NAIZ

Lara Izagirrek Zine Bileran aurkeztuko du ‘Pelikula baten bila’ film labur dokumentala

Lara Izagirre zinemagilearen ‘Pelikula baten bila’ film labur dokumentala 46. Zine Bilerako sail ofizialean lehiatuko da. Urriaren 21ean emango da emakumezko antzezle talde baten bizipenak oinarri dituen lan hau.

‘Pelikula baten bila’ filmeko fotograma.
‘Pelikula baten bila’ filmeko fotograma. (NAIZ)

Lara Izagirre zinemagile zornotzarrak 46. Zine Bilean aurkeztuko du ‘Pelikula baten bila’, bere lehen film labur dokumentala. Filma sail ofizialean lehiatuko da eta larunbat honetan, urriak 21, emango da, 12.00etan Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan.

Filmak zortzi antzezlenen inprobisazio saio bat du ardatz. Tessa Andonegi, Loli Astoreka, Itziar Atienza, Garoa Bugallo, Esti Curiel, Aitziber Garmendia, Garazi Urkola eta Maryse Urruty Bilboko Etxe Betean bildu ziren inprobisazio saio bat burutzeko, eta Lara Izagirrek (‘Nora’, ‘Un otoño sin Berlín’) hortik abiatuta eraiki du 13 minutuko iraupena duen dokumentala.

Izagirrek berak zuzendu, ekoitzi eta idatzi du filma. Bere hitzetan, saio honetan «denak du balioa. Ez dago ezer gaizki egiteko aukerarik. Dena dago ondo, dena da prozesua eta prozesua da gidoia idazten duena».

Zinemagilearen hitzetan, «libre garenean soilik loratu daitezke ideiak, gu loratzen gara eta loratzen da filma bera ere», eta gaineratu du film hau «zinemari egiten diogun kantu librea» dela, «gure lanbideari eta gure bizitzei». Hala, aldi berean «komikoa eta tragikoa» dela esan du, «tragikomikoa, gu geu bezala».

«Film hau galdera batekin hasi zen eta bidean zehar gure buruari egin dizkiogun galdera guztien erantzuna izaten amaitu du», ziurtatu du Izagirrek.