NAIZ

Etorkizuneko kazetari euskaldunei zuzenduriko diploma aurkeztu dute Baionan

Kazetaritzako diploma eskuratzeko aukera izanen da urte honetatik aurrera Ipar Euskal Herrian. Bi urteko zikloa izanen da, eta euskarazko hedabideetan bertan eginiko lan praktikoarekin aldizkatuko dute ikasleek haien formazioa. Hamaika ikaslek osatuko dute lehenengo promozioa.

Unibertsitateko ordezkariak eta 'Kazetaritza Euskaraz' diplomaturako ikasleak, gaur goizean, Baionan.
Unibertsitateko ordezkariak eta 'Kazetaritza Euskaraz' diplomaturako ikasleak, gaur goizean, Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

'Kazetaritza euskaraz - Journalisme en langue basque' Unibertsitate Diploma sortu da aurten Baionan. Joan den irailaren 18an hasi da, hamaika bat ikaslerekin, formazio teorikoa eta hedabideetan bertan lanaldiekin osatuko den formazioa.

Profesionalizazioa xedez bi urteko formazioa jasoko dute etorkizuneko kazetari euskaldunek.

Alternantzian eginen duten bi urteko formakuntza profesionala ikasleek. Hala bi astez unibertsitatean eta hurrengo sei asteetan zehar enpresan egonez.

Fomazioa amaitzerakoan diploma bat eskuratzeko aukera emango zaie ikasle-aprendizei.

Formakuntza zikloak hiru eremutan gaitasun hartze bat segurtatuko die ikasle-aprendizei: euskara, kazetari lanbidea eta lurraldearen ezagutza.

Alternantzian sartuko diren ikasle-langileek profesionalizazio kontratu bat izenpetuko dute bai unibertsitatearekin eta bai hedabide batekin, «Estatu mailako hitzarmen kolektibo baten sailkapenetan onartua den kualifikazioa» eskuratzea baita helburu.

Joan zen apirilean diplomaren sorreraren berri eman zuenean hala nabarmendu zuen Antton Kurutxarri EEPren lehendakariak.

Ikasle-aprendizak hartu dituzten hedabideek EEPren 8.000 euroko diru-laguntza ukanen dute, unibertsitate formakuntza Afdasek finantzatuko duen bitartean.

Ikasketa hauek egin nahi dituzten lagunek euskarazko B2 maila behar dute frogatu. Ikasgai guztiak euskaraz izanen direlako.

Ikasleek Baionan, Bilbon zein Bordelen izanen dituzte kurtsoak.

Profesionalak atzemateko zailtasunak

Ipar Euskal Herrian euskaraz jarduten duten hedabideek profesionalak atzemateko dituzten zailtasunak gainditzeko beharrak argiratu du, neurri batean, diplomaren sortzea.

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak (UPPA), Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak (IJBA -Université Bordeaux Montaigne) elkarrekin lan egin dute "Kazetaritza euskaraz" Unibertsitate Diploma plantan emateko.

Gaur goizean, diplomaren sortzeari buruzko lankidetza hitzarmenaren izenpetze ofiziala izan da Baionan EEPk duen egoitzan. Bertan izan dira bai unibertsitatetako ordezkariak zein 'Kazetaritza euskaraz' diploma horren lehenengo promozioaren partaide diren ikasleak ere.