Danel Elezkano garaiz esnatu da eta Lau eta Erdiko Txapelketan izango da aurten ere

Zaratamoko aurrelaria 5-12 galtzen joan da Darioren aurkako aurre-kanporaketa Beotibarren, baina bigarren zatian erabat irauli du neurketa 22-15 irabazten amaitzeko. Itziarren jokatzekoa zen Baikoren aurre-kanporaketa bertan behera gelditu da hezetasun arazoengatik, eta bihar jokatuko da Etxarrin.

Danel Elezkano, pilota ezkerrez mugitzen.
Danel Elezkano, pilota ezkerrez mugitzen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Danel Elezkano Lau eta Erdiko Txapelketan izango da aurten ere, Tolosan jokatu behar izan duen aurre-kanporaketan Dario Gomez 22-15 menderatu ostean. Zaratamoko aurrelaria 5-12 galtzen joan da, baina garaiz esnatu da eta partida erabat irauli du. Datorren ostiralean hasiko den txapelketa asteartean aurkezten dute, eta orduan jakingo du Elezkanok noren aurka jokatuko dituen final-zortzirenak.

Ez zen gustoko neurketa gaurkoa ez Elezkanorentzat ez Dariorentzat. Biak final-laurdenetako ligaxkan sartu ziren iaz, baina hala ere aurre kanporaketa bat jokatzera behartuta ikusi dute beren burua aurten. Horregatik, ezinegon hori ongien nork kudeatzen zuen ikustea garrantzitsua zen Beotibarren.

Alde horretatik, lehen kolpea Dariok jo du mahai gainean. Txapa urdin erori da zozketan eta lehen sakea aldeko zuela, errioxarra oso indartsu sartu da norgehiagokan. Sakearekin min eginez –aurreneko tantoa sakez egin du eta bere lehen 10 tantoetatik 4 sakez izan dira–, batzuetan txokora sakatuz eta besteetan zabalera, Elezkano lekuz kanpo ibili du uneoro.

Une horietan bizkaitarra izan da bere onetik irtenda zebilena. Adibidez, bi aldiz saiatu da (5-9an eta 5-10ean) atsedena eskatu eta eseritzen, Dariok tantoa sakez egin duenez araudiak hori debekatu egiten duela konturatu gabe. Azkenean 5-11koaren ondoren moztu du neurketa Elezkanok, baina bere ezinak zenbait tantoz jarraitu du, 7-13kora arte.

Erabateko aldaketa

Baina atsedenak eta Ekhi Ziarrusta botileroaren lan psikologikoak lortu du Zaratamokoa apur bat lasaitu eta bere jokoa egiten hastea. Zehazki bi tanto egon dira demaren norabidea aldatzeko garrantzitsuak izan direnak: 8-13koa eta 9-13koa. Tanto piloteatuak izan dira, biziak, Elezkanok bikain amaitu dituenak, zabalean boleaz lehena eta txokoan luze jota bigarrena.

Una horretan Dario izan da burua hotz mantentzeko zailtasunak izan dituena. Aipatutako bi tanto horietan ez berak eta ez Martin bere anaia gazteak ez dute atsedenik eskatu, eta damutuko ziren gero, Elezkanok hurrengo biak sakez egin dituenez 12-13kora arte ezin izan dutelako jokoa moztu.

Baina berandu zen jada: Elezkano jokoan erabat sartuta zegoen ordurako, sake-errematearekin sekulako mina eraginez, eta Dario bere onetik irtenda, sakea berreskuratu ezinik eta errestoan nola kokatu jakin gabe. Bizkaitarrak 8-0eko partziala sinatu du 20-14 aurreratu eta garaipena ziurtatzeko.

Amorrua gainetik erabat kendu ezinik

Azkenean emaitza 22-15ekoa izan da eta Dariok oso haserre amaitu du neurketa. Elezkanok ere, garaipenarekin pozik azaldu den arren, ederki ulertu du Darioren amorrua. «Emaitzarekin pozik nago. Beste urte batez txapelketa jokatzeko aukera izango dut eta nire buruari beste aukera bat emango diot. Baina era berean triste nago Dariorengatik. Ez da bidezkoa iaz partida bat irabazi eta hala ere aurten aurre-kanporaketa bat jokatu behar izatea».

Izandako erreakzioari buruz, aipatu du ez dela harritzeko egoera izan. «Dario bezalako pilotari baten aurka horrelako hasiera zail bat izatea, ez dakit normala, baina gerta daitekeen zerbait dela banekien. Lortu dut partidan sartuta egotea eta sakea berreskuratu dudanean nik ere lortu dut berari zalantzak sortzea», aztertu du.

Dariok, bere aldetik, «izorratuta» amaitu duela onartu du. «Horrelako porrot batek min egin behar du, bestela ez dugu ezer pintatzen hemen. Baina era berean ezin dut nire burua gehiegi zigortu», aipatu du. Jokoari dagokionez, errestoan ez duela batere asmatu iritzi dio. «Beti diogu buruz buruko partidetan sakea eta errestoa oso garrantzitsuak direla. Nik sakearekin asmatu dut, baina horrek ez du ezertarako balio gero errestoan huts egiten baduzu».

FITXA

Pilotakadak: 176. Partidaren iraupena: 49 minutu eta 31 segundo. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-6, 5-6, 5-12, 7-12, 7-13, 12-13, 12-14, 20-14, 20-15 eta 22-15. Sakez: 5 Elezkano II.ak eta 4 Dariok. Sakez falta: 1 Elezkano II.ak. Jokoan eginak: 13 Elezkano II.ak eta 4 Dariok. Galdutakoak: 6 Elezkano II.ak eta 4 Dariok. Gertaerak: Sarrera ahula Tolosako Beotibar pilotalekuan. Ekhi Ziarrusta izan da Elezkanoren botileroa eta Martin anaia gaztea Dariorena. Lehen sakea, urdin.

Itziarreko aurre-kanporaketa, bertan behera

Gaur Itziarren jokatzekoa zen Baikoren aurre-kanporaketa bertan behera gelditu da pilotalekuan zegoen hezetasun handiagatik. Pilotarientzat arriskutsua zela iritzita, Baikok Asier Agirre eta Iraitz Zubizarretaren arteko partida bertan behera uztea erabaki du.

Neurketa hori igandean jokatuko da Etxarriko pilotalekuan. Baikok jaialdi txiki bat antolatua zuen bertan, binakako partida bakarraz osatua, eta kaiolako aurre-kanporaketa gehitu dio programazioari. 18.30ean hasiko da jaialdia.