NAIZ
Bilbo

Guggenheim Museorako sarrera doakoa izango da asteburu honetan

Urriaren 21 eta 22ko asteburuan Bilboko Guggenheim Museoak dohainik zabalduko ditu ateak denontzat, bere hogeita seigarren urteurrena ospatu nahi baitu bisitariekin batera. Txartelak aldez aurretik erreserbatzea komenigarria da, museoaren webgunean.

Picassoren erakusketa dago ikusgarri egun museoan.
Picassoren erakusketa dago ikusgarri egun museoan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Urriaren 21 eta 22ko asteburuan Bilboko Guggenheim Museorako sarrera doakoa izango da, museoaren hogeita seigarren urteurrena ospatzeko helburuz. 1997ko urriaren 19an ireki zenetik, 26 milioi bisitari baino gehiago jaso ditu museoak.

Asteburu honetarako sarrera ziurtatu ahal izateko, aldez aurretik erreserbatu beharko dira txartelak Guggemheim Museoaren webgunean. Online sarrerak agortuz gero, litekeena da museoko txarteldegian sarrerak eskuragarri egotea. Museoaren ordutegia 10.00etatik 19.00etara izango da.

Orain ikusgai dagoen erakusketa ‘Picasso eskultore. Materia eta gorputza’ da, 2024ko urtarrilaren 14ra arte zabalik egongo dena. Erakusketa eta haren inguruko hezkuntza jarduerak nahiz jarduera publikoak Pablo Picassoren heriotzaren 50. urteurrena ospatzeko Batzorde Nazionalaren laguntzarekin antolatu dira Picasso 1973–2023 ospakizunaren baitan.

Bestalde, museo beraren bildumaren erakusketa ikusgai dago. Lan sorta hau Bigarren Mundu Gerraz geroztik artearen historian izandako une garrantzitsuenen erakusgarri da.

Era berean, museora gerturatzen direnak Bilboko Iparragirre kaletik pasa daitezke, hor kokatu baita instalazio artistiko berri bat. Olafur Eliasson artistak egin du eta artelanak altzairuzko eta beirazko erronboide formako zazpi elementu ditu, San Jose plazaren eta museoaren arteko zoladuraren azpian zuzenean kokatuak. Instalazioak ezusteko mundu kaleidoskopiko baten ikuspegi iradokitzailea jartzen du bertatik igarotzen direnen oinpean.