NAIZ

Arabako instalazioen egoera txarra salatu dute herrialdeko futbol taldeetako kirolariek

Arabako futbol taldeetako kapitainek, klub guztietako kirolarien izenean, Gasteizko Udalean, Arabako Diputazioan eta herrialdeko futbol federazioan idatzi bat erregistratu zuten ostegunean. «Instalazioen egoera txarrak ez dute gure segurtasuna bermatzen», salatu dute.

Lehen Mailako Alavesen denboraldiaurre bateko partida bat Dulantzin.
Lehen Mailako Alavesen denboraldiaurre bateko partida bat Dulantzin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ostegunean Gasteizko Udalean, Arabako Diputazioan eta Arabako Futbol Federazioan idatzi bat erregistratu eta ostiral honetan eman dute horren berri Arabako futbol taldeetako kapitainek, klub guztietako kirolarien izenean. Bertan «Arabako instalazioen egoera txarrak ez dutela gure segurtasuna bermatzen» salatu dute.

«Duela urte batzuk geroztik ari gara salatzen entrenatzen eta jolasten dugun zelaiek jasaten ari duten hondatzeaz. Hondatze hau egunero adin guztietako milaka kirolarik egindakoa da», adierazi dute oharrean.

«Gure hiriko zelai asko oso egoera txarrean daude eta ez dituzte federazio ezberdinek eskatzen dituzten baldintzak betetzen. Are okerrago, ez dute gure segurtasuna bermatzen», gaineratu dute. Zentzu honetan, gogorarazi dute «duela hamarkada bat ordezkatu behar ziren 20 urte dituzten zelaiak badirela oraindik aktiboan».

Oharrean azpimarratu dutenez, entrenamendu eta partida bakoitzean «gure osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen ditugu zelaien egoerengatik», eta horregatik nekatzen hasiak direla aitortu dute. «Belar artifizialaren higadura dela-eta, gero eta gehiago dira lotailu-haustura edo keinu txarrengatik ebakuntza kirurgikoa jasan behar duten kirolarien albisteak», adierazi dute kezkatuta.

«Taldekide askok futbola utzi behar izan dute euren osasuna arriskuan ikusten dutelako», deitoratu dute. «Ez dezagun ahaztu, gu ez gara honetaz bizi. Hau gure hobbya da, gure zaletasuna, eta gero eta kirolari gehiago dira zelai hauetan jokatzeari uko egiten diotenak», nabarmendu dute.

Klubetako kirolariek Udalaren moteltasuna salatu eta argi utzi nahi izan dute ez dituztela azken belaunaldiko edo Lehen Mailako kirolarien luxuzko zelaiak nahi, baizik eta euren osasuna arriskuan jartzen ez dituztenak.

«Egoera hau zentzugabekeriatik oso gertu dago. Partidak jokatu behar izan dira konoekin, hauek arrisku zona mugatzeko, edo belar partxeekin, desagertu diren zelaiko zonak –zelaia irregularragoa eta arriskutsua izatea eragiten dute– estaltzeko», azaldu dute.

Hau guztiaren aurrean, «zelaien birmoldaketan premiaz lan egin dezan» eskatu dio Udalari. «Gure kluben ordezkari bezala, gure jokalariak zaintzeko betebeharra dugu», azpimarratu dute. Ez dituzte beste bide batzuk baztertzen, hala nola, «grebak edo Arabako Federazioari zelaik itxi ditzan eskatuz, honek Arabako futbol base guztian izan ditzakeen ondorio guztiekin».