Miserere kolikoen farmazia haiek
Avellanedan, Enkarterrietako Museoan, antzinako botika ontziak eta tresna medikoak daude ikusgai; biriketako minen edo koliko miserere beldurgarrien garaietara bidaiatzeko aukera bat da. Medikuak zaldian zeraman egurrezko maletatxoa eta azido azetil salizilikoa aurki daitezke, baina ez piluletan.
Antzinako farmazia baten egurrezko apalategia, garaian erabiltzen ziren kristalezko eta portzelanazko flaskoekin, odontologoaren antzinako tresnak edo medikuak herririk herri eta baserriz baserri zebilenean zaldian eramaten zuen egurrezko botika-kutxa, oraindik substantzia ezberdinak gordetzen dituzten potoekin... Objektu horiek Enkarterrietako Museoan daude, antzinako farmazia batek eta oro har medikuntzaren lanbideak zeukan itxurara hurbiltzeko aukera paregabea ematen duen espazioan.
De la Colina familiak gobernatutako farmazian erabiltzen ziren ohiko tresnak dira, eta XIX. mendearen hasieraraino doan farmazialari leinuak museoari egindako dohaintza da. Beste garai batzuetako lekukoak dira, beste gaixotasun batzuk eta, ziurrenik, gaurko gizartearen minekin zerikusi gutxi izango luketen minen erakusle, Migel de la Colina gaurko farmazialariak azalduko lukeenez.
XX. mendearen hasieran sortutako altzaria da museoan ikusgai dagoena. La Baluga auzoan irekitako farmaziak erakusten zuen altzari neoklasikoa, eta garaiko botika ontzien bilduma kontserbatzen du. Javier de la Colina leinuko edadetuenak erabili ditu altzari horiek, baita flaskoak ere. Avellanedan, tresna horien ondoan egindako ibilbide profesionala ekarri du gogora, eta harekin, izugarri aldatu den lanbide baten hainbat pasadizo agertu dira.
Gaur kontsumitzen diren medikamentuen artean pilulak izango dira botiketako izar nagusia. Dosi ezberdinetako kutxetan heltzen dira farmaziara eta horrela saltzen dira, baina garai batean oso bestelakoa zen botiken bulego baten funtzionamendua, «formula magistralekin egiten zen guztia».
Medikuak egiten zuen errezetari jarraituz, flasko horietan gordetako substantziak nahasiz prestatu behar ziren medikamentuak. «Pazienteak errezetarekin etortzen ziren eta formula magistrala prestatu behar zen. Farmazia espezialitateak hasi baino lehen, formula magistralaren bidez egiten zen ia dena», azaldu du Javier De la Colinak.
Funtzionamenduak farmaziara jotzeko era bera aldatzen zuen. Horren erakusle, botikan zain egoteko zuten bankua gordetzen duela kontatu du: «Zortzi lagun jesarrita hartzen zituen banku horrek, elizaren bankuen tankerako bat da, jendea bertan jesartzen zen, botikaren zain. Batzuetan momentuan zerbitzatzen genuen prestakina, baina beste batzuetan esan behar genien «arratsaldean etorri, denbora beharko dut hau prestatzeko».
Kontserbatzen ditu farmazia formula horietako batzuk, «supositorioak prestatzen genituen, injektagarriak...». Azkenaldian, zehaztu duenez, farmazialarien elkargora joan behar ziren injektagarriak prestatzeko.
Antzinako lanbidearen kronika horretan, garaian ezaguna zen erremedio baten kartela agertzen da, farmazian bertan eskegita egon zen kartel hori. Blanco izeneko albaitari baten asmakizuna zen, «aitak prestaketaren esklusiba zeukan», argitu duenez.
«Abortuen kontrako medikamentua zen, animaliekin erabiltzen zena. Prestakin bat saltzen zen, abortuak prebenitzeko, nahiko arrunta zen. Zorrotxo batean zetorren, urarekin nahasten zen eta animaliei ematen zieten, abortuak saihesteko, txerto baten modukoa zen», azaldu du.
1814an hasi zen dena
Herenaitonarekin hasi zen De la Colinaren farmazia leinuaren historia Sopuertan. Gutxi gorabehera 1814. urtean zabaldu zituen ateak lehen botikak Enkarterriko udalerrian, eta herrietan kokatzen zen lehenengoetako bat izan zen, ordura arte hiribilduetan egoten baitziren, Portugaleten, Lanestosan… baina ez herrietan.
Erakusketaren irekieraren harira, Avellanedan eskainitako hitzaldi batean datu batzuk eman zituen Bizkaiko Farmazia Elkargo Ofizialean ardura ezberdinak izan dituen farmazialari sopuertarrak. Erretiratuta dago gaur egun, eta ondorengoek kudeatzen dute hasierako farmazia harekin zerikusi gutxi izango duen egungo botiken bulegoa.
Iragan horren argazki bat izateko, gogoratu zuen industrializazioarekin herria hazi eta Sopuerta eta Galdamesen artean 5.000 biztanle baino gehiago zeudela erroldatuta. Inguruan, 6.000 langile izatera iritsi ziren uneren batean, zehaztutakoaren arabera.
Garaiko istorioek garaian zeuden eritasun nabarmenenez ere hitz egiten dute. Meatzaritzaren booma gertutik ezagutu duen eskualde batean, farmazia izateak berebiziko garrantzia izan behar zuen, zalantzarik gabe.
De la Colinaren aitona mediku izan zen Zallan 40 urtez. Gogoratu zuenez, zaldiz egiten zituen kontsulta batetik besterako joan-etorriak. Beste batzuetan, trenez egiten zuen ibilbidea, «geltokira ateratzen zituzten Arangureneko paper-fabrikako gaixoak», aipatu zuenez.
Geratu diren istorioen artean, hazizurriekin lotutako bat ekarri zuen gogora. Paperak zituen gazte bat aurkitu zuen bidaia horietako batean, eta unean atera omen zizkion. «Apur bat neurriz gainekoa da nire ustez, baina horrela atera omen zizkion paperak. Egun desagertu den gaixotasun bat da, orain tratatzen da, baina garai batean estututa egon behar zuen hesgailua jarri behar zen», kontatu zuen.
Aititeren ezpatak beste istorio bat ekarri zuen. Antza denez, bastoi baten barruan gordetzen zen ezpata hura, eta bideetan aurki zitzakeen erasotzaileengandik babesteko erabiltzen ei zuen. Gau batean, zaratak entzun zituen bidean eta ezpata atera behar izan zuen bastoitik; ez zuen erabiltzeko beharrik izan, halere.
Biriketako mina garaiko beste izarretako bat zen gaixotasunen artean. Nabarmendu zuenez, pneumoniak oso ohikoak ziren eta jende asko hiltzen zuten, berdin miserere kolikoak...
Urteekin, farmazien inguruan ardura berriak agertzen joan ziren. De la Colinak azaldu zuenez, Udaleko ikuskatzaile farmazeutikoaren figura zegoen, tokiko osasungintzaren ardura nagusia zuen mediku ikuskatzailea eta udal albaitaria. Udal ikuskatzaile farmazeutikoen zereginen artean ur edangarrien kontrola zegoen. Esan zuenez, 36 urte eman zituen ardura horretan. Kolza olioa immobilizatzea tokatu zitzaion, Solareseko uraren kutsadura ere bai, eta kolera-agerraldi bat. Iragan urrunetik hurbilenera, zeharo aldatu da farmazia. Mikel de la Colina semeak adierazi zuenez, minak fisikoagoak ziren lehen, eta izaera psikikoago bat dute gaur egun.