Atarikoan genioen, alde handia dagoela gaur egun Bera Bera eta Beti Onak taldeen artean. Derbi batean askotan esaten da ez dagoela faboritorik, baina egia da donostiarrak lider direla zerbaitengatik, eta zer hori larunbat honetan erakutsi dute. Euren aukerak aprobetxatzeaz gain, euren aurkarien hutsez baliatzen bikainak dira. Horri, Alice Fernandes atezainaren egun bikaina gehitzen badiogu –17 geldiketa egin ditu–, oso garaipen erraza lortu dutela esan genezake (36-22).
Hasiera-hasieratik ikusi da bi taldeen arteko aldea. Beti Onakek bigarren denboraldia du gorengo mailan eta aurrean ez du hala nolako aurkaria izan. Super Amara Berak denetatik ikusi du urte hauek guztietan eta ez ditu nafarren hutsak barkatu. Pentsa, donostiarren lehenengo bi golak era berean etorri dira: Alice Fernandesen geldiketa eta hurrengo jokaldian gola; lehenengoa Maitane Etxeberriarena eta bigarrena Elke Karstenena.
Hala, ziztu bizian 4-0 aurreratu dira etxekoak. Hemen dator partidako beste gako bat: Atarrabiakoek ezin izan dute seigarren minutura arte lehenengo gola egin. Ordurako beranduegi zen jada beraientzat. Izan ere, Alice Fernandesek bere erakustaldiarekin jarraitu du atea zaintzen –bederatzi geldiketa egin ditu brasildarrak lehenengo zatian– eta Imanol Alvarezen aldaketek, gainera, beste puntutxo bat eman diote Bera Berari lehenengo zataren erdialdetik aurrera.
Erauskinek hegaletik jaurti dituen bost jaurtiketak sartu ditu barrura, eta Marianne Fernandesek bere indarra eta golak sartzeko ahalmena praktikan jarri ditu. Honi, nafarren hutsak gehitu behar zaizkio. Beti Onakeko jokalariek balio dezente galdu dituzte eta, gainera, erasoan zenbait falta ere egin dituzte.
Hori bai, Patricia Encinasek sekulako geldiketa egin dio Maitane Etxeberriari honek dena bere alde zuela. Ate berean, berriz, Karstenek neurketako golik ederrena sartu du erroska polit batekin (5-1).
Argi zegoen gaurkoan nafarrek ezin zutela askoz ere gauza gehiago egin aurrean zuten aurkarien aurka, eta atsedenaldira 21-11 joan dira donostiarrak arretik, Zamorak sartutako baselina polit baten ostean. Beti Onakek beste gol bat sartu du, baina denboraz kanpo zegoen.
Gauzak asko aldatu gabe
Bigarren zatian gutxi aldatu dira gauzak. Kasualitatez –edo ez–, nafarrek beste 11 gol sartzea lortu dute, lehen zatian bezala. Kopuru eskasa Bera Bera bezalako aurkari baten aurka.
Bigarren zatian Olaia Luzuriaga aritu da kanpokoen atezain bezala, eta ondo aritu da atea zaintzen –sei geldiketa egin ditu–, baina ez da nahikoa izan donostiarrak urduri jartzeko. Gainera, lau minutu etab erdi behar izan dituzte lehen gola egiteko. Ordurako, Tchaptchetek bere talde ohiaren aurka lehen gola eginda zuen.
Beti Onak oraindik eskarmentu gutxiko taldea dela ohartzeko, 24-13koren segidan gertatutakoa aipatu daiteke. Anekdota bat besterik ez izan liteke, baina jokoan izandako hainbeste hutsei beste bat gehitu diote. Izan ere, falta adierazi diete epaileek zelai erdian egindako sakean, eta baloia Bera Berarentzat izan da.
Jokoa ez da asko aldatu hortik aurrera. Atezainek protagonismoa izaten jarraitu dute eta baselinaz sartutako zenbait gol ikusgarri ikusi ahal izan dira. Bera Bera lider izaten jarraituko du; Beti Onakek gogor lanean jarraitu beharko du, orain arte bezala baina gauzak finduz.