NAIZ

Irun eta Hendaia arteko bizikleta eta oinezkoentzako ibilbide berriaren lanak, abian

Irun eta Hendaia lotuko dituen Pierre Loti bizikleta eta oinezkoentzako ibilbide berriaren lanak hasi dituzte. 1,2 kilometroko luzera izango du eta nazioarteko zubiaren azpitik pasako da. Lanek 3,4 milioi euroko aurrekontua dute eta 9 hilabete iraungo dute.

OInezkoentzako eta bizikletentzako bide berria horrelakoa izango da.
OInezkoentzako eta bizikletentzako bide berria horrelakoa izango da. (IREKIA)

Pierre Loti ibilbidetik eta nazioarteko zubien azpitik igarotzen den bizikleta eta oinezkoen ibilbidea egiteko lanen hasiera iragarri du ostiral honetan Lakuako Gobernuak. Amuteko biribilgunetik hasi eta Iparralde Hiribideraino luzatuta, Hondarribia, Irun eta Hendaia arteko konexioa ahalbidetuko du bide berriak.

Ibilbideak 1,2 kilometro izango ditu eta Plaiaundi kaletik Iparralde Hiribideraino luzatuko da, nazioarteko zubiaren azpitik pasata. Oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekua izango da, 3,5 metroko batez besteko zabalerarekin eta ia maldarik gabe. Zubiak zeharkatzeko %6 eta %3 arteko malda leunak dituen pantalan bat eraikiko da, dagoen urbanizazio kotarekin lotu arte.

Obren aurrekontua 3,4 milioi eurokoa da eta 9 hilabete iraungo dute gutxi gorabehera, Aitor Aldasoro Lakuako Gobernuko Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuordeak eta Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak azaldu dutenez.

Lanak 2 lotetan esleitu dira. Alde batetik, ibilbideari dagokion obra Astilleros Amilibia Untziolak enpresak egingo du, 3.140.586 euroan (BEZa barne), eta, bestetik, aparkalekuari dagokion obra Sasoi Eraikuntzak enpresak egingo du, 306.296 euroan (BEZa barne).

Pierre Lotiti ibilbidetik Adif-en trenbide plataformaren sarbideraino doan ibilbidearen zatian egin beharreko obrak gutxienekoak izango dira, lehendik dagoen bide asfaltatua aprobetxatuko baita. Zabalera handituko da dauden bermak erabiliz eta hesi berri bat egingo da.

Bigarren fasean, trenbide plataformaren sarbidetik Iparralde Hiribideraino doan tartean, badiaren ibaiertzetik oinezkoen eta bizikleten ibilbidea egingo da, hura inguratuz, Santiago zubitik ibaian gora dagoen bidegorriarekin lotu arte. Zubiak zeharkatu ahal izateko, zurezko pantalan bat egingo da, ibai hondoari lotutako mikropiloteetan bermatuta.

Ibilbide berriaz gain, aparkaleku berri bat egitea aurreikusten da, parke ekologikoaren erabiltzaileen eta Plaiaundiko Institutuaren beharrak asetzeko. Gaur egun, Ekoetxearen aurrean, zelaigune bat dago eta bertan udal instalazio zahar batzuk zeuden, behin-behineko aparkaleku gisa erabiltzen direnak. Zona hori berrantolatu egingo da 6 metroko zabalerako bide bat eginez, ezkerreko aldean bateria moduan kokaturiko 32 aparkalekurekin, horietako bat elbarrientzako bideratua.

Eskuinaldean, Pierri Loti kaletik hurbilen dagoen aldean, motorrentzako zortzi aparkaleku eta autobusentzako lineako hiru aparkaleku aurreikusi dira. Atzealdean, biratzeko eta Ekoetxeko aparkalekuarekin lotzeko biribilgune bat burutuko da. Aparkalekuak lorategi bat izango du, perimetroa inguratzen duten espaloiekin. Bizikletentzako aparkaleku gune bat ere jarriko da GI-636 errepidetik aparkalekuetarako sarbidearen ondoan. 

Lakuaren arabera, proiektu hau Txingudi-Bidasaoa Kontserbazio Bereziko Eremuaren mugetatik kanpo garatzen da, baina haren babes eremu periferikoaren barruan. Ez da aurreikusten eremu hori izendatzea eragin zuten espezieen eta habitaten gainean inolako eraginik.

Aldasoro sailburuordeak nabarmendu duenez, ibilbide berri honekin «Hondarribia, Irun eta Hendaiako konektibitatearen hobekuntza nabarmenaz gain, estuarioko naturguneak alde batera utzi gabe konpontzen dira loturak, Amuteko zubitik, Plaiaundi inguratuz, paisaia bikain baten pertzepzioa indartzen da eta, gainera, anbizio handiko ingurumena lehengoratzeko proiektu bat da».