NAIZ

Oinarrizko burujabetza ekonomikoa aztertuko dute Ekonomialari Euskaldunen Biltzarrean

Ekonomialari Euskaldunen Biltzarraren hirugarren edizioa egingo da urriaren 27an Gasteizen, UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatuta. Pandemia, gerra eta klima aldaketaren eraginpean, oinarrizko burujabetza ekonomikoa landuko dute. Arloko aditu eta profesionalen sarea sortzea dute helburu.

Oskar Arantzabal, Ane Sarasua eta Estrella Sanchez, Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra aurkezten. Lehen biak UEUko kideak dira; hirugarrena, Ekonomisten Euskal Elkargokoa.
Oskar Arantzabal, Ane Sarasua eta Estrella Sanchez, Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra aurkezten. Lehen biak UEUko kideak dira; hirugarrena, Ekonomisten Euskal Elkargokoa. (Endika PORTILLO | FOKU)

Oinarrizko burujabetza ekonomikoa aztertuko dute Ekonomialari Euskaldunen hirugarren Biltzarrean, heldu den ostiralean, urriak 27, Gasteizko Euskaltzaindiaren egoitzan. Ostegun honetan aurkeztu dute UEUk eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatutako jardunaldia.

Ane Sarasua UEUko zuzendariak esan duenez, erakunde honen egitekoetako bat komunitate zientifiko-profesional euskaldunari topaguneak eskaintzea da: «Hausnartu eta eztabaidatzeko euskarazko guneak behar-beharrezkoak ditugu akademikoki gaiak landu eta komunitate zientifiko zein profesionalak biltzeko». Adierazi du «plazera» dela «horrelako gai garrantzitsu bat», oinarrizko burujabetza ekonomikoa, jorratzea, are gehiago Ekonomisten Euskal Elkargoarekin elkarlanean.
 
Estrella Sanchez elkargoko Gobernu Batzordeko kidearen iritziz, Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra «mugarri polita» da beraien lanbiderako. «Ekonomista euskaldunok elkarrekin egon, elkar ezagutu eta lanbidea euskaraz ere garatu dezakegula erakusten du, nahiz asko dugun oraindik egiteko. Elkargoak badu euskara komunitatea, pauso txikiak ematen ari dena ahal duen heinean. Ekonomisten lanbidea eta orokorrean lanbide gehienak oraindik oso erdaldunak dira, baita ikasketak euskaraz burututa ere».

Elkargoak, ekonomian erreferente denez, lan munduan lanbide hau euskalduntzeko eta ekonomia mailan euskara bultzatzeko konpromisoa ere baduela baieztatu du.

Gasteizen, inoizko babesik zabalenarekin
 
Oskar Arantzabal UEUko Ekonomia sailburuak oroitu du Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra bi urteko maiztasunez antolatzen dutela modu ibiltarian, Euskal Herri osoko lurraldetasunari erantzunez: «Donostia (2019) eta Bilbokoaren (2021) ondoren, aurten Gasteizen eta inoizko babesik zabalenarekin prestatu dugu egitaraua: UEU, Ekonomistak Elkargoa, EHU, MU, Deusto, Gaindegia, Mugarik gabeko ekonomialariak, Euskaltzaindia eta Gasteizko Udalarekin batera».

Hirugarren honetan, pandemia, gerra eta klima aldaketa kontuen ezinbesteko eraginpean, oinarrizko burujabetza ekonomikoa lantzera datoz. «Hau da, prospekzio estrategikoak estatu-egiturak eraikitzeko». Goizeko saioan hainbat adituk demografia, ura, klima aldaketa, elikadura eta energiaren gaiak jorratuko dituzte. Arratsaldean bi tailer eskainiko dituzte aukeran: baliabideak (garraio sektorearen kasu praktiko batzuk ezagutzeko) eta jendea, bietan eztabaida irekiekin.
 
Matrikula zabalik dago UEUren webgunean.

Egitaraua

Goizeko 9.30ean hasiko da jardunaldia, ongietorri eta aurkezpenarekin. Jarraian, Euskal Herriko bilakaera demografikoaren epe luzeko azterketaz mintzatuko da Igor Etxabe Iruretagoiena (EHU), irakaspenak ateraz eta etorkizunari buruz hausnartuz.

10.30ean, uraren lurraldera igaroko dira, kudeaketatik gobernantzara, Iñaki Antigüedad Auzmendirekin, EHUko irakaslea bera ere.

Atsedenalditik bueltan, 11.30ean, naturaren balioen aniztasunari begiratuko dio Unai Pascual Garcia de Aziluk (BC3, Ikerbasque).

Hurrengo hitzaldian, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako Iker Elosegi Onandia lurraldetasunaren erakundetzeaz ariko da. Bazkalaurreko azken tartea Aritz Chocarro Energia Gara Nafarroako kooperatibakidearentzat izango da.

Arratsaldean, bi tailer eskainiko dituzte aukeran. Bata, baliabideena, garraio sektorean zentratua, Jennifer Lomas Azkonarekin (EHU). Eztabaida irekia egingo dute uraz, energiaz eta klimaz, EHUko Ainhoa Saitua Iribarrek gidatuta.
 
Bigarren tailerra, jendeari buruzkoa, UEUko Oskar Arantzabal Iraetak zuzenduko du. Eztabaida irekia planteatuko dute demografiaz eta erakundeez.

16.30-17.00ak aldera amaituko da jardunaldia, agurrarekin.