Haritz Larrañaga

Zein da neguan surf egiteko material egokia?

Datozen egunetan ura hozten hasiko da eta aurrerantzean lehorrean ere giro hotza gailenduko da. Neguan surf egiteko urjantzia beharko dugu, baina nolakoa? Taula aldatu behar da? Eta argizaria? Hementxe doaz kontuan hartu beharreko aholku batzuk. 

Neguko irudiak, udan altxatzen ez diren ezohiko olatuak Urumea ibaian.
Neguko irudiak, udan altxatzen ez diren ezohiko olatuak Urumea ibaian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Negua gainean da eta denbora oso gutxian behera egingo du itsasoko uraren tenperaturak. Beraz, egoki surf egin ahal izateko gure materiala beste baldintza batzuetara egokitu beharko dugu. Surf taula ez dago aldatu beharrik, olatuek indar gehiago izango dute eta taulak ere apur bat gehiago flotatuko du neguan, ur hotzak dentsitate gehiago baitu; baina ez dira aldaketa garrantzitsuak. Ordea, badira neguan kontuan hartu beharreko zenbait kontu.  

Lehenik eta behin gure gorputza gehiago babestu beharko dugu. Adibidez, belarriak bustita ditugunean, haize hotzak kalteak eragin ditzake, eta udan baino arrisku gehiago izango dugu belarriko mina izateko. Komeni da neoprenozko txapelarekin edo tapoiekin babestea.

Ez dago aldatu beharrik, nahiz eta neguan olatuek indar gehiago izango duten eta taulak ere apur bat gehiago flotatuko duen, ur hotzak dentsitate handiagoa baitu

Bestalde, fisikoki gogorragoa da neguan surf egitea, urjantzi lodiarekin egin beharreko ahalegina handiagoa baita. Ez da komenigarria nekatu arte uretan egotea; suerta daitekeen edozein arazori aurre egin ahal izateko indar apur bat gorde behar da beti. Gainera, akituta bagaude, hoztu ere egingo gara, eta itsasoan hotz apur bat izatetik sekulako hotza izatera oso denbora gutxian pasatu gaitezke.

Materialari dagokionez, aldaketa nagusiak urjantzian eta argizarian izaten dira.
 
Neoprenozko urjantzia

Mota askotako neoprenozko jantziak aurki ditzakegu; tamaina, kolore, lodiera eta diseinu anitzetakoak. Ekainetik urrira ez dugu neopreno beharrik, edo beso motzekoa erabil dezakegu. Urteko gainerako sasoietan, ordea, neopreno luzea behar dugu.

Garrantzitsuena lodiera da; udazkenean eta udaberrian 3/2 lodierako neoprenoak dira ohikoak gurean. Neguan, aldiz, azaro eta martxo bitartean, 4/3 lodierako neoprenoa izaten da ohikoena. Neoprenoaren lodiera eskumuturrean adierazita etortzen da gehienetan. Zenbaki altuak, gorputzaren enbor aldean neoprenoak zein lodiera duen adierazten du milimetrotan, eta zenbaki baxuak, berriz, besoetako nahiz hanketako lodiera adierazten du.

Zenbaki altuak, gorputzaren enbor aldean neoprenoak duen lodiera adierazten du, eta zenbaki baxuak, besoetako nahiz hanketako lodiera

Neopreno batek iraun dezan gutxieneko zaintza eskatzen du. Saio bakoitzaren ostean, ur gezaz garbitu behar da gatza kentzeko. Modu honetan neoprenoak bere malgutasuna gordeko du. Izan ere, eguzkiak eta itsasoko urak neoprenoa gogortu egiten dute, eta horrek arraildurak sortzen ditu.

Neoprenoa ur gezatan pasatu ostean, gerizpean lehortzen uztea komeni da. Zergatia kimika organikoak emango digu. Neoprenoak polimero kateek osatzen duten egitura helikoidala du, eta eguzki irradiazioekiko erradikal askeek egitura hori birmoldatuz erantzuten dute eguzki izpien aurrean. Egitura aldaketa horrek ehunduraren aldaketa dakar, horregatik galtzen du malgutasuna neoprenoak eta hasiera bateko ehundura atsegina denborarekin latza bihurtzen da.

Surflariak ur hotzetan itsasoratzen, Donostian. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Neguko argizaria

Uraren tenperaturaren arabera, argizari bat edo beste bat eman behar zaio taulari. Udan, ura beroago dagoenean, argizari gogorragoa ematen da, eta neguan, ura hotz dagoenean, berriz, argizari bigunagoa. Urtaro bakoitzean argizariz aldatzea komeni izaten da.

Lehen argizaria “basea” da, taula erosi berritan ematen dena. Hau gogorra izaten da eta soilik taula garbi-garbi dagoen egunean ematen da. Bere ordez, ur tropikaletan erabiltzen den argizaria ere eman daiteke, hau ere oso gogorra baita, eta ez du Kantauri itsasoan erabiltzeko balio, nahiz eta azken urteetan ura gero eta beroago dagoen.

Argizari gogorraren gainean, hau da “basea” eman ondoren, hobeto itsasteko egunero erabiliko dugun argizaria emango dugu. Ongi begiratu behar da bildukinak zer dioen. Azalean “base coat” edo “tropical” jartzen badu, gogorregia da Euskal Herriko uretan erabiltzeko eta ez du itsasteko funtzioa behar bezala beteko. Gurean soilik lehen geruza emateko balio dute argizari gogorrek.

Kantauri itsasoan ur epeletako argizaria erabiltzen dugu eta urte guztian erabil dezakegu; baina kontuz, “cool” etiketaren azpian gradu desberdinetako uretan erabiltzeko argizariak daude

Gainerako argizariak basearen gainetik ematen dira, eta komenigarria da uretara sartu aurretik pixka bat ematea. Argizari hauek usain askotakoak izaten dira (limoia, marrubia, kokoa...), eta hiru taldetan sailka daitezke, ur hotzetakoak, ur epeletakoak eta ur beroetakoak. Kantauri itsasoan, batez ere ur epeletakoa erabiltzen dugu, hemengo ura, udan zein neguan, epeltzat jotzen baita.
Ur beroak Indiako Ozeanoan, tropikoan eta antzeko lekuetan aurkitzen dira. Argizariaren azalean «tropic» edo «warm» hitza ageri da. Ur epeletako argizariak «cool» idatzita izaten du azalean, eta ur hotzetakoak, «cold». 

Udazkenean argizari zaharra bigunago bategatik aldatu behar dugu. Gero, neguan, eskarpinekin (ur hotzetako neoprenozko botak) argizaria guztiz belztuta geratzen da eta udaberrian berriz aldaketa egiten da. Eskarpinekin ibiliz gero, ez daukagu aldi oro argizaria ematen ibili beharrik, zolako marrazkiek, auto baten pneumatikoen moduan, hobeto atxikitzen laguntzen baitute, nahiz eta deserosoak izan.

Kantauri itsasoan ur epeletako argizaria erabiltzen dugu (cool) eta urte osoan erabil dezakegu, baina kontuz, “cool” etiketaren azpian gradu desberdinetako uretan erabiltzeko argizariak aurki ditzakegu, bigunagoak edo gogorragoak, 14 gradu eta 23 gradu artean. Ondorioz, neguan argizari bigunagoak erabiliko ditugu, 14 gradu ingurukoak, “mid cool to cold” goiburua dutenak, eta udan 20 gradu ingurukoak, “mid cool to warm” goiburua dutenak.