NAIZ

26 urtetik beherako gazteak dira Kataluniaren independentziaren kontrakoenak

Centre d 'Estudis d' Opinió zentroak egin duen ikerketa baten arabera, 26 urtetik beherako gazteak dira Kataluniaren independentziaren kontrakoenak, beste belaunaldi batzuekin alderatuta. Izan ere, gehiago dira autonomiaren eredua nahiago dutenak estatu independente bat sortzearen aldekoak baino.

Gazte talde bat, 2017ko urriaren 2an, erreferendumaren hurrengo egunean, protesta egiten.
Gazte talde bat, 2017ko urriaren 2an, erreferendumaren hurrengo egunean, protesta egiten. (Jagoba MANTEROLA | Argazki Press)

16 eta 26 urte bitarteko gazteak, ‘Z’ belaunaldia, Kataluniaren independentziaren kontrakoenak dira, beste belaunaldi batzuekin alderatuta, eta autonomiaren alde egiten dute. 59 eta 77 urte bitarteko belaunaldia, ‘baby-boomer’-ak, dira independentziaren aldekoenak, Centre d 'Estudis d' Opinió (CEO) zentroaren arabera.

Hala jaso du Jordi Muñoz CEOko zuzendariak ostegun honetan prentsaurreko batean aurkeztu duen ‘Belaunaldiei eta parte-hartzeari buruzko inkesta’-k. Inkesta maiatza eta uztaila bitartean egin zuten, 6.500 pertsona baino gehiagoko lagin batekin.

Autonomiaren aldekoenak belaunaldi isila da, hots, 78 urtetik gorakoak: % 33k nahiago du Katalunia Espainia federal bateko estatu bat izatea, % 27k Katalunia independente baten alde egiten du, eta % 8k Espainiako «eskualde» bat izatea nahi du.

Baby-boomerrena da adin-tarterik independentistena: % 34 independentziaren alde dago, % 23 estatu federal baten alde, % 23 autonomiaren alde, eta % 6k nahiago du eskualde bat izatea.

X belaunaldikoen, alegia, 43 eta 58 urte bitartekoen % 32ak independentzia nahiago du, babes gehien duen hurrengo aukera autonomia da (% 25), ondoren Estatu federala dago (% 19), eta azkenik eskualdearen aukera ( % 6).

27 eta 42 urte bitarteko millennialen % 28k autonomia nahiago du, eta, horren atzetik, hurbiletik, estatu independente bat nahi dutenak daude, % 26; % 17k Espainia federal bat babesten du; eta % 7k Katalunia Espainiaren barruko eskualde bat izatearen alde egiten du. Z belaunaldiak, 16 eta 26 urte bitartekoen % 29k autonomiaren alde egiten du, % 23k independentzia nahi du, % 11k estatu federala, eta % 9k Katalunia eskualde bat izatea.

Darabilten hizkuntzak badu zerikusia nahiago duten aukeran, katalan hiztunen % 45ek baino gehiagok uste baitute Kataluniak estatu independentea izan beharko lukeela. Erdaldunen artean, autonomia-erkidegoaren aukera da gustukoena.

Mobilizazioak

CEOren inkestaren arabera, Kataluniako gizartean nagusiki onartua dago protesta dela ordezkari politikoen jarrera aldaketak eragiteko tresna eraginkorrena. Hala uste dute belaunaldi guztietako Kataluniarren % 70ek baino gehiagok, 78 urtetik gorakoek izan ezik.

Baby-boomerrak eta Z belaunaldia dira protestetan gehien parte hartzen dutenak, batez ere manifestazioetan eta kontzentrazioetan, eta millennialak dira «arrazoi soziopolitikoen, ingurumenekoen edo etikoen» arabera kontsumitzeko modua aldatzen dutenak.

Inkestaren arabera, manifestazio independentistek «interes» handiagoa pizten dute boomerren eta X belaunaldiaren artean; millennialen eta Z belaunaldiaren artean, berriz, kezka handiagoa dago lan-eskubideen aldeko mobilizazioen inguruan.

Belaunaldi isilean, interes gutxien sortzen duten protestak feministarekin lotutakoak dira; gehien sortzen dutenak, berriz, prozesu independentistarekin eta krisi klimatikoarekin lotutakoak dira.

Batez beste, lan-eskubideen, klimaren eta etxebizitzaren aldeko protestek sortzen dute interes handiena Kataluniako jendartean.

Elkarteak

Boomerrena eta X belaunaldia dira elkarteetan gehien parte hartzen dutenak, erdia inguru elkarteren batekoa baita. Kirol-klubak dira elkarte mota nagusia Katalunian, batez ere gazteenen artean; boomerretan kultura-erakundeak dira nagusi, eta belaunaldi isilean, berriz, GKEak.

Afiliazio-ehunekorik txikienak erakunde sindikalenak eta alderdi politikoenak dira, batez ere gazteenetan, millennialen eta Z belaunaldiaren artean, % 10etik beherako ehunekoekin.