Iraitz Mateo

‘Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika’, bell hooksen ikuspuntua hezkuntzaz

Katakrak argitaletxeak argitaratu du euskarazko bell hooksen azken lana, hezkuntzaren inguruko hausnarketa eta proposamenak jasotzen dituena. Pedagogiaren, hizkuntzaren, segregazioaren zein ikasleek duten ahotsaren inguruko gogoetak jasotzen dira bertan.

 

Nora Salbotx aitzinsolasaren idazlea eta Amaia Apaulaza itzultzailea.
Nora Salbotx aitzinsolasaren idazlea eta Amaia Apaulaza itzultzailea. (Jon Urbe | FOKU)

Katakrak argitaletxeak, liburu bat argitaratzekoan hiru gako izaten ditu buruan bertako editore Hedoi Etxarteren arabera: kezka sortzen duen gai bat izatea, kezka horren inguruan gogoetatzen ari den talde edo mugimenduren bat egotea eta kezka gizarteko esparru ezberdinetan egotea. Garai ezin hobean jo dute gai ezin egokiagoarekin, hezkuntzarekin, alegia. Udazkenean argitaratuko dituzten liburuetako lehena aurkeztu dute ostegun goizean Donostian, bell hooksen ‘Transgresioa irakasgai. Hezkuntza askatasunaren praktika’. Aurkezpenean izan dira editoreaz gain Amaia Apaulaza itzultzailea eta Nora Salbotx aitzinsolasaren idazlea.

«Hezkuntza gure egunerokoan dago presente, izan lan gatazkak, legeak, pedagogia edota haurtzaro zein gaztaroko hainbat arazoren erantzule gisa markatzea», kontatu du Katakrakeko editoreak eta beraz, gai garrantzitsua dela iritzita eta bell hooks pentsalari, aktibista eta idazlearen lanak zabaltze asmotan euskaratu dute lan berria. Etxartek adierazi du egun ez dela «ohikoena» idazle beraren liburu bat baino gehiago argitaratzea, baina interesa sortzen duen idazlea izanik garrantzitsua iruditzen zaiela bere obra bat baino gehiago euskarara ekartzea.

Egiturari dagokionez, argitaletxearen oharraz eta aitzinsolasaz gain, 14 atal biltzen ditu liburuak. Aurkezpenean aitortu dute oso material ezberdinetatik osatutako liburua dela, eta 14 artikuluetan hitzaldi zatiak, elkarrizketak, bere hausnarketak zein proposamenak jasotzen direla. Elkarrizketetako bat, adibidez, Gloria Jean Watkins (bere berezko izena) eta bell hooksen (bere izengoitia) artekoa da, hausnarketa edo ikuspegi ezberdinak plazaratzeko baliabide gisa.

Esperientzia pertsonaletik, teoriara

Amaia Apalauza arduratu da hooksen ikuspegia euskarara ekartzeaz. Aitortu du hasieran zalantzak izan zituela gaiarekin, «mugatua» iruditzen baizitzaion, hezkuntza komunitatearen interesekoa soilik. Baina okertuta zegoela ohartu zen berehala: «Ikasgela barruan identifikatutako gatazketatik proposamenak egiten ditu, eta gogoeta horiek ikasgelatik kanpo ere erabilgarriak dira». Hooksen bi ikuspegi nabarmendu ditu: begirada intersekzionala eta batez ere, hiru ardatzen baitakoa, «arraza, generoa eta klasea. Arrazatik hasi zen borrokan eta gero generoaren zein klasearen borrokek zeharkatzen zutela konturatu zen».

Esperientzia pertsonaletik eratorritako hausnarketak plazaratzen ditu hooksek liburuan, eta duen «abiapuntua» interesgarria dela azaldu du Apalauzak: «Eskola segregatu batean hasi zen ikasten hooks, beltzen eskolan, eta kontrahegemonikoa iruditzen zitzaion eskola hori; pentsatzen irakasten zietelako, eta ez errepikatzen, beltzen ahalduntzea sustatzen zuen eskola zen». Baina eskola segregatu horretatik «zuriak eta beltzak» zeuden eskolara igaro zen ondoren hooks, eta hor arazo ugari topatu eta aldarri bat egiten omen zuen: «Integrazioarena oso ongi, baina zama handiena beti beltzengan uzten duzue, lehenago joan behar dugu eskolara sarreran zuriekin gatazkarik ez egoteko eta gimnasioan itxaron beraiek sartu arte». Unibertsitatea «banku-hezkuntza» gisa definitzen zuen, ikasleek datuak buruz ikasten zituztelako, eta bere ibilbide pertsonalean oinarrituta hainbat proposamen plazaratzen ditu euskaraz argitaratu berri den liburuan.

‘Hizkuntza mundu berriak/ hitz berriak irakasgai’

Salbotxek idatzi du liburuko hitzaurrea, eta aitortu du «sekulako pozez» jaso zuela proposamena. Aurkezpenean agerian geratu da Salbotxek hooksi dion miresmena eta berak egindako ekarpenak ongi ezagutzen dituela. Hainbat aipatu ditu, eta horietako bat hizkuntzarena da: «Hizkuntzaren atala Euskal Herrian ongi ulertu eta bertaratu dezakegula iruditzen zait, berarentzat hizkuntza erresistentziarako tresna da». Tresna izateaz gain, idazle amerikarrak hizkunztaren bidez herritarrek «elkar ukitzen» dugula aldarrikatzen du, eta Salbotxek azaldu du idazleak aipaturiko «hizkuntza esperientziak» Euskal Herritik irakurtzea interesgarria litzatekeela.

Hezkuntza teorian ez geratzearen, «errezeta magikorik» ez egotearen eta esperimentaziotik abiatzearen ekarpenak garrantzitsuak dira hitzaurrea irakasle nafarraren arabera, eta «irakastea praktika perfotmatibo» gisa ulertzearen balioa azpimarratu du. Horrekin batera, hooksek «entzuketa aktiboa» aipatzen du liburuan eta bere ustez ere jarrera politiko bat izaki, egungo hezkuntzan ezinbesteko zutoina litzateke. Eta hirugarren «ekarpen erraldoi» bezala kontzientziazioaz mintzatu da Salbotx: «Ikaslea subjektu gisa ulertzen du, eta ondorioz inguruko gauzak problematizatuz praktika eraldatzaileak martxan jartzearen garrantzia azpimarratzen du, eta praktika horiek, norberaren esperientziak teoriarekin berresten ditu. Zirkulu hori osatzea oso interesgarria da; adibidez, egun nork politizatzen du jantokietan jaten duguna?».

Gloria Watkins baino, bell hooks

Katakrak argitaletxeak euskarara ekarritako hooksen bigarren lana da hau, lehena ‘Feminismoa denon kontua da’ izan zen, eta oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian. Izan ere bell hooks izenez sinatzen duen Gloria Jean Watkins (1952-2021) AEBko pentsalari, aktibista eta irakasle ezaguna izan zen, amonaren izena hartu zuen goitizentzat, eta propio idazten du beti letra xehez, nork esan baino zer esaten denari eman nahi diolako garrantzia.