NAIZ

Kakuetako Arroila igarotzeko bide berria goitik egiteko proiektua, aztergai

2020ean luizi baten ondorioz ibiltari bat hil zenetik itxita dago Kakuetako Arroila. Eremu naturala bisitariei berriz zabaltzeko xedez alturan xendra bat egiteko aukera aztergai dago. Estatuak, Eskualdeak eta Departamenduak izenpetu berri duten Mendi Planak jaso du proiektua.

Beheko bidea bazterturik, altueran xendra berria eraikitzeko asmoa jasotzen du proiektu berriak.
Beheko bidea bazterturik, altueran xendra berria eraikitzeko asmoa jasotzen du proiektu berriak. (Naiz)

Frantses Estatuaren, Akitania Berria Eskualdearen eta Pirinio Atlantikoen Departamenduaren ordezkariek izenpetu zuten, urriaren 25an, 2023-2027 artean indarrean izanen den Mendi Plana.

2016 eta 2022 artean ehun bat milioi inbertitu zituzten aipaturiko erakundeek elkarlanean garatzen duten plan horren baitan, orotara 150 bat egitasmo sustatuz.

Santa Graziko Herriko Etxean eginiko ekitaldian, hala nola, mendiko artzaintza babesteko eta belaunaldi gazteak mendi bailaretan gelditzeko egitasmoak garatzen jarraitzeko anbizioa erakutsi zuten sinatzaileek.

Era berean, ekitaldian Kakuetako Arroilaren geroa aipatzeko parada ukan zuten.

Oroitzearren, 2020ko uztailaren 31z geroztik bisitarientzat hetsia da Zuberoako naturgune hori. Hain zuen, luizi baten ondorioz emazte bat hil zenetik arroilara sartzeko bidea ezin da baliatu.

Arroilean zebiltzala eroritako harriek 31 urteko emazte bat kolpatu zuten eta beste hiru lagun zauritu ziren. Kakuetako Arroila itxi egin zuten istripua gertatu ondoren.

Ezbeharra gertatu ondotik, mendiko lurren zaintzaz arduratzen diren zerbitzuek lehen ikerketa bat burutu zuten eta horrek agerian utzi zuen zenbait lekutan hauskortasunak zeudela harrian.

Lehen ikerketa egin ondotik, adituek iradoki zuten bigarren bat egitea beharrezkoa zela naturgunearen segurtasuna osotasunean ikertzeko.

Azterketa horiek egin artean Kakuetako arroilen gunea hetsia mantentzeko deliberoa berretsi zuen Santa Graziko Herriko Etxeak 2021ean.

«Santa Graziko udalerriak erabaki du Kakuetako arroilen gunea hetsirik mantentzea 2022ko denboraldirako». Herri zuberotarrak 2022ko martxoaren 9an jakinarazi zuen, aurreko urtean bezala, iaz ere turismo gunea ez zuela berriz irekiko.

Mezu bera baliatuz jakinazi zuen Udalak aurtengo udan ere Zuberoako naturgune bisitatuena hetsirik atxikitzeko deliberoa.

Noiz zabalduko dute Kakueta?

«Egiazko gpgoetaren hastapenean gara, deus ez da erabakia, baina litekeena da laster egitasmo berri bat plantan ematea», jakitera eman zuen Mendi Plana aurkezteko ekitaldiaren osteko prentsaurrekoan Maryse Othart Santa Graziko auzapezak.

Auzapezak baieztatu zuenez, beheko xendra segurua bilakatzeko lanak egitea baztertu dute. «Ezin da naturgune bat desitxuratu zentzugabekeriak sustatuz», gaineratu zuen.

Mendi Planaren ardura duen Jean-Pierre Mirande departamendu kontseilariak gaineratu zuenez, «benetako aukerarik ez dago, gainera, bide horren segurtasuna guztiz bermatzeko».

Behatoki bi, baita zubi txiki bat ere

Asmoa litzateke, beraz, arroiletik igarotzeko bidexka berria egitea.

Maryse Othart aurreratu zuenez, «sarbidea goitik egitea da proposatzen dena, bidexka berri baten bidez, nolabait esateko kirolzaleen gustokoa izanen den altueran joango den bidea, nahiz eta publiko ororentzat igarobide segur bat eskaintzeko asmoa dugun».

Ibilbide berrian behatoki bi eta zubi txiki bat izango litzatekeela zehaztu zuen hautetsiak.

Egitasmoaren buxeta 13 milio ingurukoa litzateke. Edonola ere, Kakuetako Arroilaren irekiera «berme guztiekin» gauzatzeak «denbora eskatuko duela» ohartarazi zuen Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoen Departamenduaren Kontseiluaren presidenteak.

Proiektua bultzatzeko ardura duten erakundeek kudeatzen dituzten aurreikuspenen arabera, Kakuetako bide berria Mendi Planaren amaiera aldera, hau da 2027an, egia bilakatu daiteke.

Kakueta, Pirinioetako Amazonia

Kakuetako eta Ehujarreko arroilak euskal Pirinioetan ezkutatutako mirari naturaletako bi direla oroitarazten du NAIZek plazaraturiko Euskal Herriko Gidak Zuberoako ondare natural horri eskainitako atalean.

Zehazki, lehenak turismorako egokituta daudela, «baina bere erakargarritasun basatiari uko egin gabe», eta Ehujarreko arroila ezagutzeko aldiz, mendizale edo abenturazale arima eta oinak behar direla nabarmentzen da aipaturiko gidan.

Kakuetako Arroila itxita bada ere, eremu horretaz zein inguruko naturgunearen edertasunaz gozatzeko aukera guztiz ez galtzeko xedez, aurtengo udaren atarian bere webgunean bideo bat ezarri zuen Santa Graziko Herriko Etxeak.