Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Ludovic Laduche
Puntista

«Pilotari abiadura ematen badiogu, finalerdietan bezala, posible da Jai Alai Liga irabaztea»

Zesta-puntako Jai Alai Ligako lauko finalean sartu da Ludovic Laduche (1994, Getaria, Lapurdi), Thibault Basquerekin batera. Lapurtarrarentzat «ziurrenik bizitzako finalik garrantzitsuena izango da». Erkiagaren eta Sorozabalen aurka jokatuko dute bihar Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, 19.30ean.

Ludovic Laduche puntista, Getarian (Lapurdi)
Ludovic Laduche puntista, Getarian (Lapurdi) (Guillaume FAUVEAU)

Getarian (Lapurdi) jarri du hitzordua Ludovic Laduchek. Herri txikia da eta xarma handia du. Urria izanagatik ere, eguzkitsua dago zerua. Lapurtarrak azaldu du eskuinean Bidarteko hondartza ikus daitekeela, eta ezkerrean Donibane Lohitzunekoa. Itsasertzean dagoen taberna batean hizketan hasi da puntista.

Jai Alai Ligako finala jokatuko du Laduchek, Thibault Basque bere bikotearekin batera. Finalerdietan ezustekoa eman zuten Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez mendean hartuta, bi setetan (13-15 eta 12-15). Izan ere, bi puntista zumaiarrak ziren faborito nagusiak txapela irabazteko, haiek izan baitira Ipar eta Hego Euskal Herriko zesta txapelketan aurrelari eta atzelari onenak –Gernikako Winter Series, Donibane Lohizuneko Nazioarteko Torneoak, Miarritzeko Urrezko Xisterak eta Pauko Kopa txapelketak batuta–. Finalerdietan, ordea, kanpoan utzi zituzten lapurtarrek. 

Aurreneko aldiz jokatuko duzue, bai zuk, bai Basquek, Jai Alai ligako final bat, aurreko lauretan ez baitzarete iritsi finaleraino. Nola zaudete?

Oso pozik gaude, eta guretzat oso berezia da horrelako final bat jokatzea. Thibout eta biok betidanik jokatu dugu elkarrekin; kasik urte berekoak gara: berak 28 ditu, eta nik 29. Frantziako taldearekin munduko txapeldunak izan ginen 22 urtez azpiko mailan. Betidanik batera entrenatzen dugu, eta elkarrekin jokatzen dugu edo elkarren aurka. Eta txapelketa profesional batean, finalerdietan, Goikoren eta Lopezen aurka... Finalerdietan galdu edo irabazi, oso pozik egoteko moduan geunden. Gainera, Goikoetxearen agurra zen.

Jokatu ez ezik, irabazi ere egin zenuten, faborito nagusien aurka ezustekoa emanda. Gainera, bi setetan irabazi zenieten.

Uste dut Jai Alai ligak asko lagundu digula, ikusi zelako Goikoetxeak eta Lopezek pilota asko galdu zituztela, normalean galtzen ez dituztenak. Beste finalerdia [Erkiaga-Sorozabal eta Johan-Minvielle] gure aurretik jokatu zuten, eta hor ikusi genuen Aritz Erkiagak zailtasunak zituela errebotean. Erkiaga da munduko onena errebotean, oso ondo ematen dio. Momentu horretan pentsatu genuen zaila izango zela errebotean ematea, orduan esan nion Thibaulti [Basque]: «Gaur ahal duzun guztietan sartu behar duzu». Errebotea ez baita nire indarguneetako bat.

Partidan uste dut errebotean hamar aldiz baino gutxiago eman niola, eta Thibault asko sartu zen airez, indarrarekin, eta asko asmatu zuen. Aurkariek pixka bat huts egin zuten, zalantzetan ibili ziren. Uste dut Goikoetxea ez zela partidan sartu azken setera arte, ia partida amaierara arte.

Basquek neurketa oso ona egin zuen. Sei pilota bakarrik galdu zituen. Lopezi, ordea, deseroso ikusi genuen pilotalekuan.

Bai, pilota oso bizi zihoan, eta Jai Alai Ligako partida batean sei hutsegite egitea, niretzat, kasik zero egitea bezalakoa da. Lopezek oker gehiago egin zituen, Thibaultek sekulako indarra zuelako, eta pilotari azkartasuna ematen ziolako.

Finala Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal bikotearen aurka izango duzue. Nola ikusi zenituen finalerdietan?

Ziurrenik berriz ere ez gara faboritoak izango, Aritzek [Erkiaga] ia txapelketa guztiak irabazi baititu. Baina uste dut partida lehiatua izango dela. Finalerdietan bezala, pilotari abiadura ematen badiogu, posible da. Thibaulten eta nire arazoa hau da: edonoren aurka irabaz dezakegula, eta edonoren aurka galdu. Zaila izango da irabaztea, baina Aritz ahalik gutxien sartzen bada jokoan, posible da.

Nolako finala izatea espero duzu?

Garrantzitsua izango da saketik hasita, pilota Aritzen gainetik pasatzea. Badakigu Aritz jokoan sartzen ez bada, gero Gorka dagoela. Oso ongi jokatzen ari da, eta betidanik ezagutzen dut, eta badakit ez dituela akats asko egingo. Eskuinarekin eta ezkerrarekin ongi moldatzen da. Uste dut Aritzi pilota kendu behar diogula, baina ez dugu asko pentsatu behar. Finalerdietan egin genuen joko berdina egin behar dugu. Pilotari bizitasuna eman, indarra eman, gure artean hitz egin, hutsik ez egin, eta tantoak luzeak izan daitezela. Biok fisikoki indartsuak gara, eta partidak ordu eta erdi iraun behar baldin badu, guretzat ez da arazorik egongo.

«Formula hau, Jai Alai Liga, oso ondo dago, onenak iristen direlako lauko finalera»

Nola ikusten zarete?

Ez gara faboritoak, Aritzek dena oso ongi egin dezakeelako. Azken hiru urte hauetan oso ongi jokatzen ari da, Goikoetxearen aurretik egoteraino, orain 43 baititu. Baina badakigu Aritzek gauzak gaizki ere egin ditzakeela. Momenturen batean zalantza egiten badu, bera errematatzera joango da, eta momentu horretan nik ongi defendatu behar dut. Lehen esan dizut errebotean ez naizela ongi moldatzen, baina hankak baditut. Badakit Aritz errematatzera joango dela, hori delako bere jokoa, eta nik eusten saiatu behar dut.

Jai Alai Ligako lehen txapela dago jokoan.

Guretzat ziurrenik bizitzako finalik garrantzitsuena izango da. Thibault eta niregatik esaten dut. 22 urtez azpiko munduko txapeldunak izan ginen, eta hori ere momentu garrantzitsua izan zen biontzat. Oraintxe bertan, inoiz jokatu dugun bigarren partidarik garrantzitsuena; lehena, astelehenean [bihar] jokatuko duguna izango baita.

Lau lapurtarretatik hiru finalean sartu zarete.

Esan dezaket oso harro gaudela finala jokatuko dugunak lautik hiru lapurtarrak garelako. Baina sailkapena ongi begiratzen baduzu, lehen hirurak ez dira lapurtarrak, Erkiaga, Lopez eta Goikoetxea baizik. Zortzitik bost lapurtarrak gara, baina azken bostak. Nik nahiago dut Lapurdiko lau izan, baina laurak lehenak. Lapurdiko bost izan arren, ikusten da hegoaldean ere badagoela jendea ongi jokatzen duena, eta ez hori bakarrik, irabazi egiten dizuna ere. Hori positiboa da.

Autobusen bat antolatu al da Durangora joateko?

Durangoren arazoa da 500 pertsona inguru bakarrik sar daitezkeela. Orduan, autobus bat betetzea zaila izango da. Espero dut frontoia beteta egotea. Hemengo jendeak galdetu dit ea ikustera joateko aukera duten, ea lekurik badagoen. Ziurrenik hemendik jendea joango da finala ikustera.

Bidasoaz bi aldeetako txapelketak aurrenekoz batu dira, eta Jai Alai Liga sortu dute. Zer balorazio egiten duzu ligaz?

Jai Alai Liga urte askoan gertatu den gauzarik onena da. 17-18 puntista izango gara, eta munduko onenak, zalantzarik gabe. Eta gero, lau txapelketen artean puntista onenek irabazten dute Jai Alai Liga. Ligaren historia ezagutzen duenak badaki beti sekulako partidak jokatu izan ditugula, baina jokatzen duzu pixka bat edonoren aurka. Formula hau, Jai Alai Liga, oso ongi dago, onenak iristen direlako lauko finalera. Kirolari bezala, egin daitekeen gauzarik onena da.