NAIZ
Donostia

Donostiako zazpi pertsonaia ospetsuk moda azkarraren eragin kaltegarriez ohartarazi dute

Zazpi donostiar eta gertaera ospetsu irudikatzen dituzten estatuak itxuraldatuta agertu dira ostegun honetan jantzi, objektu eta kartelak soinean zituztela, herritarrei moda azkarraren eragin kaltegarriez ohartarazi eta horren inguruan hausnarketa egin dezaten eskatzeko.

Clara Campoamorren estatua, Kontxako pasealekuan, moda azkarraz ohartarazten.
Clara Campoamorren estatua, Kontxako pasealekuan, moda azkarraz ohartarazten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Clara Campoamor, Vicente Zaragueta, Jesus Maria Leizaola, Loiolako latsaria, Sarriegi plazako urketaria eta danbor-jolea, eta abuztuaren 31ko eskultura itxuraldatuta agertu dira ostegun goiz honetan, arropa, objektu eta kartelak soinean zituztela, herritarren arreta erakarri eta moda azkarrak dituen eragin kaltegarriez ohartarazteko eta egungo kontsumo ereduaren inguruan «kontzientzia pizteko».

Donostiako Zero Pobrezia plataformak bultzatutako ekintza izan da, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren karira antolatu dituen ekimenen baitan. «Pertsona ospetsu horiek ordu batzuk begiak ireki dituzte, bide batez herritarrek ere begiak ireki ditzaten ezagutzeko zein den moda azkarraren benetako kostua, horren eragin negatiboak eta nola kontsumitu arduraz», azaldu dute ohar batean.

Horrekin batera, ohartarazi dute moda azkarraren industria «jantzien produkzio masiboan oinarritzen dela, azken joeretan inspiratuta dagoela eta iraupen mugatua duela; beraz, jasanezina da». Plataformaren esanetan, horrek guztiak «ondorio lazgarriak ditu eta bizia hartu duten estatuek horiek erakutsi dituzte».

Estatua edo pertsonaia bakoitzak zeregin desberdina zuen gaur. Hala, Clara Campoamor emakumeen defendatzaileak Kontxan kirola egiten ari zirenei jakinarazi die «ehungintzako industrian aritzen diren emakumeen %75ek genero indarkeria jasaten dutela».

Vicente Zaraguetak, aldiz, Aquariumeko eskilaretan zebiltzanei azaldu die ehungintza «ur gehien eskatzen duen bigarren industria» dela, eta «urtean milioi erdi tona mikrozuntz askatzen dituela itsasoan».

Jesus María Leizaola lehendakaria, kapela eskuan, Grosetik urrundu da politikariei ohartarazteko ehungintzak «lurraren berotzeari eragiten diola, ekoizleen pobrezia betikotzen duela eta tokiko merkatarien poltsikoan eragiten duela». Hortaz, «haiek hartzen dituzten erabakiak oso garrantzitsuak dira».

79 bilioi litro ur, munduko hondakinen %20

Loiolako latsariak, ur bila zihoala, auzokideei agertu die ehungintzaren industriak «79 bilioi litro ur kontsumitzen dituela urtean, eta munduko hondakin uren %20 sortzen duela».

Sarriegi plazan, urketaria eta danbor-jolea «hizketan» aritu dira. Emakumeak esan dio «bakoitzak batez beste 26 kilo arropa kontsumitzen duela urtean, duela 15 urte baino halako bi gehiago». Danborrariak «erantzun» dio ehungintzaren industriak «92 milioi tona hondakin» sortzen dituela urtean, eta «urruneko herrialdeetako zabortegi handietan» amaitzen dutela.

Azkenik, abuztuaren 31ko estatuak turistei komentatu die sektoreko langileen %80 emakumea dela, «gutxieneko soldata baino gutxiago» jasotzen dutela eta «lan jardunaldi amaiezinak» dituztela. Gainera, «gehiengoak ez du ez kontraturik ezta gizarte segurantzarik ere».

Ekintza honekin plataformak honako mezua zabaldu nahi izan du: «Gutxiago kontsumitu behar dugu eta modu arduratsuago, jasangarriago eta kontzienteago batean. Horrek ondorio positiboak eragingo ditu gure ingurunean eta urruneko beste leku batzuetan». 

Iganderako bizikleta martxa antolatu dute Haizearen Orrazitik Alderdi Ederreraino, 12.00etan.