Larunbat honetan izango da, Errenterian, Juneren Hegoak Eguna, pailazoak, musika, jolasa eta beste hamaika gozagarri eskainiko dituen eguna. Ekintza guztiak Gernika plazan izango dira, ‘Urteak bete, Abenturak bizi!’ ikuskizuna izan ezik. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna Lekuonan izango da. Sarrerak salgai jarri ziren egunean bertan agortu ziren. Sudurgorriek une asko partekatu dituzte elkartearekin, Bizipozako kide dira biak eta aniztasuna balio bat dela goraipatzen dute bertan.
Juneren Hegoak Egunean, 11.00etatik 14.00etara elkarteko boluntarioek dinamizatutako puzgarriak, aurpegi margoketa eta eskulan tailerrak izango dira. Kromosoma Tailerraren joko erraldoiak eta Pocoyo pertsonaia iere bai.
12.00etan, Elipsis dantza taldeak haur pertsonaien ikuskizuna eskainiko du, eta 13.00etan 501st Legion eta The Pink Force igoko dira oholtzara, ‘StarWars’ sagaren zaleen gozamenerako.
Arratsaldean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldiaz gain, 18.00etan Euphoria taldeak antolatutako diskofestan karaokea egingo da. 20.00etan amaituko da eguna elkarteko ordezkarien agurrarekin. Azken urte hauetan bezala, Luisma Laboa aurkezlea izango da programaren dinamizatzailea. Produktu solidarioak saltzeko postuak egongo dira, tartean Juneren Hegoak elkartearen 2024ko egutegia. Irabazi guztiak elkarte honek lan egiten duten familia guztiei laguntzeko izango dira.
Astelehen honetan aurkeztu dute programa, Lekuonan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira Maite Gartzia Errenteriako Udaleko kultura zinegotzia, Alazne Mendikute Juneren Hegoak elkarteko kidea, eta ekitaldiko kolaboratzaileak, hala nola Luisma Laboa, Alberto Monroy Kromosoma Tailerreko laguna, The Pink Force taldeko Andoni Serrano eta Elipsis taldeko Alba Recuerda.
Onura publikoko erakundea
Guztiak animatu dituzte festara. Egun ahaztezina izatea nahi dute, elkarteak bere lehen hamarkada ospatuko duelako. Proiektua sendotu egin da: bere historian 59 familiari eman dio zerbitzua, 118 boluntario aritu dira lanean, 86 ekitaldi egin ditu eta 287.000 euro baino gehiago bideratu ditu bere jarduerara. Duela hiru urte onura publikoko erakunde gisa ere onartu zuen Lakuako Gobernuak.
Juneren Hegoak taldearen inspirazio izan zen June Sanchez Tolaretxipi txikia 2013an hil zen, bi urte zituela, minbiziak jota. Handik hilabete gutxira, gurasoek eta lagun talde batek elkartea sortu zuten. Harrezkero, ahultasun-egoeran dauden eta gaixotasunak, funtzio aniztasuneko egoerak edota adingabeen dolua jasaten ari diren familiei laguntzeko sare bat osatu du elkarteak, eta haien bizi kalitatea hobetzeko aukerak eskaintzen ditu.
Informazio guztia eta bat egiteko aukera, beren webgunean.