Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

2024ko apirila arte luzatu du frantziar Estatuak mugaren itxiera

Urriaren 30ean amaitzekotan zen azkeneko prorroga. Alta, frantziar Gobernuak dagoeneko 2024ko apirilaren 30era arte gutxienez muga hetsia atxikitzeko xedea jakinarazi dio Bruselari. 12.000 herritarrek babestu duten Etorbidea zubia irekitzearen aldeko kanpainari amaiera emanen diote bihar Hendaian.

Irun eta Hendaia arteko Etorbidea zubiaren irekitzea galdetzeko 12.000 sinadura bildu dituzte.
Irun eta Hendaia arteko Etorbidea zubiaren irekitzea galdetzeko 12.000 sinadura bildu dituzte. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Estatuak mugak ixteko erabakia hartu zuenetik hirugarren urtemuga beteko da heldu den urtarrilean.

Euskal Herriaren baitan barne zirkulazioa oztopatzen duen politika hori amaitzeko asmorik ez du, gaur gaurkoz, Emmanuel Macronen Gobernuak.

Are, euskal agintariek zein gizarte zibileko ordezkariek behin eta berriro luzaturiko eskaerari mespretxuz erantzun dio frantziar Gobernuak.

Joan zen maiatzean luzatu zuen azkenaldian mugan kontrol iraunkorrak atxikitzeko baimena frantses Estatuak.

Migrazioa eta terrorismoaren aurkako erronkak aipatzearekin batera beste argudio bat eman zuen joan zen udaberrian Macronen Gobernuak muga hetsia atxikitzeko: frantses Estatuan irailaz geroztik jokoan dagoen Munduko Errugby Txapelketa.

2024ko uztailaren 26tik aitzin Olinpiar Jokoak Parisen egingo direla aintzat hartuta, aurreikusi zitekeela sei hilabeteko prorroga berri horen segida izango zuela idatzi zuen orduan NAIZek, eta aurreikuspenak betetzeko bidean dira.

Urriaren 30an amaitzekotan zen prorroga beste sei hilabetez luzatzeko asmoa jakinarazi diotelako aste honetan bertan frantses agintariek Europar Batasuneko (EB) agintaritzari.

Hala, 2023ko azaroaren 1etik 2024ko apirilaren 30 arte mugan kontrol iraunkorrak atxikiko erabakia ofiziala egin du frantziar Estatuak.

Argudio bi eman ditu Parisek Schegen Tratatuaren arabera arrazoitu behar delako pasabideen berrezarpena.

Tramitea betez mehatxu terrorista eta EBko kanpoko mugaren ematen den egoera aipatu dituzte frantziar agintariek, modu zinez orokorrean, Euskal Herriko barne komunikazioaren etendura larria sortzen duen erabakia sustatzeko.

Herritarren ekimena

Joan zen uztailearen 3an Frantziako Tourra Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zehazkatu zuelarik 2021. urteaz hesituta dagoen Etorbidearen zubia ireki zuten. Hendaiako eta Irungo auzapezek zubiaren erdia bostekoa emanez ospatu zuten pasabidearen irekitzea.

Alta, tropela behin Bidasoako eskualdetik alde egin zuelarik oinezkoentzat eta txirrindularientzat igarobide naturala den Avenida zubia berriro itxi zuten, uztailaren 4an.

Egoera hori salatzeko iragan agorrilaren 8an sinadura bilketa abian jarri zuten 30 hendaiarrek.

Geroztik, informazio mahaiak eman dituzte, sinaduren bilketa sustatzeko, eta QR baten bidez Interneten bidez salaketa egiteko aukera eman dute.

Orotara 12.000 herritarr baino gehiagok izenpetu dute eskualdeko lagunen joan-jinentzako ezinbestekoa den pasabidea.

Kanpainiari bultzada emateko xedez hainbat ekimen burutu dituzte.

Hala nola joan zen irailaren 10ean herritarrek parada ukan zuten haien potreta zubia hesten duen hesiaren aitzinean hartzeko.

Argazki bilduma horren bidez aurpegi anitza duela zubiak irekitzeko aldarrikapena irudikatu nahi izan zutela.

Aldarrikapena eta artea batuz, kanpainari amaiera eman diote larunbatean, urriaren 7an, Hendaian.

Hala, 11.00etan Hendaiako Herriko Etxera bertaratuko dira Kotte Ezenarro auzapezari sinaduren bilduma emateko. Ordu erdi beranduago aipaturiko herritar soilen argazkiez osaturiko erakusketa irekiko dute. Inside Out kale arteko eraskusketa horretan 75 potreta erakutsiko dituzte.

Finean, 12.00etan piknika partekatua batetaz gozatzeko parada izanen dute Gaztelu Zahar frontoira bertaratuko diren lagunek eta 14.00etatik aurrera dantza egiteko ere.