NAIZ

Gipuzkoako Batzar Nagusietan euskararen aurkako «oldarraldia» salatu dute EAJk eta EH Bilduk

Euskararen aurkako «oldarraldi judizialak» salatu eta Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako mobilizazioarekin bat egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJk eta EH Bilduk. Aldundiari eskatu diote «eskura dituen baliabideak eskura jartzeko» eraso horiei aurre egiteko.

Kontseiluak azaroaren 4erako deitutako mobilizazioarekin bat egin dute EAJk eta EH Bilduk.
Kontseiluak azaroaren 4erako deitutako mobilizazioarekin bat egin dute EAJk eta EH Bilduk. (Aritz Loiola | FOKU)

Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkura izan da asteazken honetan, eta euskararen gaia hizpide izan dute EH Bilduko Maddalen Iriartek eta EAJko Maria Eugenia Arrizabalagak. EH Bilduk azken hilabeteetan euskara jasaten ari den oldarraldiaren aurrean «herri gisa erantzun bat behar dela» jasotzen zuen mozioa aurkeztu du eta aurrera atera da EAJren babesarekin; bi alderdiek Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako mobilizazioarekin bat egin dute.

Foru Aldundiari eskatu zaio euskararen gaia erdigunean jartzeko eta erakundean bertan zein bere ardurapean dauden elkarte edo organismo publikoetan euskararen aurkako erasoak jasotzen direnean, erabili ditzala «eskura dituen baliabide guztiak eraso horiei aurre egiteko. Normalizazio eta biziberritze politikak garatzeko eta euskarak etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko eskatu du Iriartek: «Oldarraldi judizial eta politikoa da, erantzun sendoa behar duena, euskal hiztunen, herritarren eskubideen eta autogobernuaren aurka doalako».

Arrizabalagak epaitegietatik datorren «oldarraldi judiziala» gaitzetsi du: «Euskararen Legeak agintzen duena baliogabetu nahi dute epaitegiek, eta euskararen normalizaziorako berrogei urteko bidea baztertuz: batzuetan euskara eskakizunak ‘neurrigabeak’ iritzita, besteetan ‘diskriminatzaileak’». Aldiz, «euskaldunak gure herrian, 2. mailako hiritar egin nahi gaituzte», gaineratu du.

Azken urte eta hilabeteetan gertatutako «erasoaldi judizialak» zerrendatu ditu Arrizabalagak: 2021ean Irungoa, 2022an Laudiokoa, eta aurtengo Barakaldo, Ondarroa edota Gipuzkoako Aldundiarena den Uliazpi Fundazioaren kontrakoak.

Konstituzio Auzitegi espainiarrak uztailean emandako sententzia «bereziki larria» dela salatu du EAJko bozeramaileak, Udal Legearen 6.2 artikulua «bertan behera» uzten zuelako: «Euskal udalek euskara lehentasunez erabili ahal izateko aukera indarrik gabe utzi zuen, Espainiaren Konstituzioaren aurkakotzat jota». Bestetik gogoratu du, Nafarroan «etengabekoa» dela euskararen aurkako jarrera, eta gehitu du Iparraldean inoiz ezingo zaiela langile publikoei «euskara eskatu».