Alaia Sierra

Morellon, Berasategi aita-alabak, Billelabeitia eta Izagirre, beste Euskadi Literatur saridunak

Alejandro Morellon gaztelaniazko literaturan, Maialen eta Joxe Mari Berasategi itzulpengintzan, Miren Billelabeitia euskarazko saiakeran eta Ander Izagirre gaztelaniazko saiakeran dira jakiteke geratzen ziren Euskadi Literatura saridunak.

Berasategi aita-alabak, Morellon, Billelabeitia eta Izagirre, astelehen honetan Gasteizen emandako prentsaurrekoan.
Berasategi aita-alabak, Morellon, Billelabeitia eta Izagirre, astelehen honetan Gasteizen emandako prentsaurrekoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Alejandro Morellon, Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi, Miren Billelabeitia eta Ander Izagirre dira aurtengo gainontzeko Euskadi Literatura saridunak. Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura, Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz kategorietan irabazi dute, hurrenez hurren.

Morellonek ‘El peor escenario posible’ lanagatik, Maialen eta Joxe Mari Berasategik Abdulrazak Gurnahren ‘Paradisua’-gaitik, Billelabeitiak ‘Norberak maite duena’ saiakeragatik eta Izagirrek ‘Vuelta al país de Elkano’ obragatik jaso dute epaimahaien errekonozimendua.

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak astelehen honetan saridunak jakitera emateko egindako aurkezpenean gogorarazi duenez, Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxe dira aurtengo beste Euskadi Literatura Sarien irabazleak, joan den astean iragarri bezala. Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa kategorietan nabarmendu dituzte sortzaile hauen lanak.

Epaimahaiko kideentzat Alejandro Morellonen ‘El peor escenario posible’ (Fulgencio Pimentel) «irakurketa gozagarria» da. Epaimahaikideen hitzetan, «gogoeta egiten du, adimen handiz eta umore beltzaren dosi onekin, ezohikoarekin eta zoragarriarekin dugun harremanaz, egoera arrotz edo ustekabekoetara egokitzeko dugun gaitasunaz eta horrek bizirauten laguntzen digu, baina baita izaki apatiko ere bihurtzen gaitu».

Gaztelaniazko Literatura Saria eskertu du Morellonek astelehen honetan, sariketa honekin «ahalik eta egoera onena ahalbidetu duzuela» ospatuz. «Ilusioz hartu dut umore lotsagabea duen baina bakardadeaz, etorkizunaz eta gauden denboraz hitz egiten duen liburu batekin saritua izatea», laburtu du idazleak.

Epaimahaiaren hitzetan, bere lan honetan Alejandro Morellonek barru-barruko begirada pop bat zuzentzen dio tragediaren hurbiltasunari –mintza gaitezen hondamendi global batez edo izakiaren kataklismo intimoez– ipuin eta zorigaitzen bilduma labur eta zehatz honetan. Helburuan baino, helburu hori iragartzen duen hodei beltz hutsalaren egia irrigarrian interesatua dago, eta Morellonek bere buruari galdetzen dio nola erreakzionatzen dugun desagertzeko aukeraren aurrean eta zenbaterainoko idolatria, sineskeria eta tonbola dagoen ezerezaren aurkako gure borroka desesperatuan. Dagoeneko hemen dagoen ezerezean.

Maialen Berasategi Catalanek eta Joxe Mari Berasategi Zurutuzak itzulpengintzako saria irabazi dute Abdulrazak Gurnahren ‘Paradisua’ (Elkar) euskaratzeagatik. Epaimahaikideen iritziz «irakurketa gozoko testua» lortu dute itzultzaileek, «itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta» eta «euskara zehatza eta aberatsa» erabilita.

Maialen Berasategik nabarmendu duenez, Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartearen Jokin Zaitegi bekaren fruitu da itzulpena eta «bestela ez genuke Gurnahren lan bat euskaraz izango». Gainera, itzulpengintzak askotan bi esku baino gehiago behar dituela argitu du, «ez dugu inoiz bakarrik lan egiten».

‘Paradisua’ eleberrian osaba Azizekin bidaian joan behar duen Yusufek ez daki arabiar hori ez dela bere osaba, baizik eta merkatari aberats bat, eta harekin daukan zorra kitatzeko saldu duela aitak. Hor hasten da eleberria, Yusuf Afrikako hainbat bazter ezagutzera eramango duena, XX. mendearen hasiera horretan europarrek menpean harturiko lurraldeak zein zurien berri ez daukaten baso eta oihanak. Txango fisikoarekin batera, haurtzarotik helduarora eramango duen ibilbidea ere egingo du Yusufek.

Euskarazko Saiakeraren alorrean epaimahaiaren iritziz Miren Billelabeitiaren ‘Norberak maite duena’ (Pamiela) liburuak «irakurketaren plazerra eta garrantzia defendatzen ditu, eta, metodologia dialogikoaren bitartez, klasikoak eguneko gaietara eramatea, gazteekiko hartu emana-izatea eta irakurle gazteen arreta piztea proposatzen du», «testu biribil» batean.

Miren Billelabeitiak bere ikasleei eskertu die saria, «beraiek barik ez zelako posible izango eta eurengandik asko ikasi dut». Elikatutako irakurketarik gabe hizkuntzarik ez dela nabarmendu du, eta «egunero ez bada, noizbehinka» irakurtzera eta gogoeta egitera deitu du.

Honela laburtzen du Billelabeitiak saria merezi izan duen lanak jasotzen duena: «Ez da teoria luzerik, urteetan ikasle eta gazteekin liburuen inguruko solasaldietan edan dudana baino. Liburuen irakurketatik ateratako emaitza da; zer eta nola irakurri dugun, zein iradokizun sorrarazi diguten irakurketek. Irakurketak irakurle gazteengan, nerabeengan sortzen dituen kezka, iritzi eta gogoetan adibidea ere bada hemen. Idazlan batzuen ondoko gogoetek eragindako aurrera pausuak ikus daitezke, eta agian, ez dagoela liburu zailegirik, elkartean eta kidegoan irakurriz gero, liburuek eragindako iradokizun eta uste sakonak elkarren artean jartzen badira».

Ander Izagirrerentzat Euskadi Literatura sari bat irabazten duen bigarren aldia da, oraingoan ‘Vuelta al país de Elkano’ (Libros del K.O.) gaztelaniazko saiakerarekin. Epaimahaiko kideek uste dute «ikerketa historikoaren zorroztasuna hizkera zabar eta umoretsuarekin konbinatzen» duela autoreak idazketan, eta «obra irakurtzen duenari pertsonaiak eta gorabehera historikoak hurbiltzen dizkion» lana dela.

Normalean beste herrialde batzuetan egiten dituen bidaia-kronikaren antzerakoa dela argi utzi du Izagirrek, baina «nire etxetik» egindakoa. Ariketa hori zaila izan dela onartu duen arren, «euskal kultura itxia eta gotortua delako ideiaren kontrako gauza asko» ikasi zituela esan du. «Gizarteek aurrera egiten dute nahasten direnean eta ixten ez direnean», nabarmendu du, eta «ideia hori egokia zen XVI. mendean eta jarraitzen du izaten gaur egun ere», esan du.

Magallanes eta Elkanoren espedizioaren 500. urteurrena dela eta, Getariatik atera eta Getariara itzultzen da Izagirre bere liburuan, euskaldunen herriari buelta geografiko, historiko eta mentala ematera. Bizikletaz egiten duen itzuliaren kontakizunek munduari egindako lehen itzulian parte hartu zuen euskal gizartearen eta gaur egungoaren arteko kontrasteak eta antzekotasunak erakusten dituzte.

Datorren azaroaren 15ean jasoko dituzte sariak zazpi sortzaileek Getxoko Muxikebarri Zentroan egingo den ekitaldian. Zupiria sailburuaren hitzetan, «irakurzaletasuna sustatu eta zabaltzeko eta irakurleei aukera berriak emateko» helburuarekin.