Kontseiluak ezinbesteko jo du mobilizazioa euskararen aurkako eraso judizialen aurrean. Idurre Eskisabel idazkari nagusiak azpimarratu du ez direla kasu isolatuak baizik eta euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi baten parte, bereziki lan eta gizarte arloan, epai batzuk tokian tokiko administrazioen lan eskaintzei buruzkoak baitira.
«Oldarraldi erreakzionario, atzerakoi eta euskarofobo bat da, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak ematea bilatzen duena», adierazi du, Bilbon, asteazken honetan hainbat sindikaturekin egindako agerraldian.
Kafe Antzokian bildu dira, Kontseilua babestuz, ELA (Pello Igeregi), LAB (Garbiñe Aranburu), Steilas (Nagore Iturriotz), CGT (Javi Quintanillas), Hiru (Iñaki Pujana), EHNE (Patxiku Irisarri), Etxalde (Unzalu Salterain), Olatukoop (Leire Udabe) eta Pentsiodunen Mugimendua (Arantza Urrezti). Bertaratu ez diren arren, bat egin dute ESK sindikatuak eta Lanarteak.
Azken kolpearen biharamunean
Bezperan azken eraso judizialaren berri izan ostean egin dute agerraldia. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du. 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretu horrek, eta epaileek hainbat artikulu baliogabetu dituzte, osotasunean edo partzialki. Kontseiluak bezala, sindikatuek ere eraso oso larritzat jo dute.
«Bizi dugun une historikoaren garrantzia kontuan hartuta, eta gizartearen mobilizazioa ezinbestekoa dela jakitun, manifestazioan parte hartzera animatzen dugu, ez gaudelako prest urtetan aurreratu dugun guztia, egindako lan guztia eta lortutako adostasun sozialak galtzen uzteko», esan du Eskisabelek.
Kontseiluarentzat eta babesten duten sindikatuentzat, agerikoa da euskararen normalizazioak lan munduan horren aldeko salto bat eskatzen duela.
«Orain arte belaunaldi berriak euskalduntzean jarri dugu fokua. Denborak argi utzi digu hezkuntza funtsezko oinarria dela baina ez dela nahikoa. Zertarako balio du historiako gazte belaunaldi euskaldunenak izateak lan mundua erabat gaztelania hiztuna bada?», galdetu du.
Langileek «bete-betean» nozitzen duten erasoa
Pello Igeregi ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradunak hala azaldu du: «Espainiar epaileak aurpegira oihuka ari zaizkigu, atzo berriro ere oso argi esan ziguten ez dugula euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubiderik. Are, bi hizkuntza dakizkigunok, erdaldun zein euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzen ditugunok, pribilegiatuak garela diote».
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra Kontseiluarekin landutako ildoaz mintzatu da, zeinak euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea bermatzea duen xede: «Kontseiluaren batera, gehiengo sindikalak administrazioa euskalduntzeko plana eskatu genuen. Plan horren xedea herritarrok zerbitzua euskaraz jasotzeko dugun eskubidea bermatzea da, baita langile publikoei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea ere».
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala langileek ere bete-betean nozitzen dutela nabarmendu du. «Irmoki salatzen dugu EAEko Justizia Auzitegiak euskaraz lan egiteko dugun eskubidea urratu izana».
«Euskararen lehortea»
Patxiku Irisarri EHNEko kideak oroitu duenez, hizkuntza lan munduan nonbait mantendu bada, hori landa eremuan izan da. «Garai bateko burla eta eseki artean. Gaur da eguna non, baserri mundua arnasgune izatetik, hilzorian dagoen eremua bihurtzen ari den. Nafarroan ederki dakigu hori. Euskara mendiko erreserbatan (euskal zonaldean) aditzen eta erabiltzen da, eta geroz eta guttiago. Adi aldaketa klimatikoarekin; uholde judizialak euskararen lehortea dakar. Adi politika zentralistekin. Landa eremuak hustutzen ari dira, eta hirietan dena da supermarket, gastroteka eta Basque Culinary. Dena da Basque Green. Hala ere, landa eremuan badira Herria Gora egiten duten nekazariak. Euskal Herri osora banatzen dute bere uzta. Jan dezagun euskara ahobiziz. Nahiz eta nekazariak lurrari lotuak izan, mugitzeko deia hartu eta mugituko gara».
Leire Udabe OlatuKoopeko lagunak agertu duenez, euskara kooperatiba eta proiektu kolektiboen DNAn txertatzeko hautua egin dute. «Gainera, kooperatibismoa denontzat izateko langile migratu eta prekarizatuek, laneratze prozesuan euskara ikasi eta murgiltzea eskubide bezala aitortu behar dela uste dugu».
«Ez da kostua, balio erantsia da»
Arantza Urrezti Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduko kideak esplikatu du adinekoentzat eta pentsiodunentzat ez direla arrotzak euskaraz hitz egiteko debekuak, ezta oztopo judizialak edo euskalduntzerako eta Euskal Herriko ekoizpen eta enpresa sarerako beharrezkoak diren baliabide publikoen gabezia ere. «Gaur egun, zoritxarrez, berriro eskatu behar dugu euskara erabiltzeko, artatuak izateko eta ikasteko dugun eskubidea Euskal Herriko edozein gizarte arlotan eta, bereziki, lan munduan. Euskara ez da kostua, balio erantsia da gure harremanetan, eta horrela ulertu beharko lukete administrazio guztiek, baita judizialak ere».
Azaroaren 4an, larunbata, 17.00etan, Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurretik abiatuko da Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa, eta honakoa izango da lelo nagusia: ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’.