Iraitz Mateo

‘Joan, Joana’ transexualitatea lantzen duen gazteentzako eleberria aurkeztu du Alberdaniak

Francisco Castro idazle galiziarraren ‘Joan, Joana’ gazteentzako eleberria euskaratu du Mitxel Muruak. Haur transexual baten inguruko eleberria da. Eskolako futbol txapelketa antolatzeko momentuan bertako zuzendaritzak ez dionesken taldean parte hartzen utziko, «neska ez delako».

‘Joan, Joana’ libururaren aurkezpenean Francisco Castre idazlea, Mitxel Murua itzultzailea eta Jorge Gimenez editorea.
‘Joan, Joana’ libururaren aurkezpenean Francisco Castre idazlea, Mitxel Murua itzultzailea eta Jorge Gimenez editorea. (Andoni Canellada | FOKU)

«Askatasunari kantu bat» da ‘Joan, Joana’ liburuaren egile Francisco Castrorentzat. Joana jaio zenean, Joan zela uste zuten denek, eta hala inskribatu zuten. Ikastetxeko futbol txapelketa dela eta, Joanak neska talde bat osatu nahi du, baina zuzendariak ez dio uzten, bere ustez mutila delako. Eta hor lehertzen da gatazka; haur eta gazteei zuzendutako eleberria ondu du idazle galiziarrak.

Astelehen goizean aurkeztu dute liburua Donostian. Mitxel Muruak itzuli du euskara Alberdania argitaletxearentzat eta Erria Txikota! saileko hirugarren alea da. Jorge Gimenez Bech editorearen ustez, «konprometitutako idale baten artea» erakusten du eleberriak, eta kronikatik asko badu ere haratago joan eta literatura sortzen duela aitortu du.

«Aurreiritzien aurkakoa da liburua, batez ere helduen aurreiritzien aurkakoa», azaldu du astelehen goizean egindako aurkezpenean Castro idazleak. Izan ere, bere ustez haurren artean «errazago» ulertu eta errespetatzen dira elkar, eta sarritan arazoa helduengan dagoela zehaztu du: «Gizartea errealitatea baino bi urrats atzeratuago dago, eta helduak are gehiago».

Futbol txapelketa batean kokatzen da eleberria, eta bai idazleak eta baita itzultzaileak ere, berehala aipatu dute Rubiales. Muruak gaineratu du: «Rubialesena pasa zenean, liburu honekin gogoratu nintzen. Berak edo beste hainbatek erakurri izan balute, ezberdin landuko zen auzi hau».

Gizartean eman beharreko urratsak

Muruaren iritziz, gizonek «zailtasunak» dituzte egun feminismoaren baitan beraien lekua topatzeko: «Homosexualitatea ulertu dugu, baina transexualitatea haratago doa, eta askotan errespetuan soilik geratzen gara, aurrerago joan behar dugu».

Eta horren adibidetzat jarri du eleberrian ere lehenengo amak ulertzen eta babesten duela Joana, eskolan ere neskak gertuago dituela, eta zuzendaritzak ez diola ulertzen. Ekarpen bat egiteko asmoa ere badu lanak: «Sexua, generoa eta identitatea ezberdintzen ikasi behar dugu, eta orain artean maizegi nahasi izan ditugu».

Bestalde, oso liburu «bixia» dela aipatu du itzultzaileak eta nabarmendu du «sentimenduetatik arrazoietarako bidea» egiten duela liburuak, eta horrelakoak eskoletan landu beharreko gaiak iruditzen zaizkiola gaineratu. Castrok ardura ere azpimarratu du: «Literaturak errealitatean esku hartzeko betebeharra du».