Iraitz Mateo

Lasa eta Zabala oroitu ditu Egiari Zorrek, eta «olatu berriak» sortzearen beharra azpimarratu

Lasa eta Zabala, bahitu, torturatu, erail eta desagerrarazi zituzten 40. urteurrena baliatuz, ekitaldia egin du Egiari Zorrek Tolosako Topic aretoan. Espainiako Gobernuari eskatu diote adierazpen argi bat egiteko erantzukizunak bere gain hartuz eta Estatuak egindako kaltea aitortuz.

Lasa eta Zabala gogoratu ditu Egiari Zorrek Tolosan egindako ekitaldian
Lasa eta Zabala gogoratu ditu Egiari Zorrek Tolosan egindako ekitaldian (Gorka Rubio | FOKU)

«Zer eratara egin daiteke erreparazioa? Zerk laguntzen du osatzen? Zer da justizia?» horiek izan dira antzerki baten bidez Tolosako Topic aretoa mugiarazi duten galdera nagusiak. Lasa eta Zabala bahitu, torturatu, erail eta desagerrarazi zituzten 40. urteurrena dela eta, Egiari Zorrek antolatutako ekitaldian, ostiral iluntzean.

Ekitaldiaren lehenengo zatian memoria nola berreskuratu, eta batez ere belaunaldi berriei nola transmititu izan dira galdera ikur nagusiak, eta galdera horien bueltan erantzun bat topatu dute bi antzezle gaztek: «Memoria ez da bakarkako lana, eta bizien artean egin beharrekoa da». Beraiek jaio gabeak ziren Lasa eta Zabala desagertu zirenean, eta oroitzapen lausoak dituzte ondorengoaz ere.

Oholtzara igo da ia guztia gogoratzen zuen tolosar bat: Iñaki Azaldegi. Joxi eta Joxeanen gaztetako koadrilakoa zen, eta oroitzen zuena kontatzen hasi da: testuingurua, herriarekiko gazteek zuten konpromisoa, larunbat arratsaldetako formazioak eta gauetako parrandak... Eta hitz hunkigarriak eskaini dizkie Joxi eta Joxeani ere. «Pertsona oso irekia zen Joxi, dohai berezia zuen harremanetarako, bihurri puntua bazuen ere... Erretzeari gaztetan utzi zion, ez zuen apenas edaten, eta aizue, oso modernoa zen, duela 47 urte jada txakurra zeukan! Orain edonork du txakurra baina garai haretan...».

Kirolzalea ez zela ere kontatu du, eta Joxean, aldiz, oso kirolari trebea zela: «Arraunean onena zen, mutil apala, langilea eta isila. Isilik egon ohi zen, baina hitz egiten zuenean mailuarekin iltzea barruraino sartzen zuen, beti asmatzen zuen esandakoarekin».

Azaldegi etorkizunari begira jarri da, beraien «gazte garaian» olatu bat zegoela aipatu du, eta egun ez duela sumatzen, «olatu berriak sortu ezinik gabiltza». Baina hala ere, ez du amore emateko intentziorik «Joxean eta Joxiri, Euskal Herrian, gerra garaitik borrokatu zutenei zor diegu olatu berria».

Aitortza eta erantzukizuna

Pilar Garaialde Egiari Zorrek bozeramaileak ere hartu du hitza, eta duela 40 urte hasitako gertakariak ekintzaz ekintza eta egunez egun gogoratu ditu. Eta lau hamarkadaren ondoren, Lasa eta Zabala, behingoz, biktima gisa ofizialki aitortuak izango direla azaldu du EAEko 2016/12 Legearen bitartez, «40 urteetako ukapenaren ondoren».

Fiskaltzak oraingoz ez duela ezer egin salatu du, «Espainiako Justizia alde batean kokatu izan baita beti, eta estatu-terrorismoak eragindako krimenak argitzeko ez du inoiz interesik izan, ez Triple A-renak nahiz BVErenak UCDren garaian, ez GALenak PSOEren gobernuetan».

Adierazi du bistakoa dela espainiar Estatuak erantzukizunak badituela, «sigla politiko zehatzak argi eta garbi zipriztintzen dituzten erantzukizunak». Eta euskal jendarteak azken urteetan elkarbizitza demokratikoaren alde egindako lana txalotu du.

Elkarbizitza eraikitzen jarraitzeko krimen guztiak argitzea eragozten duen Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea eskatu du: «Gerra zikina eta Estatu terrorismoaren ondoriozko dokumentazio guztia desklasifikatu behar dira. Bere burua demokratikotzat duen Zuzenbide Estatu batean ez dagoelako Giza Eskubideen gainetik jar daiteken Estatu-arrazoirik».

Amaitzeko, dagokienei erantzukizuna hartzeko dei egin die: «Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen diogu adierazpen argi bat egin dezala erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako kaltea aitortzeko».