NAIZ

Manteoko parkearen alde egin dute berriz, Udalak lanak hasteko baimena eman ostean

Sukaldariz jantzita egin dute bidea partehartzaile hauek.
Sukaldariz jantzita egin dute bidea partehartzaile hauek. (Andoni Canellada | Foku)

Aste honetan bertan eman du Donostiako Udalak Basque Culinary Centerreko eraikin berria eraikitzeko lanetarako baimena, baina honek ez du egitasmo honen aurkako mugimendua geldiarazi. Aurretik iragarrita zegoen mobilizazioa burutu dute, Gros auzotik atera eta Udaletxera helduz, Manteo-Zemoria parkeen defentsan.

Egitasmoa bertan behera uzteko aldarrikapena entzunarazi diote Eneko Goia alkateari, ibilbide osoan txistuei zarata ateratzen ibili baitira ehunka partehartzaileak.

Honelako mobilizazio ugari burutu dituzte azken hilabeteotan, baina hau lehena da lanetarako baimena onartu denetik. Bultzatzaileen asmoa lanak azaroan abiatzea da. Horrekin orain erabilera publikoa duen gune berdea desagertuko litzateke.

Greenpeace erakundeak atxekimendua eman die ostiral honetan BCCren eraikin berria toki horretan ezartzearen aurka dauden erakundeei. SOS Manteo izeneko plataforma ari da protesta hauek bultzatzen, Uliako Auzo Elkartearekin batera.

 

Sukaldariz jantzita egin dute ibilbidea partehartzaileetako batzuk, honekin BCCri ere interpelazio zuzena eginez. Eraikin hori hiriko beste lekuren batean jar daitekeela argudiatzen dute Gros eta Uliako auzokide hauek, jada populazio eta trafiko handia biltzen duen eremuan beste azpiegitura oso handia ezartzea saihestuz.