Alaia Sierra

Burujabetza ekonomikoaren beharra Euskal Herriko hazkunde demografikoaren aurrean

Igor Etxabe demografian aditua populazioaren aldaketak ekonomian duen eraginaz aritu da Ekonomilari Euskaldunen III. Biltzarrean. Euskal Herriaren bilakaera historikoaren azterketa egin ostean, irakaspenak eta etorkizunari begira dauden aukerei buruz hausnartu du.

Demografiak ekonomian duen eraginaz aritu da Igor Etxabe Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarrean.
Demografiak ekonomian duen eraginaz aritu da Igor Etxabe Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gaur egun 3,2 milioi biztanle pasatxo gara Euskal Herrian eta, hazteko joerak jarraituko balu, laster 5 milioi izango ginateke. Naturaren baliabideak, baina, direnak dira eta ezin dira handitu. Beraz, ba al gaude burujabetza ekonomikorantz begira jartzeko unean?

Gogoeta hori mahaigaineratu du ostiral honetan Igor Etxabe EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleak Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarrean, Gasteizen. 

‘Euskal Herriko bilakaera demografikoaren epe luzeko azterketa: irakaspenak eta etorkizunari buruzko azterketa’ izenburupeko hitzaldia eskaini die ekonomialariei, egindako ikerketa lana aurkeztuz. Uneoro, demografiak ekonomian duen «izugarrizko ekarpena» nabarmendu du giza multzoak aztertzen dituen zientzian aditua den irakasleak.

1880tik

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako datu demografikoak bildu ditu Etxabek, bilakaera historikoa aztertzeko. 1880. urtetik udalerriz udalerriko informazioa lortu du, banaketa administratiboak iturri askotan arakatzera eraman badu ere.

Bilakaera historikoaz nabarmendu du joan den mendean bereziki Bizkaiak eta Gipuzkoak izandako hazkundea, gaur egun Lapurdin, Araban eta Nafarroan ikus daitekeena. Aldaketa hau «deigarritzat» jo du Etxabek.

Gaurko egoerari erreparatuz, batetik, hiriguneetan –batik bat Bilbo Handian eta Gasteizen– hazi den dentsitatea, Baiona-Angelu-Biarritzen, esate baterako, bestelakoa dena, eta, bestetik, Hego Euskal Herrian elkarbizitza unitate bakoitzeko jende kopuruaren murrizketa aipatu ditu.

Errekurtso mugatuak

Informazio hau izanda, etorkizunari begira jarri da Igor Etxabe. Populazioaren hazkundea konstantea baliz, gaur egungo 3 milioi biztanletik 5 milioi lagunera heldu gintezkeela ohartarazi du. Horrek naturaren baliabideak finitoak diren egitatearekin talka egiten du: «Ezin dugu hazkunde demografiko betiereko batekin jarraitu, baliabide naturalak ez ditugulako esponentzialki hazi», azaldu du.

Burujabetza iradoki du hizlariak. «Oso ariketa ona iruditzen zait Euskal Herria irla bat balitz bezala imajinatzea», esan du, bizitza on bat izateko moduan baliabideak antolatzeko modu bat bilatzeko abiapuntu gisa.

Horretaz gain, populazioari buruzko «neurri batzuk» hartzearen alde agertu da, jaiotzei, heriotzei eta migrazioei dagokienean. Jaiotzen inguruan, gaur egun «ugari» diren «pronatalisten» diskurtsoa aipatu du, eta gurasotasuna aukera ala eskubidea ote den pentsatzeko beharraz aritu da.

Heriotzaren kasuan, zahartzea «egitate bat» dela baieztatu du, eta adineko pertsonak «deabrutu» gabe, egiten duten ekarpena aitortzen baitu, zahartzerakoan bizitza «duina eta kalitatezkoa» izatearen alde agertu da.

Migrazioei heltzeko beharraz ere solastu da. Euskal Herrira etortzeko edo alde egiteko arrazoi ekonomikoei, toki bakoitzak eskaintzen dituen lan baldintzei eta «izan ditugun eta gaur ere ditugun praktika inperialistei» erreparatzeko beharra nabarmendu du. Ikuspegi inperialistaren harira, «turismoa arautzen hasteko garaia heldu zaigula» irmoki adierazi du.

Ondorioak

Beraz, zer egin daiteke? Igor Etxabek ondorioztatu duenez, populazioaren eta baliabide naturalen arteko oreka eraginkortasunez kudeatu behar da. Azaldu duenez, «emaitza berdinak bitarteko gutxiagorekin» lortzeko moduak bilatu behar dira, «ahal dela Euskal Herriko baliabideekin».

Honekin batera, «kontsumo basatitik ihes egitea» premiazkotzat jo du, baita «demografiari lotutako mitoak haustea» ere, demografiak eta ekonomiak duten harreman estua azpimarratuz.