EAErako Hezkuntza Lege Berriaren eztabaidan aste garrantzitsua dugu hauxe, erabakigarria zenbait arlotan. Alde batetik, heldu den ostegunean Lakuak egindako lege-proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketen bozketa izango da, eta, bestetik, EAJk eta PSEk hizkuntza ereduen gainean egindako zuzenketak hautsak harrotu dituen honetan, bi alderdi horiek, eta batez ere jeltzaleek, beren posizioa zehazki zein den argitu beharko dute.
Testuinguru honetan, EH Bilduko parlamentari Ikoitz Arresek agerraldia egin du, Donostian, eta bertan adierazi du fase honetan ere bi oinarrik gidatuko dutela koalizioaren jarduna: Hezkuntza Akordioarekiko fideltasuna eta herri mailako perspektiba, alderdi-interesak alde batera utzita.
Osteguneko hitzorduari dagokionean, Arresek nabarmendu du orain arteko prozesua atzera bota eta zerotik hastea edo eztabaida parlamentarioari aukera ematea erabakiko dela, eta, ataka horretan, iragarri du EH Bilduk ezezkoa emango diela osoko zuzenketei. Hain zuzen, horiek «eztabaidari atea itxi nahi diotelako» eta talde independentistak, aldiz, eztabaida horri eutsi nahi diolako.
Parlamentari independentistaren hitzetan, «ahalik eta legerik onena egitea nahi dugulako, eta Hezkuntza Akordioarekin eta hezkuntza komunitatearekin konpromiso bat dugulako».
Edonola ere, burutu beharreko eztabaida «ahalik eta modurik zintzoen eta argienean» egin behar dela adierazi du, eta, ildo horretan, kritikatu du Lakuako Gobernua osatzen duten bi alderdiak, EAJk eta PSEk, alegia, oraindik ez direla gai izan «iritzi bateratu eta argi bat emateko».
Hori horrela izanda, eta eztabaida parlamentarioaren azken fase honek argitasuna ezinbestekoa duela iritzita, EH Bilduk galdera bana egingo die datorren ostiraleko osoko bilkuran Iñigo Urkulluri eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari. Azken hau Arresek berak interpelatuko du, eta lehendakariari Nerea Kortajarena koalizioaren eledunak egingo dio galdera.
Tresna berria eta jardunaldiak
Ildo berean, eta betiere gardentasunaren helburu horri eutsi nahian, Arresek azaldu du EH Bilduk tresna berri bat martxan jarri duela, hain zuzen, eztabaida hasi zenetik gaur arte hartu dituzten erabakiak eta egin dituzten hausnarketak mundu guztiaren aurrean ezagutarazteko.
Timeline digital horretan (https://hezkuntza.ehbildu.eus), ikusgai izango dira, alde batetik, barne mailan eta bilkideekin batera koalizioak egindako eztabaida eta hausnarketa guztiak, kronograma baten modura, eta, baita ere, denbora honetan guztian gai honi buruz EH Bilduren ordezkariek egindakoa adierazpen publikoak, erreportajeak eta elkarrizketak. Eta, honekin batera, Parlamentuan izandako tramiteak, pausuak eta agertutako planteamenduak ere tresna horretan egongo dira, edozeinentzat eskuragarri.
Bestetik, eta EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketak hizkuntza ereduen auzia denon hizpide bilakatu duela ikusita, EH Bilduk zehazki gai hau jorratuko duten jardunaldiak antolatu ditu datorren larunbatean, Bilbon.
Arresek azaldu duenez, auzi honen ikuspegi juridikoa eta pedagogikoa jorratuko duten adituak izango dira hizlari Bizkaia Aretoan –Eva Silvan, Karmele Perez, Iñigo Urrutia eta Joseba Ibarretxe, hain zuzen–, eta, gainera, Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak koalizioaren jarrera finkatuko du adierazpen publiko batekin.