Joseba Salbador Goikoetxea

Eguneroko keinu txikiekin energia aurreztu dezakegu

Gure egunerokoan egiten dugun energia-kontsumoa kontrolatzea oso garrantzitsua da ez bakarrik gure ekonomia pertsonalari eta ongizateari begira, baita ikuspuntu ekologikotik ere. Keinu txiki batzuekin hori guztia lortu dezakegu.

Egunez termostatoa 19 gradutan edukitzea nahikoa da. Hortik gorako gradu bakoitzak %7 areagotuko du kontsumoa.
Egunez termostatoa 19 gradutan edukitzea nahikoa da. Hortik gorako gradu bakoitzak %7 areagotuko du kontsumoa. (Getty IMAGES)

Energia aurrezteko neurri erraz batzuen bidez, etxeko fakturen kostuak murriztu ditzakegu eta, bide batez, planetari trantsizio ekologikoan eta klima-aldaketaren aurrean lagundu.

Energiaren Euskal Erakundearen arabera, lehenik eta behin funtsezkoa da herritarrok energiaren balioaz kontzientzia handiagoa hartzea. Horretarako, “Egunean eguneko energia, erabilera eraginkorrerako gida” kaleratu du, «kontsumitzen dugun pertsona guztiok energiak benetan zer balio duen ezagutu eta uler dezagun».

Horrekin batera, gure eguneroko bizitzak, etxean nahiz gainerako jardueretan, «energia zentzuz eta eraginkortasunez kontsumitzeko ohitura hartzeko» hainbat aholku eskaintzen ditu.

Berokuntza da etxeko energia-kontsumoaren lehenbiziko iturri nagusia. Isolamendu termikoarekin batera, termikoki erosoa izango den etxebizitza lortzeko faktore garrantzitsuenetako bat berokuntza-sistema eta erabilera egokia da.

Horrela, Energiaren Euskal Erakundeak hainbat aholku eskaintzen ditu, beti ere argi utziaz berokuntzaren helburua ez dela etxean norbera bero izatea, baizik eta hotzik ez izatea.

Hortaz, egunez termostatoa 19 gradutan edukitzea nahikoa da. Hortik gorako gradu bakoitzak %7 areagotuko du kontsumoa. Gauez, ordea, hobe da berokuntza itzaltzea edo 17-18 gradutan uztea.

Etxetik kanpo ordu batzuk eman behar ditugunean, ez da itzali behar berokuntza: lehenetsitako tenperatura 17 gradutara jaistea nahikoa da. Era berean, termostato normalaren ordez, programagarria erabiltzea gomendatzen da, egunaren arabera eta eguneko orduaren arabera tenperatura desberdina programatzeko moduan.

Eta galdara berritzeko orduan, kondentsazio-galdara aukeratzea gomendatzen da. Zenbat eta errendimendu handiagoa, kontsumo txikiagoa izango du galdarak eta, ondorioz, kostu txikiagoa ere.

Ura aurreztea, energia aurreztea
Berokuntzaren ondoren, etxeko energia-kontsumoaren bigarren iturri nagusia ur beroa da. Horregatik, aholku nagusiena etxeko ur beroa beharrezkoa denean soilik erabiltzea da, eta premiarik ez badago, ur txorrotak irekita ez uztea. Ura aurreztea energia aurreztea da.

Bainuak dutxak baino lau bider ur eta energia gehiago kontsumitzen du, horregatik dutxak hartzea gomendatzen da, bainuak hartu beharrean. Gainera, norbera garbitzeko aski da ura 30-35 gradutan irtetea.

Horrekin batera, komenigarria da kontsumo gutxiko dutxa-buruak ezartzea, presioa jaisteko gailuak txorrotetan eta termostatodun tenperatura-erregulatzaileak. Horiekin guztiekin, energia kantitate handia aurreztea lortuko dugu.

Etxeko elektrizitate kontsumoa
Ikuspuntu ekologikotik funtsezkoa izateaz gain, gure etxeko elektrizitate kontsumoa kontrolatuz mesede handia egingo diogu geure ekonomiari.

Kontratatutako potentzia egokia aukeratzea da elektrizitate faktura aurrezten lagunduko digun beste faktore garrantzitsuenetako bat. Zenbat eta etxeko tresna gehiago izan aldi berean abian, orduan eta potentzia handiagoa kontratatu beharko dugu. Horregatik, garrantzitsua da etxeko tresnak egoki erabiltzea eta potentzia kontratatua horren arabera doitzea.

Gaur egun, etxebizitzarik gehienetan 2,5 eta 5 kW bitarteko potentzia dute kontratatuta. Hala ere, 2,5 kW-etik beherako potentziarekin argia eta etxeko tresna elektriko txiki batzuk izan ditzakegu. Aldiz, berokuntza elektrikoa eta aire girotuko sistema izanez gero, gutxi gora behera 9 kW-eko potentzia behar izaten da.

Etxe-tresna elektrikoak
Etxetresna elektrikoen energia-etiketari begiratzea ere oso garrantzitsua da, horri esker, oso erraz jakin dezakegulako erositako ekipamendua eraginkorra den ala ez. Izan ere, funtzio zehatza duen tresna zehatz baten kontsumoa hiru aldiz handiagoa ere izan daiteke D motako tresna batean, A motako edo handiagoko tresna batean baino.

A+++ etiketa duten etxetresna elektrikoek energia gutxiago kontsumitzen dute funtzio berbera betetzeko. Gainera, gama eta kalitate handiagoko aparailuak izaten dira, elementu iraunkorragoekin.

Erabilpenari dagokionean, ontzi-garbigailuaren eta arropa-garbigailuaren edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzea komeni da, baita ahal den guztietan EKO programak erabiltzea ere. Hozkailuaren atea beharrezkoa denean bakarrik eta ahalik eta denbora-tarte laburrenean irekitzea komeni da.

Aparatu elektronikoei dagokionez, «stand by» moduak energia kontsumitzen du. Hortaz, komeni da erregeletak erabiltzea deskonektatzeko eta energia-gastua eta argiaren faktura murrizteko.

Argiteria
Argiteriak, azkenik, etxean kontsumitzen dugun energiaren %10 inguru hartzen du; energia-premiarik handienetakoa da beraz. Argiteria egokiaz energia aurreztu nahi badugu, lehenengo eta behin argi izan behar dugu eguzki-argia dela argirik onena: naturala da, doan, eta ez du kutsatzen.

Gainera, etxebizitzako zatietako bakoitzean zer argi-beharrizan dugun aztertu behar dugu; eremu guztiek ez dute argitasun berdina eskatzen, ez denbora berean ezta intentsitate berean ere. Geletako bakoitzean argi-maila egokia zainduz ere aurrez dezakegu energia.

Modu batera edo bestera, funtsezkoa da kontsumo txikiko lanparak erabiltzea (elektronikoak badira hobeto), edo LED motakoak: A++ mailako energia-etiketadunak. Argi horiek, betiko bonbilen ondoan, %85 arteko energia aurrezpena eragiten dute.

Energiaren Euskal Erakundearen gomendioen laburpena.