NAIZ

EAEko espetxe eskumenaren garapenari buruzko balorazio «itxaropentsua» helarazi du Sarek

Sarek irakurketa «itxaropentsua» egin du Lakuak espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik bi urte bete direnean. Hala ere, oraindik «jarrera blokeatzaileak» daudela azpimarratu du, «ardura handia» onartuz.

Sarek 2022ko urte amaieran Martutenen egin zuen mobilizazioa.
Sarek 2022ko urte amaieran Martutenen egin zuen mobilizazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2021eko urriaren 1ean espetxe eskumena bere gain hartu zuen Lakuak. Bi urteren buruan Sarek irakurketa «itxaropentsua» egin du. «Aurreko egoera batetik etorrita, non salbuespenak baitziren jarduteko arau komuna, EAEko espetxe administrazioak izandako bilakaera geldoak, baina, gutxienez, eboluzioak, balorazio horretara garamatza, non itxaropena zabaltzen den, hainbat hamarkadatan zehar esparru horretan jasan den bidegabekeriaren aurrean».

Euskal presoen eskubideen aldeko antolakundeak gogora ekarri du duela bi urte abiatutako prozesuak «ikusmin positiboak» sortu zituela. «Garai berri horretan, espetxe politika normalizatu batek bidea ireki beharko luke, euskal presoen kasuan eskubideen urraketa argiak ekarri dituzten eta eragiten jarraitzen duten hainbat hamarkadaren ondoren». Zentzu horretan gogora ekarri dute eskariak ez duela «inongo zerikusirik pribilegioekin». «Espetxe politika eta justizia baten beharrarekin lotzen da gure aldarria», gaineratu dute.

Datuetan oinarritu du Sarek bere balorazioa. 2021eko urriaren 1etik, 3. gradura 846 progresio onartu dira, eta horietatik 16 Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baliogabetu ditu, hau da, %1,89. «ETArekin lotura» duten presoen kasu espezifikoan, 55etik 13 baliogabetu dira, eta 7 Fiskaltzaren helegitearen zain geratu dira. Hau da, %24 baliogabetu egin dira. «Horrek alde ikaragarria dakar beste delitu mota batzuetako baliabideekin alderatuta».

Honek iraganarekin lotuta mantentzen dituela adierazi du Sarek. «Salbuespenezko espetxe politika aplikatzen jarraitzen da. Duela 20 urte baino gehiago sortu eta onartutako ‘terrorismoaren aurkako borrokan’ pentsatutako legediak jasaten ari gara, egungo egoerarekin zerikusirik ez duen legedia alegia».

Jarrera «blokeatzaileak»

Hala ere, erabakiak oraindik Euskal Herritik urrun hartzen direla kritikatu du. «Urrutitik, ehunka kilometroetatik, Fiskaltzatik eta Auzitegi Nazionaletik presoei buruzko erabakiak hartzen dituzte. Ez dakite ezer presoen benetako bilakaeraz eta ez zaie ezer axola. Ez dute aitortzen haien jardunak zuzenean alderatzen dituztela espetxeetako tratamendu batzordeetako kideek, profesionalek hartzen dituzten presoen aldeko erabakiekin, haiek baitira preso horien bilakaera hobekien ezagutzen dutenak».

Jarrera «blokeatzaile» horrek «ardura handia» sortzen duela onartu du Sarek. Hala ere, oro har, «aurrera» egiten ari dela nabarmendu nahi izan du. «Aurrerapen hori azkarrago egin nahiko genuke; izan ere, askatasunik gabeko pertsonak dira, urte askoko zigorrak betetzen ari direnak, eta, neurri hori hartuta, hirugarren gradura igarotzeko proposamena egin beharko zuketenak, aspalditik».

Honela «ausardia» eta «egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea» eskatu du, «bizi dugun unean kokatuta, gertatutakoaz ezer ahaztu gabe, baina behar diren neurriak hartuta, gainditutako indarkeriaren faseari behingoz bukaera emateko, minik sor ez dadin».