Maite Ubiria

Austeritatearen aurkako ikurra altxatuta berriz ere karrikara jo dute sindikatuek Baionan

Bizitza garestitzea salatzeko jauzi dute karrikara sindikatuek. Astelehenean Parisen izanen den goi-bilera sozialaren atarian, indar erakustaldia egitea da erretreten erreforma arbuiatzeko eginiko azkeneko protesta handiaren lau hilabetetara heldu den gaurko mobilizazio egunaren xedea.

Tren geltokitik atera da Suprefeturan amaitu den martxa, Baionan.
Tren geltokitik atera da Suprefeturan amaitu den martxa, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar intersindikalaren bultzadapean greba eta mobilizazio eguna da urriaren 13a. Bizitza garestitzaren testuinguruan austeritarearen aurkako mezua zabaldu dute sindikatuek soldaten emandatzea galdetuko dutela, baita emazte eta gizonen arteko soldata arrakala gainditzeko neurri eraginkorrak ere.

Suprefeturan bere helmuga duen martxa Santa Ursulatik abiatu da. 10.30etan emana zuten hitzordua sindikatuek Baionan baina ordu laurden bat beranduago abiatu da segizioa.

 

Erretreten aurkako mobiliazioekin alderatuta jende gutxiago bildu da Lapurdiko hiriburuan antolaturiko protestan.

Izan ere, greba deialdiak, hainbat sektoretan eragina ukan du.

Hala nola eskualdeko tren zerbitzuan, baita baita Biarritzeko aeroportuan ere.

Esaterako, Parisen helmuga zuten Transavia konpainiako hegaldirik ez dago gaur. Orotara hamabost bat hegaldi bertan behera gelditu dira Ipar Euskal Herriko aerodromoan.

SNCF tren konpainiak azaldu duenez eskualde trenetan eragina izaten ari da greba deialdiak ez ordea LGV (AHT) zerbitzuan.

Autobus eta Tram'Bus zerbitzuetan ez da aparteko eraginik espero.

Saltokietan ere deidiak ez du erantzunik ukan.

Zerbitzu publikoak eta erretreten sistema defendatzeko beharra azpimarratu dute, bestalde, sindikatuek, gaurko mobilizazio egunari begira.

Hala, osasun sisteman eragina izanen du greba deialdiak. Familia medikuen sindikatuak bat egin baitu mobilizazio deialdiarekin.

Gizarte zerbitzuetako langileak ere greba egitera deitu dituzte sindikatuak.

Bestalde, gizarte segurantzatik kanpo jarduten duten mediku liberalek ere haien kabineteak hesteko deia jarraitu dute gaur, kasu honetan tarifen emendatzea galdetzeko asmoz.

CFDT, CGT, FO, CFE-CGC, CFTC, UNSA, Solidaires et FS estatu mailako sindikatuek babesten dute erretreta hartzeko adinaren gibelatzea salatzeko eginiko azkeneko mobilizazio handiaren eta lau eta hilabete pasatxo heldu den urriaren 13ko deialdia.

Ipar Euskal Herriko LAB sindikatua bautu da, baita ere, mobilizazio egunera.

Aipaturiko sindikatuek azaldu dutenez «europar markoaren baitan antolaturiko» lehenengo protesta eguna da gaurkoa. Hain zuzen Parisen aratsaldean iraganen den mobilizazioan herrialde ezberdinetako ordezkariak izanen dira.

Lan baldintzen hobetzeak, kalitatezko enplegua bermatuz, ezinbestekotzat jotzen dute inflazioaren testuinguruan iraganen den protesta horren deitzaileek.

Lan hitzarmenen gaineko eztabaidak bultzatu

«Frantziako sindikatuek guztiz arbuiatzen dute europar mailan plantan eman daitekeen austeritate politika», azaldu dute aipaturiko zentralek gaurko mobiliazioari begira plazaratu duten agirian.

«Frantzian lan hitzarmen gaineko negoziaketan abian diren honetan mobilizatzea funtseskoa da elkarrizle horiek langileen soldatak eta orohar lan baldintzak hobetzea ahalbideratu dezaten», gainerako dute sindikatuek.

Era berean, Europako Batasunean zorra publikoa murrizteko aitzineratu nahi dituzten politiken gainean oharra egin dute sindikatuek.

Haien ustez, iraganeko esperientziek erakusten duten bezala, austeritate politikek zerbitzu publikoen higatzea ekartzen dute. Hala berdin osasun zerbitzuan zein hezkuntza alorrean inbertsioak atxikitzera eta beharrezkoa denean baita emendatzera ere galdetu dute.

Beti ere erretreten erreformaren kalteak salatuz, hain zuzen Emmanuel Macronek bultzaturiko egitasmoaren porrotaren erakuslerik argiena dela pentsio konplementarioen funtsan (Agirc Arrco) eskua hartzeko asmoa, baita langabezi saria tipitzeko egitasmoa adierazi dute sindikatuek.