Lau eta Erdiko Promozio Txapelketa aurkeztu da asteazken honetan. Ostiral honetan hasi eta azaroaren 11an amaituko den txapelketa honetan txapela eta datorren urtean mailarik giorenean lekua –Salaberriak iaz lortu zuen esaterako– bilatzen saiatuko diren zortzi pilotarik hartuko dute: Baiko Pilotako lau ordezkarik; hots, Alberdi I, Alberdi II, Eskiroz eta Zubizarreta III, eta Aspeko beste lau; hau da, Egiguren V, Mata, Gaskue eta Exposito.
Iaztik hona zenbait aldaketa daude Promozio Txapelketako parte-hartzaileen artean. Adibidez, aspaldiko partez, bi atzelari ariko direla jokoan «kaiolan», Eskiroz eta Gaskue, biak ere multzo berean sartuta gainera. Min hartuta, Bakaikoa eta Zabala Lau eta Erdiko Promozio Txapelketatik at geratu dira.
Bestalde, parte hartuko duten pilotarietako bakarrak ere ez du aurrez lehiaketa hau irabazi, baina hiruk badakite finala jokatzea zer den: Alberdi I.a, 2019an, Iraitz Zubizarreta –Agirreren aurka Lau eta Erdiko atarikoa galdu berritan datorrena– 2021ean eta Egiguren V.ak, 2020an eta 2022an.
Zozketaren ondoren, taldeak honela osatu dira: Alberdi II, Eskiroz, Exposito eta Gaskuek A multzoa osatuko dute eta, beraz, Alberdi I, Egiguren V, Mata eta Zubizarreta III.ak, B multzoa
Pilotariek final-laurdenetako liga jokatuko dute lehenik eta behin, eta hortik lau onenek finalerdietara egingo dute salto. Finala azaroaren 11n jokatuko dute. Finala non jokatuko den ez dago argi oraindik; Iruñeko Labrit ez behintzat, egokitzapen lanak atzeratuta doaz-eta.
«Aukera bikaina da guztiontzat. Irabazleak datorren urtean onenen aurka gutxienez atarikoa jokatzeko eskubidea izango du eta denoi abagune ederra zabaltzen digu. Hargatik, denok egon nahi dugu hemen eta behin hemen gaudela, ahalik eta txapelketarik onena egitea nahi dugu ere», onartu du Egiguren V.ak aurkezpenean.
Bere aburuz, faboritoen zerrenda ia jokalari guztiak hartzeko modukoa da. «Alberdi anaiak hor daude; zubizarreta ere momentu onean dago eta baita Exposito ere. Ia denek eman dezakete sorpresaren bat eta aurrean zeinahi egokituta ere, maila oso ona eman beharko da», adierazi du Antiguoko aurrelariak.
Lehenengo jardunaldia
Ostiral honetarako Agoitzen eta Atarrabian antolatu dituzten pilota jaialdietan ekingo diote pilotariek Lau eta Erdiko Promozio Txapelketako final-laurdenetako lehenengo jardunaldiari. Alberdi I.a eta Zubizarreta III izango dira aurrez aurre Agoitzen eta bestetik, Egiguren V.a eta Mata neurtuko dira Atarrabian.
Larunbatean, berriz, Eskirozek eta Alberdi II.ak elkarren indarrak neurtuko dituzte Laudion, Aretan. Eta igandean, Tolosan, aurreneko jardunaldiari itxiera emango diote Gaskuek eta Expositok.
Jaialdi hauetarako sarrerak entradasfronton.com atarian eskuratu daitezke.
Aingeru de la Fuentek debuta egingo du Asperekin
Bestalde, asteazken honetan Aspek jakitera eman duenez, Aingeru de la Fuente aurrelariak (Eugi, 2002-05-30) debuta egingo du hilaren 27an Elizondon. Jokin Etxanizen gainbegirada izan ostean, datozen bi urtetarako sinatu du kontratua enpresarekin.
«Oso txikitatik gustatu zait pilota. Urte asko daramatzat Asperen babesean eta nire lehen kontratua sinatzeak ilusio handia egiten dit eta oso pozik nago», adierazi du aurrelariak.
De la Fuentek hilaren 27an egingo du debuta Elizondon, bertako jaietan, baina oraindik ez da karteldegia zehaztu. Bien bitartean, Eugiko aurrelariak argi du zein den bere helburua: «Nire maila hobetzeko eta nire bertsiorik onena emateko lan egingo dut».