Teknologia berriei euskaraz irakasteko kanpainaren berri eman dute astelehen honetan Donostiako Tabakaleran. Bertan izan dira Bingen Zupiria Lakuako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Euskarako kontseilaria, eta teknologia berriekin eta euskararekin zerikusia duten eragileak, besteak beste, Librezaleak edota Bagera elkarteko kideak.
Azaldu dutenez, zenbat eta euskarazko ahots eta grabazio gehiago izan, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala. Horregatik, www.gaitu.eus atarian sartuta, plataformak bi eginkizun proposatuko ditu.
Alde batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko aukera izango da, ozenki grabatzen den bitartean. Behin eginda, atariak beste esaldi bat proposatuko dio erabiltzaileari eta gauza bera errepika daiteke nahi adina aldiz.
Beste aukera da beste hiztun batek grabatutako esaldi bat balioztatuta ematea. Horretarako, esaldi bat entzutea proposatuko zaio erabiltzaileari eta bere egitekoa esaldian jartzen duena eta ulertzen dena ontzat ematea izango da, ongi badago, ongi dagoela adieraziz, eta zuzena ez bada, egokia ez dela ohartaraziz. Aukera hau ere nahi adina aldiz errepika daiteke.
Nazioarteko ekimen ireki eta kolaboratibo bat
Aukera horiek posible dira ‘Common Voice’ deritzon nazioarteko ekimenari esker. Egitasmo irekia, irabazi asmorik gabea eta kolaboratiboa da. 105 hizkuntzatan hasiak dira jada ekimenean ahots ekarpenak egiten, eta ia beste horrenbestetan prestatzen ari dira.
Zupiriak agerraldian adierazi duenez, hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan, eta horregatik, «euskara guk geuk sartu behar dugu mundu digitalean». Hain zuzen, horixe da ‘Gaitu’ kanpainaren helburua, milaka ahots eta milaka grabazio ordu euskaraz lortzea.
Teknologiak hizkuntzarekin «harreman zuzena» duela erakusten duten eguneroko bizitzan erabiltzen diren adibideak aipatu ditu, hala nola sakelako telefonoari diktaketa bidez emandako mezuak, pertsona jakin bati deitzeko ahots bidezko agindua, ibilgailuko nabigatzailearen jarraibideak eta etxeko domotika gailuei ahots bidezko aginduak. «Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu», esan du.
‘Itzuli’ itzultzaile neuronala
Urte hasieran onartutako Hizkuntzaren Teknologien Ekintza Planaren barruan kokatu du ekimena sailburuak, eta beste proiektu batzuk ere aipatu ditu; horien artean, ‘Itzuli’ itzultzaile neuronala eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) egindako ikerketarekin lotutako kolaborazioak nabarmendu ditu, ahots espontaneoaren transkripzioa hobetzeko, euskararen gaitasun maila automatikoki detektatzeko eta desgaitasuna duten pertsonei ahots pertsonalizatuen teknologia helarazteko.
Bestalde, Ollok nabarmendu du proiektua bat datorrela Euskarabidea Institutuak azken urteotan euskararen eta teknologia berrien arteko harremanak estutzen laguntzeko abiatu dituen lan ildoekin.
Izan ere, bere hitzetan, «sailaren plangintza estrategikoan, hasiera-hasieratik lehentasunezkotzat jo zen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak euskararen berezko garapen nitxo bihurtzea, euskararen eta modernitatearen arteko lotura estutzeko estrategia gisa».
Horrela, beste ekimen batzuk aipatu ditu, hala nola ‘Sarean euskaraz’, ‘Euskara aleka’ eta ‘Euskararen oihartzunak’ podcastak, ‘Mattin eta Kattalin’ haurrentzako bideo bilduma eta Wikipediarekin egindako lana.
«Euskarak hizkuntzaren teknologien erronkei aurre egiteko funtsezkoa da administrazio publikoen bultzada eta herritarren inplikazioa, kasu honetan bezala. Helburua euskal hiztunen komunitateak ‘Gaitu’ proiektua bere egitea da. Administrazio publikoen zeregina herritarrak parte hartzera bultzatzea eta parte hartze hori erraztea da», azaldu du.