NAIZ

Hainbat espezierentzako «tranpa erraldoia» Jaizkibeleko itsasondoan: 25 metroko sare fantasma

Buceo Donostiko kideek «sare fantasma» oso handia aurkitu dute Jaizkibelgo Turulla Puntan. 25 metro inguruko sare hau arroketan trabatuta dago eta «hainbat espezierentzako tranpa» dela nabarmendu du Eguzki talde ekologistak. Datozen egunetan ateratzen saiatuko dira. «Ez da erraza izango».

25 metro inguruko «sare fantasma» bat topatu dute Buceo Donostiko kideek Jaizkibelgo itsasondoan, Turulla Puntaren inguruan. Sare fantasma hauek abandonatutako, galdutako edo baztertutako arrantza-arteak dira eta «hainbat espezierentzako tranpa» direla gogoratu du Eguzki talde ekologistak.

Buceo Donostiko urpekariak sare hau ateratzen ahaleginduko dira datozen egunetan, nahiz-eta aurreratu duten ez dela langintza erraza izanen.

Sare hauekiko kezka «gero eta handiagoa» dela adierazi du Eguzkik. FAOren datuak gogora ekarriz, urtero 640.000 tona arrantza-arte itsasoan ondoratzen direla aipatu dute eta ia guztiak plastikozkoak direla. «Ozeano Barean dagoen Zaborraren Orban Handia delako “kontinentea”ren %46 sarez osatuta dago», azpimarratu dute.

Baina sare fantasmekiko kezka ez da soilik ozeanoak plastikoz betetzen dituen olatuari ekarpen handia egiten diotelako, baizik eta nabigaziorako arazo bat direlako eta, batez ere, faunarentzako «tranpa hilgarriak eta ekosistementzako benetako mehatxua» izaten jarraitzen dutelako.

Hori dela-eta Eguzkik Ulia-Jaizkibel itsas babesgune proiektuak pendiente jarraitzen duela gogora ekarri du. Ozeana Fundazioak eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak 2010ean aurkeztu zuten Donostia eta Biarritz bitartean korridore ekologiko bat eratzeko proposamen zientifikoa, Natura 2000 Sarearen barruan.

«Inguru hori oso aberatsa da. Ozeanak eta EBEOk mila espezie baino gehiago atzeman dituzte bertan. Horietatik 50 inguru babestuta daude, identifikatu dituzten habitetatik 12 babestuta dauden bezala. Horrez gain, Kantauri itsasoan parekorik ez duten forma geologikoak ere aurkitu dituzte. Gobernu frantsesak Lapurdiko kostaldean dagoeneko hainbat itsas babesgune deklaratu dituela kontuan izanda, 27.000 hektarea inguruko babesgune-sarea osatuko litzateke Donostia eta Biarritz bitartean. Atlantiko europarreko itsas korridorerik garrantzitsuenetakoa izango litzateke, baita aniztasun handienetakoa ere», adierazi dute.