘Pelotari’ (1963), ‘Ama Lur’ (1966-1968), ‘Alquezar’ (1965) edo ‘Artea eta kulturak Amerika prehispanikoan’ (1988-1992) filmetako lan materialak bildu dituzte, bai eta egin gabeko proiektu zinematografikoak ere; hainbat arte-proiekturen zirriborroak, hala nola Arantzazuko kriptako margolanenak eta ‘La ola’, ‘La paloma de la paz’ edo ‘Urbide’ eskultura publikoenak.

Horrekin batera, bere familia- eta arte-bizitzari, munduaren eta gizakiaren ikuspegiari eta kulturako beste artista eta pertsona ospetsu batzuei buruzko gutunak eta idatziak eman ditu familiak; eta proiektu arkitektonikoei buruzko hainbat dokumentu, esate baterako Lemoizko zentral nuklearrari buruzkoa. Nabarmentzekoa da Oteizari buruzko dokumentu-bolumen handia, agerian uzten baitu bien arteko harreman pertsonal berezia.

Halaber, material horietako batzuk gaur egun ikusgai daude ‘Bilduma Hau Colección. Oinarrizko mugimenduak (1950-2002)’ erakusketan, hainbat margolan eta marrazkirekin eta ‘Operación H’ (1963) film esperimentalarekin batera.

Nestor Basterretxearen ‘Biok’ altzarien diseinuen marrazkiak, orain Artiumenak. (Endika PORTILLO / FOKU)

Bat gehiago bilduman

Duela lau urtera atzera egin du Herraezek Basterretxearen pieza desberdinez inguratutako gelan egin duten aurkezpenean. Orduan hasi zen dohaintza honen prozesua, bermeotarraren «etxe-lantegira bisita egin genuenean». Une horretatik ondorengoekin izandako «eskuzabaltasunak, konfiantzak eta konplizitateak» izandako garrantzia bereizi du zuzendariak.

Ostiral honetan amaitu zen prozesu horren ondoren, Juncal Ballestin, Rafael Lafuente, Juana Cima, Joaquin Fraile eta Gerardo Armestoren funtsekin bat egin du Basterretxearenak. Katalogatzeko eta digitalizatzeko lanaren ondoren, museoan eta Artiumen plataformaren bidez kontsulta daitezkeen dokumentu bildumak dira hauek.

Elena Roseras Dokumentazio Zentroaren arduradunak nabarmendu duenez, ikerketa- eta katalogazio-proiektu horiek «funtsezko zeregina dira memoria zaintzeko» eta dokumentu-ondarearen bitartez, «euskal artisten irudien inguruko ezagutza sortu eta zabaltzeko», bai eta «oroimena zaintzeko» ere.

Basterretxearen funtsetik oraindik argazkiak digitalizatzen ari direla azaldu du Roserasek, eta honakoa eman du argitara: «Espero dugu zenbait aste barru materiala sarean erabilgarri izatea». Hala ere, material horretara iristeko maila desberdinak egongo direla azaldu du, eta batzuk museoan bertan kontsultatu beharko dira.

Argentinatik Euskal Herrira

Nestor Basterretxea Artzadun (1924-2014) XX. mendearen bigarren erdiko euskal eskulturaren berritzaile nagusietako bat izan zen. Artista polifazetikoa izan zen eta adierazpen artistiko ugarirekin esperimentatu zuen eta eskultorez gain margolari eta zinemagile gisa ezaguna da.

Gaztetxoa zelarik Ipar Euskal Herrira lehenik eta Estatu frantsesera ondoren erbesteratuta joan zen familiarekin, 36ko Gerra hasi berritan. 1941ean, Bigarren Mundu Gerrak sortutako ezinegonak Atlantikoz bestaldera eraman zuen Basterretxea familia, Argentinara, Buenos Airesera zehazki.

Han egin zituen bere lehenengo margolanak eta beranduago beka bat lortu zuen. Aparejadore ikasketak amaituta, ezkondu eta, Jorge Oteizak bultzatuta, Arantzazuko Basilikako kriptako horma irudiak egiteko lehiaketara aurkeztu eta irabazi egin zuen, gerora bere lan gailenetako bat bilakatu dena.

Bi talde artistiko garrantzitsuren sortzaileen artean egon zen: 1957an ‘Equipo 57’ osatu zuen Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolarekin batera, besteak beste, eta 1966an ‘GAUR Taldea’, Oteizarekin eta Eduardo Chillidarekin batera. 2005ean Euskadiko Kutxaren Eusko Ikaskuntza Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen eta 2008an Lan Onari ematen zaion domina. 2014Ko uztailean zendu zen Hondarribian, 90 urte zituela.