Urtzi Urrutikoetxea

McCarthyren kargugabetzearekin Alderdi Errepublikanoaren miseriak agerian dira

Kevin McCarthy joan da. Baina Ganberako kaosa bertan geratu da, eta orain instituzioaren blokeoa gehitu zaio. «Speaker»-ik gabe ezin legerik atera, eta itxialdiaren arriskua uxatzen duen Gobernuaren finantzaketa 40 egunerako doi-doi onartuta dago. Nor ausartuko da bere burua aurkeztera? 

Kevin McCarthy, iragan urtarrilean «speaker» hautatu zutenean, eta Ganberatik ateratzen asteartean, kargugabetua izan eta gero.
Kevin McCarthy, iragan urtarrilean «speaker» hautatu zutenean, eta Ganberatik ateratzen asteartean, kargugabetua izan eta gero. (Mandel NGAN | AFP)

Amets amerikarraren» figura tradizionalaren antzera, Kevin McCarthyren anbizio politiko handiena Ordezkarien Ganberako buru izatearekin lotu dute AEBetako hedabideek luzaroan. Herrialdeko hirugarren agintari nagusia da Behe Ganberako burua, presidentearen eta presidenteordearen atzetik. McCarthy kargua lortzeko zorian egon zen 2015ean, John Boehnerrek dimisioa iragarri zuenean. Baina artean hautagai fribolo bat baino ez zirudien Donald Trumpek McCarthy ez zela komeni esan ondoren, hautagaitza erretiratu behar izan zuen.

Ez zuen berehalakoan etsi, ordea. 2016ko primarioetan Trump babestu ez bazuen ere, hura Etxe Zurira sartzean presidentearengana hurbiltzen hasi zen. 2021ean Kongresuaren aurkako eraso trumpista gertatu zenean, Kaliforniako ordezkaria oso kritiko agertu zen matxinoekin, baina hurrengo hilabeteetan berriz ere urratsak egin zituen presidente ohiarekiko harremana hobetze aldera.

Duela urtebeteko hauteskundeetan itxaropen handia zeukaten errepublikanoek. Abortuari buruzko Auzitegi Gorenaren ebazpenak ekarritako shock-aren ondorioz, baina emaitzak uste baino apalagoak izan ziren: senatari bat galdu zuten, eta, Ordezkarien Ganbera bereganatu bazuten ere, hain da txikia gehiengo errepublikanoa (221-212), ze, sarritan, bi alderdietako botoak behar baitira gai garrantzitsuak aurrera ateratzeko. Hamabost bozketa behar izan zituen McCarthyk aginte makila lortzeko, eta Trumpen laguntza apur bat.

McCarthy urtarrilean onartu behar izan zuen neurrietako baten biktima izan da. Freedom Caucuseko ultrek herenegun gertatu zena ahalbidetzen zuen mekanismoa eskatu zioten –beste zenbait neurri zentzugaberekin batera–, hau da, Ganberako buruaren aurkako prozedurari ekiteko asko izatera, diputatu bakarrak, batek bakarrik, hala nahi izatea. Horrek, bistan da, erabateko karta eman dio Freedom Caucusari, nahieran egiteko xantaia Speaker-ari: edo guk nahi duguna egin, edo kalera zoaz.

Udaberrian, gastu muga adostu zutenean –McCarthyk eta Bidenek negoziatu zuten, bi aldeetako babesarekin eta bietako inor ez zegoela guztiz ados–, Matt Gaetz ultraren taldekideek «jatorrizko bekatu» deitu zion Ganberako buruaren mugimenduari. Orain, udaberrian onartutako gasturako finantzaketa onartu behar zuten, baina errepublikanoak kosta ahala kosta saiatu dira murrizketak ezartzen. Ganberan onartuta ere, Senatuak atzera botako zuela jakitun. Errepublikano gehienek bat egin dute neurri horietako batzuetan, ez dezagun ahaztu, ez Trumpen MAGA jarraitzaile ultrek bakarrik.

Bere agintaldi laburrean, bereak eta bi egin ditu McCarthyk biak uztartzeko, eta etengabe gora egin du ultren presioak.

 

Bere agintaldi laburrean, bereak eta bi egin ditu McCarthyk biak uztartzeko, eta etengabe gora egin du ultren presioak. Azken bi asteotan Speaker-ak aurkeztutako proposamen guztiei ezetz erantzun diote sistematikoki. Gobernuaren itxialdia eragoztea ezinezkoa zirudienean, 45 egunerako behin-behineko akordioa iritsi zen: epean mugatua, presidenteak eskatzen zituen gastuetako asko onartuz, baina Ukrainarako dirua kanpoan utziz. «Norbaitek pertsona heldu baten moduan jokatu beharra zeukan», adierazi zuen Speaker-ak; bere agintaldi laburreko esaldi ezagunena izango da ziur aski. Udaberriko «jatorrizko bekatuaren» ondoren, McCarthyk bazekien kolokan zeukala Ganberaren Presidentetza. Eta halaxe onartu zuen, demokratengana hurbiltzeko ahaleginik egin gabe. Hilabete baino gutxiago da, azken batean, Joe Bidenen aurkako impeachment edo kargugabetze prozesua iragarri zuenetik.

Ganberako burua, berez, bi alderdiak bateratzen jakin behar lukeen figura da, alderdi batekoa izan arren. Baina ia 30 urte dira Newt Gingrich Speaker errepublikanoak figura hori baztertu zuenetik; bere buruaren eta alderdiaren zerbitzura jarri zuen kargua, Bill Clintonen Gobernua higatzeko. Egunotan haserre agertu da Gingrich errepublikanoek emandako ikuskizunarekin. Izan da gogoratu dionik berak hasi zuela asteleheneko bozketara arte luzatu den zikloa. «Newt Gingrichek toxinak bota zituen Estatu Batuetako lakuan, eta orain kexu da Matt Gaetz bezalako hiru begiko arrainengatik», leporatu zion Matthew Dowd alderdiko aholkulari ohiak. Gingrich bera izan zen Gobernuaren shutdown edo erabateko itxieraren bultzatzailea. Haren aurretik ere izan ziren, gai zehatz bateko diru partidetan egon zitezkeen ezadostasunengatik, baina gai zehatz horri zegozkion. Orain, berriz ere, herrialde guztia arnasari eusten egon da azken egunotan. Itxialdiak lau milioi lagun soldatarik gabe baina lanean uzten ditu, gehien behar dutenentzat sosak eta laguntzak eteten dira, oinarrizko zerbitzuak bertan behera geratu, eta eragina dauka armadatik aireportuetara, eta hemen, Washingtonen, zabor bilketatik ezkontza agirietaraino aldarazten du herritarren bizimodua.

«Beraz GOP-ek (alderdi errepublikanoak) euren Ganberako presidentea kanporatu dute, herrialdea Gobernu itxieraren ertzera ekarri ostean, Presidentetzarako hautagai nagusia iruzurragatik auzitegian dagoen bitartean, epaileak isilarazita idazkaria iraintzeagatik… Eta galdera Joe Bidenen adina da?», bota du Mehdi Hassan NBCko aurkezle ezagunak. Ez zaio arrazoirik falta AEBetako errealitate politikoa aztertzean. Errepublikanoek transmititzen duten kaosaren ondoan, txikikeriak iruditu daitezke Hunter Biden presidentearen semearen aurkako auzibideak –eta, egia da, ezin dira konparatu Trumpek dituen akusazio larriekin–. Edozelan ere, argudio arriskutsua da norberaren mediokritatea aurkariaren kaosaren atzean ezkutatzea. Gerta liteke aurkariak etxea konpontzea. Ados, ez da horrelakorik nabari errepublikanoen artean, baina amildegira ziztu bizian doan tren horrek erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu 6-8 hilabeteko epean, Trumpen aurka espero litezkeen lehen zigorrak heltzean. 

Amildegiaren ertzetik, itxialdia eragotzi zuten joan den larunbatean. Bost aste barru ataka berean egongo gara, ordea. Alderdi Errepublikanoa irudi negargarria ematen ari da, eta herrialde osoa jarrera ulertezin horien biktima da. Baina ezin ahaztu, halaber, McCarthyren alde agertutako gehiengo handia. Ez da gutxietsi behar trumpismoak bahitutako alderdia, baina gogoan hartu behar da 221etik zortzik bozkatu zutela McCarthyren aurka, eta hauteskundeen aritmetikak sortutako emaitzak ekarri diela xantaia gaitasuna. Errepublikano gehienengan gaiak sortu duen haserrea akuilu interesgarria izan liteke, ondo bideratuko balute.

2024ko zurrunbiloak oso urrun dirudi oraindik. Alde batetik, hortxe bueltan dago, baina, bestetik, Ganbera presidenterik gabe dago, ezin da legerik onartu, eta larunbatean adostutako 45 eguneko epearen bost egun joan dira. 40 egun dituzte Gobernuaren finantzaketa adosteko, edo berriz ere itxialdiaren arriskua iritsi aurretik. McCarthyrekin oso zaila izan da akordioa, baina Ganberako presidentetzarik gabe ia ezinezko dirudi.