NAIZ

Hirugarren hiruhilekoak langabeen gorakada ekarri du Hego Euskal Herrian: 15.600 gehiago

Urteko hirugarren hiruhilekoak langabeziaren gorakada ekarri du Hego Euskal Herrian: Guztira 119.000 langabe zenbatu ditu Populazio Aktiboaren Inkestak, aurreko hiruhilekoan baino 15.600 gehiago. Herrialde guztietan egin du gora.

Lanbideren bulego bat, Gasteizen.
Lanbideren bulego bat, Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Urteko bigarren hiruhilekoak langabeziaren beherakada ekarri bazuen, hirugarrenan bilakaera bestelakoa izan da eta nabarmen egin du gora Hego Euskal Herrian, INE estatistika institutu espainiarraren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuek erakutsi dutenez.

Horren arabera, 2023ko hirugarren hiruhilekoaren bukaeran 119.000 pertsona zeuden lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 15.600 gehiago (+%15). Langabezia tasa ia %8,6koa da.

Lau herrialdeetan hazi da langabezia, baina Gipuzkoan izan da gorakadarik handiena, 8.000 langabe gehiago baitaude orain, guztira 29.400. Langabezia tasa bi puntu baino gehiago igo da, %8,67 arte.

Araban 14.800 langabe daude, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta 4.000 gehiago. Langabezia tasa %9,15ekoa da, ia hiru puntu handiagoa.

Nafarroak du langabezia tasarik handiena Hego Euskal Herrian, %9,29koa hain zuzen ere, baina proportzioan ez da hainbeste hazi, puntu erdi. Guztira 30.600 langabe daude, aurreko hiruhilekoan baino 2.100 gehiago.

Bizkaian, azkenik, langabeziaren igoera apalagoa izan da beste herrialdeekin alderatuta. 1.500 langabe gehiago daude, 44.300 guztira, eta langabezia tasa %7,87koa da.

Iazko epe berarekin alderatuta, langabeziak ere gora egin du Hego Euskal Herrian, 3.400 langabe gehiago daude, INEren datuek diotenez. 1.700 gehiago dira Nafarroan, eta beste hainbeste gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Okupatuak

Okupazioari dagokionez, hirugarren hiruhilekoaren bukaeran 1.273.900 pertsona zeuden okupatuta Hego Euskal Herrian, bigarrenean baino 100 gehiago, Populazio Aktiboaren Inkestaren arabera. Azken urteetako kopururik altuena da.

Nafarroan 299.000 pertsona okupatu dira, 2.800 gehiago, eta okupazio tasa %59,51ekoa da, aurreko hiruhilekoan baino zertxobait handiagoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, 974.900ekoa da okupatu kopurua eta aktibitate tasa %57,25ekoa, hemen ere pixka bat handiagoa.

Gizonak eta emakumeak

Sexuei dagokienez, Populazio Aktiboaren Inkestaren arabera Hego Euskal Herrian 668.000 gizonezko zeuden okupatuta hirugarren hiruhilekoaren bukaeran eta 54.700 lanik gabe. Aktibitate tasa %63,83koa zen Nafarroan, %65,81ekoa Araban, %63,46koa Bizkaian eta baxuena Gipuzkoan, %56,40koa. Langabezia tasa, berriz, %9,02koa zen Nafarroan, %8,04koa Araban, %7,16koa Bizkaian eta %6,52koa Gipuzkoan.

Emakumezkoei dagokienez, 605.900 dira okupatutakoak eta 64.400 langabezian daudenak. Kolektibo horretan aktibitate tasa %55,31koa da Nafarroan, Araban %51,19koa, Bizkaian %52,46koa eta Gipuzkoan %55,6koa. Langabezia tasa, aldiz, %9,59koa Nafarroan, %10,5ekoa Araban, %10,67koa Gipuzkoan eta %8,67koa Bizkaian.

Kolektibo kalteberak, emakume eta gazteak

Datuokin, ELAk nabarmendu du pertsona okupatuen kopurua murriztu ez arren langabeziak nabarmen egin duela gora, batez ere emakume eta gazteen artean, eta, ondorioz «kolektibo kaltebera» horiek «are gehiago prekarizatzen dituela». Industriaren egoera aipatzea ere garrantzitsutzat jo du, «pertsona okupatu asko galdu baititu, eta horrek ondorio negatiboak izan ditzake gure lurraldeko egoera ekonomikoan datozen hilabeteetan».

LABek nabarmendu du emakumeen langabeziak egin duela gora gehien, %9,6ra arte arte, «aurreko hiruhilekoan baino 1,9 puntu gehiago». Sindikatu horren arabera, 55 urtetik gorako emakumeen langabezia tasa da gehien igo dena, eta emakumeen %23k behin-behineko kontratua duela eta %23 jardunaldi partzialean diharduela ere aipatu du.

Oro har, lan bila dabiltzan langileen kopuruak gora egin badu ere, lan bila dabiltzan emakumeen kopurua ere nabarmen hazi dela ohartarazi du LABek.

CCOOk, bere aldetik, EAEn urte arteko bilakaera «positiboa» izan dela adierazi du, batik bat industria arloan, ez ordea hirugarren hiruhilekoarena, aurrekoarekin alderatuta «askoz okerragoa» izan delako.

Sindikatu horren arabera, «iturri guztiek» bat egiten duten elementu bat dago, eta «behin-behinekotasunak murrizten jarraitzen du». «Estatistikako Institutu Nazionalaren zifrek okupazio galera erakusten badute ere, kontratu mugagabea duten soldatapekoen kopuruak gora egiten jarraitu du, eta aldi baterako kontratua dutenen kopuruak behera egin du», nabarmendu du. Lan erreformak «emaitza onak ematen jarraitzen du» bere ustez.