Subjektu feministarena aspalditik datorren debatea da, bizi-bizi jarraitzen duena. Eta bizitu dute oraingoan ere, ‘Asteriskoa: subjektuaren inguruko eztabaida’ mahai inguruan Mijo Lizarzaburu feministak, Hernaniko Harrotzen taldeko Alex Iturraldek eta EHN*Gen koordinadorako Uma Ulaziak.
Ezbaian jarri dute gazteen mugimendu honen izena ere: neska* subjektua, baita izena ‘Gazte Feministak’ aldaerara mudatzeko aukera planteatu ere. Baina hartutako erabakia ez dute igandera arte jakinaraziko.
Aurretik, eztabaida kokatu dute. Zerren arabera eraikitzen diren subjektu politikoak? «Subjektuak eraiki izan dira existitzen ez diren natura baten baitan. Esan digute emakumeak garela naturalki, naturalki garela ahulagoak, sentikorragoak, zaintzaileagoak. Kontuz ibili behar dugu esentzialismo edo naturalizazio horrekin, naturaltzat hartzen duelako politikoa den gatazka bat. Eta, beraz, sinestarazten digu ezin dela aldatu. Hori guztia falazia bat da. Atzerritartasun legeak ematen du arraza, Estatu espainiarrarekin dugun gatazkak egiten gaitu euskaldun eta independentista, gizonekin ditugun gatazkak egiten gaitu emakume», esplikatu du Lizarzaburuk.
Identitateak, beraz, eraiki, deseraiki eta erabaki daitezke, eta «estrategikoak» izan behar direla baietsi du Lizarzaburuk, besteak beste, gizon klasea, burgesia ala heteropatriarkatua borrokatzera bideratu behar direla, «zapalkuntza erregimenak betikotzen dituzten sistemekin amaitzera». Adibide modura esan du gizon klasea bukatzeko bat egin dezaketela emakume, bollera eta transek. «Baina emakumeekin dugun borroka puntu batera arte iritsiko da, zeren gizonen desagertzeak, ezinbestean, emakume klasearen desagertzea ekarriko du», azaldu du.
Indarguneak eta mugak
2017-2018 artean hasi ziren Euskal Herrian Neska* Gazteen taldeak sortzen. Udaleku feministak antolatzen hasi ziren lehenik, gero ‘Egin dezagun Topa’ topaketak antolatu zituzten, Elizondoko baterajotzea ostean. Usurbilen dira orain, bigarren baterajotzean, Neska* Gazteak markaren aterpean. Egun, hortaz, izen horrek taldearen «gaitasun estrategikoa» aitortzeko balio du, «sendotu, zabaldu eta egonkortzeko» egin duen lana ordezkatzeko, Uma Ulaziaren esanetan. 2018Ko greba feministaren harira hedatu zen asteriskoaren ideia –mugimendu feminista emakumeak ez diren subjektuetara ere zabaltzeko sistema, bollera eta transengana, kasurako– eta bere egin zuten gazte feministek. Alta, asteriskoak «mugak» dituela onartu dute larunbat honetan. «Asteriskoak ez du izendatzen, eta izendatzen ez dena ez da», agertu du EHN*Gazteen koordinadorako kideak.
Gatazka hau herriz herri landu dute Neska* Gazteen talde ezberdinek, eta Alex Iturraldek Buruntzaldeako kasua ekarri du Usurbilgo baterajotzera. Gazte feministen lau talde dira bertan; Traka Andoainen, Harrotzen Hernanin, Kafe Tertulia Usurbilen eta Asunak Lasarte-Orian. Azkenengo biek Neska* Gazte modura izendatzen dute beraien burua, hala egiten dute, oraingoz, lau taldeak batzen dituen Buruntzaldeako koordinadoran ere. Andoain eta Hernaniko taldeek, ordea, hausnarketa prozesu bat burutu ostean, erabaki dute nahiago dutela gazte feminista bezala aurkeztu, espazio feminista hori guztientzako «bizigarria» izan dadin, Iturraldek zehaztu duenez. «Gure sarearen muina ez da neska izatea, feminista izatea da. Horrek elkartzen gaitu, ez neska izateak», nabarmendu du hernaniarrak.
Usurbilgo frontoian, zuzendu zatzaie Uma Ulia sare zabal honetako kideei, interpelatu ditu, esanez gehiengoa emakumea, heterosexuala, zuria eta argala dela. Ohartarazpen bat ere egin die: «Arau patriarkalek indarrean segitzen dute, besteak beste, arau hauek betetzen ditugulako, betetzen dituzuelako». «Eta emakume izateak berezkotik ez badu ezer, arau hauek ez betetzeko aukera erreala da», baieztatu du, Mijo Lizarzaburuk esandakoari helduta.
Zentzu horretan, bollera eta trans subjektuak «estrategikoak» direla esan du, «patriarkatuaren erreprodukzioa oztopatzen dutelako, arauak ez betetzea posible dela demostratzen dutelako». Eta, momentuz, izenetik hasita, EHN*Gen kolektiboak «ez du ireki espazio seguru bat bollera eta transentzako», onartu du Uliak. «Espazio hori sortzea denon lana da», azpimarratu du, eta hori praktikarekin gauzatu behar den arren, lehenengo pausua emateko aukera ireki dute gazteek. Taldetan banatu eta eztabaida hasi dute. Igandean jakinaraziko dute ea EHN*Gak izena mantenduko duten edo Euskal Herriko Gazte Feministak izango diren aurrerantzean.