Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / Redactor de la sección de Opinión

Judutar ezkertiarren ahotsak

Judutar antisionista bat palestinarren kontrako genozidioa salatzen duen afixa batekin, Parisen.
Judutar antisionista bat palestinarren kontrako genozidioa salatzen duen afixa batekin, Parisen. (Dimitar DILKOFF | AFP)

Badira judutarrak munduan, baita Israelen bertan ere, palestinar herriaren eskubideen alde lanean dabiltzanak eta Israelgo Gobernuaren politikak eta Armadaren jarduna salatzen dutenak. Orain agian ikusgarriagoak dira baina beti egon dira hor. Gobernu sionistak judutarren izenean Gazan sarraski, txikizio eta garbiketa etnikoa egiten ari den honetan, haien ahotsak entzutea merezi du.

Israeletik at, judutar komunitateak sarraski sionistaren kontra mobilizatzen ari dira. Aipagarriak dira judutar antisionistak biltzen dituen If Not Now eta Jewish Voice for Peace erakundeak AEBetan garatzen ari diren mobilizazioak Gazaren kontrako genozidioa salatuz, bahituan askatzearen alde eta apartheida amaitzearen alde. Duela egun batzuk ehunka Etxe Zuriaren inguruan bildu ziren eta herenegun Kongresu barruan eserialdia egin zuten.

 

 

Mobilizazio hauetan Naomi Kleinek aktiboki parte hartu du. Klein "The shock doctrine" liburuaren idazlea eta nazioarteko BDS kanpainaren babesle ezagunenetako bat da. Urriaren 11n, bonbardaketa artean eta Israelgo Gobernuak Gazaren kontrako lur operazio militar handi bat iragartzen ari zen unean, "The Guardian" egunkarian ezkerretik kritika gogorrak ekarri zizkion artikulua argitaratu zuen. Saminetik, urriaren 7an palestinar erresistentziako taldeek burutu zuten erasoak bere inguru pertsonala ere kolpatu duelako, ezkerraren sektore batzuk kritikatu zituen erresistentziak egindako sarraskiak minimizatzeagatik.

Norman Finkelstein politologo estatubatuarrak mezu oso ezberdina helarazi du. Youtuben ikusgai dagoen "The Jimmy Dore Show" saioan zera erantzun zion elkarrizketatzaileari: «Benetan harritzen zaitu zerbait desesperatua egin izana kontzentrazio gune horretatik askatzeko? Nor ausartzen da erabili zituzten taktikak kritikatzera? Ez ditut babesten baina ez ditut gaitzesten. Ez dakidalako zer egingo nukeen kontzentrazio esparru batean jaio izan banintz eta bertan 20 urte eman izan banitu».

Amira Hass kazetariak, Holokaustoan bizirautea lortu zuten bi pertsonen alaba eta Gazan eta Zisjordanian 30 urtez lanean aritu dena, Washingtonen egindako protestetan parte hartu zuen eta «berehalako suetena» aldarrikatu eta okupazio, apartheid eta garbiketa etniko politikak gogor salatu zituen.

Israelgo ezkerraren eta giza eskubideen aldeko ekintzaile eta erakundeen egoera ez da xamurra. Haien jarduna nahikoa zaila zen oso faxistizatuta eta militarizatuta dagoen jendartean, eta urriaren 7ko erasoak giroa jasanezin bilakatu du. Izan ere, Egun Israelgo Estatuak okupatzen duen lurraldean 8 milioi pertsona bizi dira eta judutarrak %80a dira, 6,3 milioi. Palestinar erresistentziaren ofentsibak, egun gutxitan, zibil (edo erreserbista, nahi bezala) eta soldaduen artean 1.500 israeldar hil eta 200 inguru bahitu izana (artean, umeak), kolpe emozional ikaragarria izan da Israelgo judutarrentzat. «Israelgo Irailaren 11» deitu diote batzuek; kuantitatiboki eta kualitatiboki, I11 baino kolpe dexente latzagoa izan da. Mendeku pultsioa oso handia da eta Gaza zigortzearen inguruan adostasun zabala dago israeldar judutarren artean.

Esan bezala, urriaren 7ko erasoak judutar guztiak gogor kolpatu ditu eta Israelgo ezkerra eta giza eskubideen aldeko militanteak ez dira salbuespen bat. giza eskubideen alde lan egiten duten 30 elkarte israeldarrek, haien artean B'Tselem bera edo Breaking the Silence, ezagunenak aipatzearren, adierazpen gogorra argitaratu zuten. Hamasek zibilen kontra burututako ekintzak salatu zituzten, adieraziz denek dituztela senideak, lagunak edota lankideak zuzenean kaltetuak izan direnak eta denek ezagutzen dutela hildako, zauritutako edo bahitutako norbait. Aipatzen zuten ere erakunde horietako gehienek haien kideen artean palestinarrak dituztela, baita urriaren 7an Gazan zeudenak ere. Ihes egin edo ezkutatzeko aukerarik ez duten zibilen kontrako Israelgo armadaren eraso indiskriminatuak salatu zituzten eta, Bidenen bisitaren harira, beste adierazpen bat argitaratu zuten eskatuz bahituak askatzeko eta alde bateko zein besteko zibilen kontrako bonbardaketak amaitzeko ahal duena egin dezan. «Gazan, populazio zibila borroketatik babestua izan behar da eta giza asistentzia; osasun instalazioak eta babestokiak ez dira kaltetu behar; eta ura, argindarra eta erregaia bezalako oinarrizko baliabideak bueltatu behar zaizkie».

 

 

Honekin batera, B’Tselemek, egun gutxitan, bere bi kide palestinarrekin elkartasuna eta xamurtasuna adierazi du. Batak 15 senide galdu ditu bonbardaketa batean. Besteak, 26.

Kolonoak Zisjordanian palestinarren kontra egiten ari diren pogromoek erakusten duten bezala, giroa itogarria da eta, beste maila batean bada ere, israeldar ezkertiarrei ere eragiten die. Israel Frey kazetariak Gazako populazioarekin elkartasuna adierazi zuen aurreko astean. Gutxira, sionista talde handi batek bere etxeari eraso egin zion.

 

 

Baina, giro jasanezinaren gainetik, judutar batzuk Gobernuari aurre egiten ari dira. Ziv Stal, okupazio israeldarraren menpe bizi diren palestinarren eskubideen aldeko Yesh Din erakundeko zuzendaria, Kfar Azza kibutzean jaio eta hazi zen eta urriaren 7an, kibbutzak palestinar erresistentziaren erasoa bete-betean jasan zuenean, bertan zegoen bere familia bisitatzen. Bizitakoaren traumatik, Haaretzen artikulu bat idatzi zuen Gazaren bonbardaketa indiskriminatuen kontra eginez.

Magen Inon idazlea Gaza ondoan dagoen herri batean hazi zen. Gurasoak urriaren 7ko erasoan galdu ondoren, bakearen alde eta gerraren kontra Gazako sarraskiaren kontrako artikulua argitaratu zuen atzo "The Guardian"-en. Mairav Zonszeinek, Crisis Group-eko analista eta antisionista porrokatua, bizitako traumatik urriaren 7ko erasoa eta Gazaren kontrako operazio militarra salatu eskatu du eta suetenaren alde egin du. Bere aldetik, BDS mugimenduak Israelen duen taldeak, Boyccot from Within-ek, mugimenduaren suetenerako eta boikoterako deialdiak babestu ditu.

Ahots hauek eta beste asko, haien aniztasunean, sarraskia eta garbiketa etnikoa gelditzeko funtsezkoak dira. Ahots partikularki autorizatuak dira, esan bezala, Israelgo Armada Gazako sarraskia haien herriaren izenean egiten ari baita.