Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Amaiur Sarriegi
Realeko jokalaria

«Zailena aldaketak egiten hastea da eta hori dagoeneko lortu dugu»

Zaila izan da azken urte eta erdia Amaiur Sarriegirentzat (Donostia, 2000), baina kontzientzia lasaiarekin, indarrarekin eta ikuspuntu positiboarekin begiratzen dio gertatutakoari. Abiapuntu beratik ekiten dio etorkizunari, «fokoa egunerokoan jarrita» beti hobetzeko asmoarekin.

Amaiur Sarriegi, Zubietan.
Amaiur Sarriegi, Zubietan. (NAIZ)

Maiz entzun da Amaiurren izena azken hilabeteotan eta gehienetan bere gogoz kontra. Integritate eredua batzuentzat, «umemokoa» egoera ulertu nahi ez zutenentzat, lehen lerroan bizi, sufritu, izan du beste futbolariekin batera Munduko Txapelketatik kanpo utzi zion Espainiako Futbol Federazioak emakumezkoekin izan duen jokabidea. Nolanahi ere, egindako guztiak merezi izan duela sinetsita, etorkizun hobe baterantz bidea ibiltzeko irrikitan dago.

Igande honetan, beste erronka bat izango dute Ligan, Athleticen aurka lehiatuko baita Reala Lezamako derbian (12.00). «Partida gutxietan egoten da faboritoa, are gutxiago derbi batean», azpimarratu du aurrelariak.

Etorkizunaz hitzegin aurretik, iraganaz pixka bat. Berrienetik, Espainiako selekzioaren deia. Nola hartu duzu? Eta nola hartu zenuen aurrekoa? Hilabete baino ez da igaro bien artean, baina egoera oso desberdina da.

Oraingoa pozik, zerrendan egotea gauzak ondo egiten ari zarela seinale baita. Aurrekoa desberdina izan zen. Hasteko, ez nuelako espero, ez nekien zerrenda hartan egongo nintzenik eta arraroa izan zen. Dena. Aireportuan ginen, Granadatik bueltatzen, esan zuten zerrenda irtengo zela eta, bat-batean, nire izena azaldu zen. Ez nuen espero inondik inora. Oso egoera deserosoak izan ziren denontzat egun horiek.

Bilerak, abokatuak, komunikatuak, greba... Azken aldian gehiago nekatu zarete zelaitik kanpo barruan baino. Ez da seinale ona.

Ez, ez da. Alde batetik, zerbaitek behar bezala ez duela funzionatzen esan nahi du. Eta bestetik, denbora eta indarra galtzen duzu, beste esparru batzuetan inbertitu beharko zenukeena. Zelaian, deskantsuan, prestakuntzan... garrantzitsuak diren gauzetan.

Gutxienez zerbaitetarako balio izan duela dirudi. Inflexio puntu baten aurrean gaude?

Baietz uste dut. Munduko Txapelketan gertatu zenaren ondoriozkoa eta aurreko denboraldi osoan zehar gertatu ziren gauzen ondorioa da ere. Gizarteak behar genuen babesa eman digu eta horren ondorioa izan da ere. Eman diren aldaketa drastiko eta garrantzitsuak ikusita, inflexio puntua izan daitekeelakoan nago.

Babesa aipatu duzu, baina ez da erabatekoa izan. Isilune gorgarriak egon dira, izan ere.

Oraindik badago begiak zabaldu behar dituena. Eta baita gauzak ikusi ez dituena errazena hori delako askotan.

Askok ikusteko ere, ezinbestekoa izan da Munduko Txapelketa irabaztea. Zein zaila den emakumeen ahotsari arreta eskaintzea egundoko zerbait ez badute lortzen.

Tristea da, baina horrela da. Emakumeok beti egin behar dugu askoz gehiago, gizartean gure lekua izateko, komunikabideetan, kirolean... Zerbait berezia ez baduzu egiten, ez dizute kasurik egiten, ez daukazu, kasu honetan, gure lankide gizonek daukaten oinarrizkoena ere.

«Kontzientzia oso lasai dut eta argi dauzkat zergatik egin nuen dena. Eta uste dut azken aldi honetan gertatu diren gauzek besteei erakutsi diotela batzuek zergatik ez genuen han egon nahi»

Zuk ez zenuen garaipen hori borrokatzeko aukerarik ere eduki, Munduko Txapelketatik kanpo utzi baitzintuzten. Pena merezi izan al du?

Nire kasuan bai, azkenean gertatzen zena ikusi delako eta, gainera, borroka horren fruituak jasotzen ari naizelako. Ikusten dut epe labur eta ertain batean beharrezko aldaketak ematen ari direla. Nire ustetan, hori da bidea. Zailena aldaketak egiten hastea da, hori dagoeneko gertatu da, eta aldaketen bide horretan pauso sendoak ematen etengabe jarraitzea. Egia da Munduko Txapelketarena beti hor buruan edukiko dudan zerbait dela, baina konzientzia oso lasai dut eta argi daukat zergatik egin nuen dena. Eta uste dut azken aldi honetan gertatu diren gauzek besteei erakutsi diotela jokalari batzuek zergatik ez genuen han egon nahi, ez genuen sinisten sisteman, lan egiteko forman, emakumearen papera nola ikusten zen sistema horretan.

Alde batetik eta bestetik, azken urte eta erdia zaila izan da zuretzat.

Dena da nola enfokatzen duzun. Jende askok esaten dit hori, Munduko Txapelketa galdu duzu, aurreko denboraldia Realarekin ez dakit zer... Azkenean zure begiradaren arabera doa. Egia da, adibidez, iaz gure emaitzak ez zirela onak izan, baina nik aurrerapauso asko eman nituen esparru askotan futbolari bezala eta horrek hobekuntza bat ekartzen du etorriko diren gauzetarako. Nik hortik eusten diot. Ez da beti izango Championsaren urtea bezala, argi dago, eta jakin behar da ere gauzak ondo ez doazenean alde positiboa ikusten, hobekuntza bilatzen. Eta Munduko Txapelketarena antzekoa da. Egia da futbolistikoki gauza asko galtzen dituzula, baina beste ikuspuntu batetik begiratuta, lehen esan dizudana, sistema horretan ez banaiz ondo sentitzen... Eta ondorioak ere hor daude.

Ikuspuntu baikor horretatik abiatuta begiratuko diogu etorkizunari. Zein asmorekin ekin diozu denboraldiari?

Hobetzekoarekin. Fokoa beti egunerokoan jartzen, hemen Zubietan egiten dugun lanean. Eta etorriko dena izango dena... horri kasu handirik ez egiten. Egunerokoak emango dizu gero etorri daitekeen hori. Beraz, batez ere, egunerokoaz disfrutatzen, kontziente bainaiz amets bat bizitzen ari naizela. Ba horri eusten.

Amaiur, Athleticen aurkako iazko derbian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Eta taldearen asmoak?

Antzekoak. Esango nuke iaz faktore asko egon zirela despistatu gintuztela talde bezala, presioa genuela aurreko urtetik... Fokoa gugan jartzen saiatu behar gara, hemen lan egiten batez ere, gero asteburuan ahalik eta hoberen egoteko eta, noski, aurreko urteko emaitzak hobetzen saiatu.

Denboraldi hasiera zaila izan da. Greba, hiru partida aste batean, aurkari gogorrak... Emaitzak alde batera utzita, zer sentsazio eman dizkizu taldeak?

Orokorrean, onak. Egia da hasieran kostatu zitzaigula. Granadako partida pena bat izan zen, egia da txartelak asko baldintzatu zuela partida. Baina ondoren hobeto egon gara, Levanteren eta Bartzelonaren kontra jokatuta ere puntu dezente ditugu. Eta taldea ondo ikusi dut eta, batez ere, hobetzeko gogoekin eta hobetzeko egin behar duguna egiteko pausuak emateko gogoekin.

Eta etxekoen protagonismoarekin. Bartzelonaren kontrako partida amaitu zuen taldean zortzi gipuzkoar zeundeten.

Bai, baina uste dut lortu behar dena ez da noizbait edo batzuetan zortzi izatea, baizik eta zortzi horiek protagonismoa izatea, zortzi edo direnak, leku bat garrantzitsua izatea. Apostua egin, hemengo jendeak ere baduelako kalitatea eta grina hor egoteko eta, izan ere, ikusten ari gara, harrobian konfiantza jarrita, gauzak iristen direla.

«Nik uste dut partida gutxietan egoten dela faboritoa, are gutxiago derbi batean. Ez dago. Eta azkenean irabazten duenak ere ez dut uste erraz lortuko duenik»

Igande honetan derbia. Partida berezia? Hiru puntu lortzeko aukera ona? Gauza biak?

Beti esaten da derbia, derbia dela eta badauka puntu hori. Baina nire ustetan zentratu behar gara gauzak ahalik eta ondoen egiten eta hiru puntuak ateratzen. Gero derbia beti izango da derbia eta Lezama beteta egongo da eta jendeak bultzatuko du, lagunak alde bietan... Baina fokoa guregan jarri behar dugu, gauzak ahalik eta ondoen egiten, gainontzeko partidetan bezala.

Zer partida mota espero duzu? Athletic estiloa aldatzen ari da aurten.

Bai, gure estilora, joko konbinatibo horretara hurbiltzen ari dira eta partida polita izango delakoan nago. Baina batez ere partida gogorra eta lehiatua izango da, non inork ez duen ezer oparituko.

Azken urte hauetan aurreko estatistika potoloei buelta ematen ari zarete. Faboritoa al da Reala?

Nik uste dut partida gutxietan egoten dela faboritoa, are gutxiago derbi batean. Ez dago. Eta azkenean irabazten duenak ere ez dut uste erraz lortuko duenik.