NAIZ

Araban indarkeria matxistaren biktimentzako bigarren harrera zentroa ireki dute, Gasteizen

Indarkeria matxista jasaten duten hiru familia unitate hartzeko prestatuta dagoen egonaldi ertaineko zentroa ireki du Arabako Foru Aldundiak Gasteizen. Araban dagoen bigarrena da eta ostatua, arreta eta laguntza eskaintzen die emakumeei eta seme-alabei.

Ostatua, arreta espezializatua eta gizarte laguntza eskaintzen dute zentro hauetan.
Ostatua, arreta espezializatua eta gizarte laguntza eskaintzen dute zentro hauetan. (Arabako Foru Aldundia)

Arabako Foru Aldundiak abian jarri du Egonaldi Ertaineko Egoitza Harrerako Zentroa aste honetan Gasteizen. Ostatua, arreta espezializatua eta gizarte laguntza eskaintzen dizkie indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta haien ardurapeko seme-alabei.

Aldundiak azaldu duenez, hiru familia unitate hartzeko prestatuta dago baliabidea. Araban dagoen bigarrena da, 2020an ezaugarri berdinetako beste zentro bat ireki baitzuten, lau bizikidetza unitateri arreta emateko lekua duena.

Egonaldi ertaineko zentro hauek indarkeria matxistaren arloko arretarako foru sarearen parte dira. Sare hori hainbat zerbitzuk osatzen dute, besteak beste, beren etxeetan bizitzen jarraitu ezin duten emakume biktimei arreta ematen dieten egoitza baliabideek.

Batez beste sei hilabetetik urtebetera arteko ostatua ematen dute, indarkeria matxistaren ondorioz elkarbizitzako gatazka larriak dauzkaten eta osotasun fisikoa arriskuan izan dezaketen emakumeentzat eta haien mende dauden pertsonentzat.

Halako zentroetan beharrezkoak diren baldintzak izango ditu, zeinen bidez bermatuko baita harreran hartutako pertsonen identitatearen diskrezioa eta eremu hartako eta sarbideetako segurtasuna.

2020an egonaldi ertaineko lehen egoitza baliabidea abian jarri zenetik, genero indarkeriaren biktima diren 33 emakume eta 44 haur adingabe igaro dira instalazioetatik. Iaz zentro horretan ostatu hartu zuten emakumeen batez besteko adina 35 urtekoa da, eta 4,5 urtekoa seme-alaben kasuan.

Gizarte Politiken foru diputatu Gorka Urtaranek baliabidera egindako bisitan azaldu duenez, zentro berri honek «ingurune segurua eta laguntza egokia eskaintzen du, biktima diren emakumeen beren ongizatea eta askatasuna berreskuratu ahal izan ditzaten».